Elkartasun uholdea elurtea baino handiagoa izan zenekoa

Mikel Iraola 2018ko urt. 8a, 17:20

Asteburuko elurteak irudi eta istorio asko utzi ditu han-hemenka. Entzutetsuena, ezbairik gabe, Altsasun gertatutakoa izan da. Etzegaraten, 1.400 lagun inguruk orduak egin zituzten mugitu ezinik, ez atzera, ez aurrera, eta izan zen eskualdekorik bertan. Tolosaldean ere auzolana izan da nagusi asteburuan.

Iñaki Azaldegi eta Ixa Lakuntza tolosarrek, esaterako, Altsasun igaro behar izan zuten gaua. "Jacatik bueltan ginen. Loitiko gainera –Iruñea baino lehen– iritsi arte ez genuen elur arrastorik ikusi", dio Azaldegik. Gero eta elur gehiago zegoen errepidean, baina bidaiatzeko moduan zegoenez, aurrera egitea erabaki zuten. Irurtzungo bidegurutzean, Lekunberri aldera hartu beharrean, Sakana aldera joateko agindu zieten foruzainek, AP-15 errepidea itxita baitzegoen.

Altsasuko tunelean, ordea, geldirik geratu ziren. Hortik aurrerakoa "zorte oneko karanbola" bat izan zela dio Azaldegik: "Gure aurrean foruzainak zeuden, eta bide bazterrean bidea zabaldu zuten palak erabiliz". Horri esker, atzera egin eta Altsasura iritsi ahal izan zuten.

19:30ak ziren, eta oraindik ez zuten gertatuko zenaren uste handiegirik. Badaezpada herriko hotel batera jo zuten. "Esan ziguten ez zutela lekurik, baina hizketan ari ginen unean bertan erreserba egina zuen pertsona batek deitu zuen hotelera, Somosierran harrapatuta zeudelako ezin iritsi zeudela esanez. Orduan, ostatu eman ziguten".

Nekatuta zeudenez, segituan oheratu ziren, eta hurrengo egunera arte ez zuten gertatutakoaren berri izan. "Bagenekien jende asko Altsasun bertan geratu zela; ez, ordea, horrenbesterakoa izango zenik. Ez genuen jakin kiroldegia, pilotalekua edo etxe partikularretako ateak zabaldu zituztenik", dio. "Bizipen kuriosoa" izan zela dio.

Laguntza emanez

Altsasuko herritarrak harrapatuta geratu zirenei laguntzen jardun zuten ordu luzez. Oier Maiz ikaztegietarra ere boluntario horien artean izan zen. “Berandu xamar konturatu ginen. Afal ostean kalera atera eta frantses eta suitzar ugari hasi zitzaizkigun hotelaz galdezka kalean. Laguntza eskaintzera joan ginen, kuadrillan bost bat 4x4 ibilgailu genituela eta jendea ekartzen lagundu genezakeela esanez, baina denbora luze batez itxaroteko esan ziguten".

Hainbeste jende zegoela ikusita, azkenean, kotxeetan joan-etorriak egiten ibili ziren, jendea Altsasura eramateko. "20 bat autobus zeuden, jendez gainezka. Gehienak portugaldarrak ziren. Batzuk bertan lo egitea erabaki zuten, baina beste asko herrira gerturatu genituen. Kuadrillako batek etxean ere hartu zuen ume txikiak zituen familia bat”. Herrian jendeari aparkatzen ere lagundu zieten. Altsasuarren "etenik gabeko kate-lana" izan zela nabarmentzen du ikaztegietarrak.

Eskualdean ere auzolana nagusi

Eskualdean ere izan zuen eragina elurrak. Larunbatean bertan bildu zituen TOLOSALDEKO ATARIA-k dozenaka gertakari: istripuak, errepide mozketak, argi mozketak... Urkizun eta Aldaban, esaterako, harrapatuta geratu ziren. Inguruko herrietan ere auzolanean jardun zuten herritar askok, errepideetako elurra eta eroritako zuhaitz eta adarrak kentzen, gehienak. Tolosa eta Leaburu arteko 7 bidetako batean ere zuhaitz ugari erori dira eta traba egiten duten bidean. Azpiko irudiok, esaterako, Altzokoak dira.

Ikaztegieta, Amezketa eta Alegian, berriz, argi mozketa luzea jasan behar izan zuten. "Gauerdia baino lehen joan zen argia, eta igandeko 16:30ean itzuli zen. Ordura arte kanping-gasekin, kandelekin eta frontalekin moldatu behar izan genuen" azaldu du Ikaztegietako bizilagun batek.

Tolosako Kiroldegiko Bide Goxo jatetxearen terrazako estalpea ere txikitu zuen elurrak. Pisu asko hartu eta jausi egin zen, argazkietan ikus daitekeen bezala.

Erlazionatuak

Elurrak gaindituta

Tolosaldeko Ataria 2018 urt 06 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!