Estropadarik gabeko aurkezpena

Ataria 2018ko urtarrilaren 7a

Tolosaldea Arraun Klubak, goizean egin du taldearen aurkezpena, Tolosako Euskal Herria plazan; 2018an, Euskal Herriko ibai eta itsaso ezberdinetan arraunean ariko diren kirolariak bildu dira bertan.

Ondoren ospatzekoa zen estropada, bertan behera geratu da, ur korronteak handiegiak zirela eta. Hamaiketakoa, hala ere, egin dute. Segidan izan da, Zerkausiaren azpian, eskualdeko arraunlarien aldagelak dauden tokian.

Aurtengo denboraldian, infantiletatik hasi eta absolutuen kategoriaraino, 16 talde arituko dira onenekin lehian. Ia 100 neska-mutilek hartuko dute parte estropada ezberdinetan. Infantil nesketan, 2 talde izango dituzte; infantil mutiletan, berriz, 3; kadete kategoriako neskekin, 3 talde osatu dituzte; mutilekin, aldiz, 2; azkenik, jubenil nesketan eta mutiletan, 2 taldek hartuko dute parte, eta absolutuetan, nesken beste bi talde ere atera dituzte.

Guzti hau aurrera eramateko, ezinbestekoa izaten da prestatzaile eta entrenatzaileen lana, baina klubeko ordezkariek, beste norbanako batzuk eskertu nahi dituzte. Hain zuzen, eragile ezberdinei, eskerrak eman nahi dizkiete, denboraldian zehar ematen duten babesa beharrezkoa izaten delako, arraunlariek egiten duten lana aurrera eramateko. Honako hauek dira laguntzaile horiek: Tolosako Udala, Isastegi sagardotegia, Astelena jatetxea, Urdapilleta Euskal Txerria, Carnicas Ibarra, Kasino elkartea, Belen arrandegia eta Zumeta megafonia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!