Tolosa bizitzeko moduak minutu eta erdian bildu ditu, turismo spot berriak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urt. 17a, 15:53

Tolosako Udalak Fitur azokan plazaratuko du, bihar, ikus-entzunezkoa; 2018. urteak hotel berria, turismo bulego berria eta Tolosako turismo webgunea izango ditu nobedade.

Minutu eta erdi nahikoa dira, mugetatik harago norbere nortasuna erakusteko. Hala uste du Tolosako Udalak, eta hala gorpuztu dute, herriko promozio-spot berria. Ongi etorri Tolosara izenburupean, Madrilgo (Espainia) Fitur Nazioarteko Turismo Azokan plazaratuko dute, bihar, eta nortasuna eta esperientziak helarazi nahi izan dituzte, pantailaz bestalde.

"Spota turistaren begietatik ikusi behar da", Nerea Letamendia turismo eta azoka zinegotziak azaldu duenez. Horrela, ezer baino lehen, spotak geografikoki kokatuko ditu ikusleak, Donostiako badia nahiz Bilboko Guggenheim museoa erakutsiz. Hori izan baita, hain justu, Dosges eta Mito komunikazio enpresen nahia: "Ez daukagu, baina badaukagu; ez gara, baina bagara; herri txikia gara, baina gauza handiak ditugu".

Joan den udaberrian ekin zioten materiala biltzeari eta kirolak, gastronomiak, kulturak, arteak, festek, historiak, inguru naturalak nahiz merkataritzak tartetxoa dute lanean. Finean, ikusleek Tolosarekin "lotura emozionala" sentitzea eragin nahi izan dute, eta esperientzia tolosarrenetara zuzen-zuzenean jo dute horretarako: "Batzuk ezin dira azaldu, bizi egin behar dira" dio spoteko ahotsak, eta horretara gonbidatzen ditu ikusleak.

Nerea Letamendiak spotaren "ausardia" nabarmendu nahi izan du aurkezpenean, irudien "abiadura" eta testuaren "originaltasuna" azpimarratuz: "Oso zaila da hain tarte laburrean Tolosa erakustea, eta modu ezohikoan egin dute spota". Aipatzekoa da, musika spotaren neurrira sortu dutela Dani Bene irundarrak.

Turismoa uhinetan hobetzera

2017ko Hiri Ekonomia Plan Estrategikoaren ardatzetatik sortu da Tolosa promozionatzeko spota, eta plan horretako bi helburuei heldu die minutu eta erdiko ikus-entzunezkoak ere: merkataritza hiriburua islatzeari, eta helburu turistikoa erakusteari.

Bide horretan, eskaintza turistikoa hobetze jarraitzeko "pauso garrantzitsutzat" jo du spota Letamendiak, "gaur egun turistek internetera jotzen baitute hasieratik". Horrela, 2018. urtean, besteak beste, turismoaren inguruko euskarri digitalak hobetuko ditu Tolosako Udalak: "Iazko Fitur azokan bidai koadernoa aurkeztu genuen, eta herriko mapak nahiz kaleko seinaleak ere berritu hobetu ditugu. Aurten, azpiegituretara eta euskarri digitaletara begira jarriko gara", azaldu du.

Iaz bisitari kopuruak %6ko igoera izan baldin bazuen, marka horri eutsi eta hobetzea izango da, beraz, Tolosako turismo-adarraren helburua, eta hiru adar nagusi baliatuko dituzte horretarako: Euskal Herria plazan udaberrian zabalduko duten hotela, turismo bulego berria eta Tolosako turismo webgune berria, spotaren ongietorriarekin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!