Elurrak gaindituta

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 6a, 20:43

Urkizuko bidean auto bat maldatik behera erortzeko arriskuan; Berastegira joateko bi ordu geldirik; Abaltzisketatik Orendainera auzotarrak bidea garbitzen, zuhaitza erorita; A-15a itxita; argi indarra saltoka eta 112 zenbakia, egoeraren isla, gaindituta.

Elurra kentzeko kamioiak Gipuzkoako Foru Aldundiak koordinatzen ditu. Diputazioa, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren meteorologia zerbitzuaren (Euskalmet) abisuetan oinarritzen da. Urtarrilaren 5ean, atzo, ondorengo abisua zabaldu zuen Euskalmet-ek: "Alerta laranja elurragatik 700 metrotik gora (...). Elur-kota 600-700 metrotara egongo da; noizbehinka 500 metrora jaitsi daiteke".

Elurrak iragarpena gainditu du, ordea, eta elur-kota 200 metrotara jaitsi da.

Eguerdian hasi du elurra 400-500 metrotan, eta orduak aurrera egin ahala Tolosa inguruetaraino jaitsi da. Goialdeko herri eta auzoetan, bideak erabat janda geratu dira, eta aurreko elurteetan ez bezala, foru aldundiaren elurra kentzeko kamioiak ez dira agertu arratsaldean zehar, lekukoen esanetan. 

Lekukoak

Urkizuko auzotar batek arratsalde hasieran deitu du 112 zenbakira, bidea garbitzeko eskatuz. Honela kontatu dio Ataria-ri jazotakoa: "Baietz, bidaliko zutela esan dute, baina ez da iritsi. 19:00ak inguruan errepidean bi auto geratu dira ez gora eta ez behera. Bat, gainera, maldan behera erortzeko asko falta ez zuela. Seinalerik ere ez zegoen errepide hasieran. Herri gunean auzotarrak garbitzen dute bidea, baina behetik gorakoa foru aldundiaren eskumena da".

112 zenbakira deitu eta "linea guztiak okupatuta daude, laster hartuko zaitugu, eskerrik asko" entzuten zen, eta ondoren Vivaldiren Lau urtaroak. Eta laugarren deian hartu ondoren, Ertzaintzarengana bideratzen zuten elurteari lotutako deia. Hauek elur makinak ez dituztela mobilizatzen esaten dute, eta hori 112ak egiten duela. "Gipuzkoa osoa horrela dago, elur makina guztiak lanean dabiltza, patruilak zuhaitzak kentzen ari dira, ulertzen dugu, baina...".

Berastegira iristea ez da erraza izan arratsaldean. Alde batetik, A-15a itxi egin dute, eta Ibarratik gora auto-ilarak sortu dira. Berastegiar batek horrela kontatzen zuen: "Bi ordu egon gara geldirik. 18:00etan atera gara Villabonatik, eta 20:00ak pasata iritsi gara. Elduko paper fabrika inguru horretan zegoen okerrena. Gero herritarrek esan didatenez, elurra kentzeko makina bidean trabatuta geratu da, ez aurrera eta ez atzera, gatz zakuen pisuagatik edo. Herritarrak aritu dira laguntzen. Batzuk 4X4arekin ez dakit zenbat buelta egin dituzten".

Orendainerako bidea moztuta egon da, zuhaitz bat erori delako. Abaltzisketatik Orendainera joateko ere komeriak bizi izan dituzte: "baserritar bat dabil bidea palarekin garbitzen". Bidania-Goiatzen ere elurra kentzeko kamioiaren zain egon dira batzuk, eta 20:00ak aldera iritsi dela esan dute: "Urraki ere pasa gabe dago".

Iragarpen berria, 19:30ean

Euskalmet-ek 19:30ean ondorengo oharra sortu du: "Larunbata: Alerta Laranja elurragatik 700 metrotik gora 00:00etatik 24:00etara. Elur-kota 200-400 metro inguruan egongo da; gero igo eta azken orduetan 500-700 metrotara kokatuko da". "Igandea: Abisu horia elurragatik. Barnealdean 00:00etatik 09:00etara. Elur-kota 600-700 metro inguruan egongo da goizaldean; egunaren erdiko orduetan 1.000 metrotik gora kokatuko da, eta baliteke egunaren bukaeran 1.000 metro ingurura jaistea".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegiturak sailetik azaldu dutenez, datuak biltzen ari dira, eta ondoren zabalduko dute komunikabideetara egunak eman duena. 2017-2018ko Neguko Bidezaintza Plana azaroaren 15ean jarri zuen martxan foru aldundiak, eta apirilaren 15a bitarte egongo da indarrean. Bertan ondorengo datuak agertzen dira: "2,5 milioi euroko aurrekontuarekin, Neguko Bidezaintza Planak elurra kentzeko 80 kamioi, 12 ibilgailu arin eta 8.100 tona gatz izango ditu. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzak garabiak jarriko ditu N-1 eta A-15 errepideetan. Ahalmen handiko garabi horiek erabiliko dira ibilgailu astunen batek errepidea oztopatuz gero edo arazoren bat izanez gero. Giza baliabideei dagokienez, langile kopurua elur-kotaren araberakoa izango da. Elur-kota itsas mailara iristen bada, 180 pertsona inguru aktibatuko dira. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak gatza ontziz aldatzeko errendimendu handiko ekipo bat du. Ekipo horrek bikoiztu egiten du elurra kentzeko kamioien karga ahalmena eta, gainera, zisterna kamioiak kargatzeko aukera ere ematen du, ondoren Gipuzkoa osoan zabalduta dauden 38 biltegiak hornitzeko".

Argi indarra saltoka

Elurrak argi indarraren mozketak ekarri ditu. Tolosan saltoka ibili da arratsaldean, 15 minutuko etenaldietara iritsiz. Bidania-Goiatzen ere arazoak izan dituzte. Altzon, azken bi orduetan argi indarrik gabe zeuden. Ikaztegietan ordubete inguru ilunpean egon ondoren argiaren itzulera ospatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!