Ramon Olasagastik Lizardi Saria irabazi du bigarren aldiz

Zarauzko Hitza 2018ko urtarrilaren 4a

2014. urtean jaso zuen saria lehen aldiz

Sasiolako errotaria lanagatik eskuratu du saria. Bi plano tenporal uztartzen dira ipuin berrian, eta "misterioa, fantasia eta beldurra" daude presente daude.

XXXVI. Lizardi Sarira aurkeztutako 14 lanen artetik epaimahaiak Ramon Olasagastiren Sasiolako errotaria lana saritu du. Berrobin jaio eta Tolosan bizi den kazetari eta itzultzaileak bigarren aldiz irabazi du Lizardi Saria: 2014. urtean Sugaar ipuinagatik saritu zuten.

Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Alex Gurrutxaga eta iazko garaile Leire Bilbaok osatu dute epaimahaia, eta aipatu kideek azaldu dutenez, "misterioa, fantasia eta beldurra elementu klabeak dira lehen lerrotik. Errealitatearen eta fantasiaren arteko mugan mugitu dira gure herrietako pasadizo eta istorioak, egia eta gezurra natural-natural konbinatuz. Sasiolako errotariak ere halaxe egiten du, ahozko tradizio aberatsa literatura idatziaren planora ekarriz".

Bi narratzailerekin jolastuz, bi plano tenporal lotzen ditu ipuinak: batetik, XX. mende erdian Sasiolako errotan desagertu zen Jatsu gaztearen istorio iluna, eta bestetik, gaur egungo gertaera bat, Ander gazteak biziko duena. Ipuinak aurrera egin ahala, bi planoak uztartzen joango dira: Jatsuri gertatutakoak eta Anderrek bizitzen duenak aukera ematen dio idazleari laguntasuna eta bullinga, beldurra eta ausardia, mendekua eta damua jorratzeko.

Halaber, hizkuntzaren "erabilera eraginkorra" nabarmendu dute epaimahaikideek: "Euskarak hamaika kolore har ditzake, eta ipuin honek hori erakusten du: hizkera aberatsa ez ezik, eraginkorra eta txispaduna da, hizkuntzaren errekurtsoak naturaltasun eta graziaz aprobetxatzen dituena, narrazioa behartu gabe".

Sari banaketa, apirilaren 23an

Olasagastik 4.000 euro saria jasoko du, eta bere lana argitaratuko diote. Udalak liburuaren 2.500 ale banatuko ditu doan herriko ikastetxeetan. Sari banaketa ekitaldia apirilaren 23an izango, Xabier Lizardiren jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez, eta argitalpena ere egun horretan kaleratuko dute.

Jarraitu irakurtzen Zarauzko Hitza-ren webgunean

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!