Helmuga turistiko jasangarri gisa aurkeztu dute Tolosaldea FITUR-en

Ataria 2018ko urtarrilaren 19a

Argazkia: Tolosako Udala

FITUR Turismoko Nazioarteko Azoka ospatzen ari dira egunotan Madrilgo IFEMA feria-gunean. Tolosaldeak ere badu bere txokoa The Basque Route izeneko stand-aren barruan.

Tolosaldea helmuga turistiko jasangarri gisa garatzen jarraitzeko helburuarekin bidaiatu du eskualdeko ordezkaritzak Madrilera. Hain zuzen, azken urtean %6 igo da bisitari kopurua gurean, eta datu horiek mantentzeko helburuz hainbat eskaintza plazaratuko dituzte azokan.

Natura, gastronomia eta kultura uztartzen dituen eskaintza da Tolosaldearena. Hortik abiatuta, Goierri-Tolosaldea gida orokorra edo Tolosaldea Gourmet, eskualdeko eskaintza gastronomikoaren gida eskainiko dituzte FITUR-en. Tolosako Udalak ere, Tolosa ezagutu spotaren aurkezpena egin zuen atzo iluntzean, besteak beste, Xabi Alonso futbolari ohiaren edota Casa Julian erretegiaren laguntzarekin.

Topic Museoaren informazioa ere eskura izango dute bisitariek. Hain zuzen, museoak Altzoko Handiaren txotxongiloak egiteko tailerrak eskainiko ditu azokan: larunbatean, 12:30ean, 14:00etan eta 16:00etan; eta igandean, berriz, 12:00etan eta 13:30ean. Lotura honen bitartez, Altzo, Altzoko Handia, Topic eta eskualdea sustatu nahi dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!