10.725 euro, ekintzailetza sustatzeko

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 16a, 15:53

Lanbidek, laugarrenez, zortzi beka jarriko ditu eskualdeko ekintzaileen eskura, Tolosaldea Garatzenekin batera

Euskal Enplegu Zerbitzuak zortzi diru laguntza banatuko ditu Tolosaldeko ekintzaileen artean, laugarren urtez. Enpresa ideia berriak sarituko dituzte, eta baita enpresa jarduera bat martxan jartzeko egitasmoak ere. Adinari dagokionez, berriz, 30 urteak izango dira langa; beka zenbait adin horretatik beherako herritarrei bideratuko dizkiete, eta beste batzuk 30 urtetik gorakoei. Diru laguntza deialdian izena emateko epea datorren urtarrilaren 24an amaituko da, eta Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza sailarekin jarri beharko dute harremanetan, 943 65 45 01 telefono zenbakian, zubeldia@tolosaldea.eus helbidean eta Lehiberri zentroan bertan.

Enpresa ideiak garatzeko beketan, lau eskainiko dituzte 30 urtez azpikoentzat, eta beste bi 30 urtez gorakoentzat. Horrela, zenbait irizpide bete beharko dituzte beka jaso nahi dutenek: langabeak izan beharko dute, eta Lanbiden izena emandakoak beharko dute izan; Tolosaldea Garatzenen aholkularitza jasotzea ere ezinbestekoa izango da,eta eskatzaileek ezingo dute helburu bereko beste diru laguntzarik jaso; gainera, ekonomia jardueren gaineko zergan nahiz autonomoen araubidean aurrez izena emana dutenek ezingo dute beka jaso, eta bekadunak behartuta egongo dira, gutxienez hiru hilabetez, jardun horretan esklusiboki aritzera.

Bide beretik, enpresa jarduera bat martxan jarri nahi duten ekintzaileentzat bi beka osatu dituzte Lanbidek eta Tolosaldea Garatzenek, eta hauentzat ezinbestekoa izango da bideragarritasun plana aurrez eginda izatea.

Diru laguntzen zenbatekoak ere zehaztu dituzte bi erakundeek. Enpresa ideia berriak garatzeko, 30 urtez azpiko emakume bekaunak 1.300 euro jasoko ditu, eta gizonak 1.150 euro. 30 urtetik gorako emakumearen diru laguntza 1.150 eurokoa izango da, eta gizonarentza 1.000 eurokoa.

Azkenik, enpresa jarduera berriak garatzeko 1.950 euro eta 1.725 euro banatuko dizkiete, emakume eta gizonari, hurrenez hurren; 30 urtez azpikoei bakarrik emango diote beka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!