Tolosaldea Bus Greba

Enpresaren erantzunik ezean, mobilizazioak gogortuko dituzte Tolosaldea Buseko langileek

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urtarrilaren 9a

Atzo ekin zioten hiru eguneko grebari, eta "oso gustura" azaldu dira jarraipenarekin: lau langile izan ezik, gainerako guztiak batu dira lanuztera.

Abenduaren 16an irten ziren kalera, lehenengoz, Tolosaldea Bus enpresako langileak. 2014az geroztik soldata igoera negoziatu nahian ari direla-eta, elkarretaratzea egin zuten Tolosako San Frantzisko elizaren atarian eta, iragarri zuten, zuzendaritzaren erantzunik jasotzen ez bazuten, hiru eguneko greba iritsiko zela. Esan eta egin: Tolosaldea Bus enpresako ia langile guztiek bat egin dute grebarekin, lauk izan ezik. "Jarraipenarekin oso gustura gaude, espero genuena bete da".

Ana Alkorta ELAko ordezkariak azaldu duenez, azken egunotan enpresak ez du negoziatzeko "inolako asmorik" erakutsi: "Isiltasuna izan da beren erantzuna. Guk, nagusiarekin, gutxieneko zerbitzuek sortzen dituzten gorabeheren inguruan hitz egin dugu, batez ere. Baina hitzarmenari buruzko zerbait esaten baldin badugu, ez dute ezer jakin nahi".

Aipaturiko soldata igoeraz gain, lan baldintza "duinagoak" lortu nahi dituzte Tolosaldea Buseko langileek, besteak beste, egutegiari lotuta: "Gure helburua oso-oso garbia da: enpresa hitzarmen bat eta baldintza duinak nahi ditugu". Bide horretan, enpresa zuzendaritzaren jarrera aldatzen ez bada, borrokarekin jarraituko dutela argitu dute: "Enpresaren aldetik erreakziorik jasotzen ez badugu, guk ere gogortu egingo ditugu gure mobilizazioak".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!