EH Bilduri "manipulazioa" egotziz, autobus zerbitzua indartu duela azaldu du Gipuzkoako Foru Alduandiak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urt. 3a, 15:46

Tolosa eta Donostia arteko zerbitzu zuzenak 55etik 62ra igoko direla azpimarratu du, besteak beste, Marisol Garmendia  Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Foru diputatuak.

Buruntzaldeko autobus zerbitzuaren lizitazio berriaren harira, zenbait erreakzio sortu ziren 2017 amaieran. Horrela, urtea amaitu aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiak gezurtatu egin nahi izan ditu EH Bilduk salatutakoak, gaineratuz, "zerbitzua okertu ez, hobetu" egingo duela aldaketak.

Marisol Garmendia diputatuak egin ditu adierazpenak, esanez, EH Bilduk "kanpaina politiko eta alderdikoia" egin duela: "Aurreproiektuaren interpretazio oker eta interesatua egin dute, zerbitzuaren murrizketak iragarriz, eta berrantolaketak eskainiko dituen hobekuntzak ezkutatuz".

Tolosaldeko EH Bilduko ordezkariek abenduaren 21ean agerraldia egin zuten beren salaketa plazaratzeko eta, besteak beste, maiztasunen eta ospitalerako loturen gutxitzea salatu zituzten. Bada, aldundiko mugikortasun diputatuak azpimarratu du, aurreproiektuak "autobus zerbitzuaren hobekuntza" jasotzen duela: "Zuzeneko autobus gehiago izango dira Tolosatik Donostiara bidaiatzeko. Gaur egun 55 autobus baldin badaude, zerbitzu berriarekin 62 izango dira: 16 erantsiko ditugu lan egunetan, eta 9 jai egunetan".

Hain zuzen azken berrikuntza horri azpimarra jarri nahi izan dio Marisol Garmendia diputatuak, "gaur egun ez baita autobus zuzenik asteburutan". Bide beretik, GFAren Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Sailak iragarri du, Tolosatik Donostia Ospitalera bertaratu ahal izateko autobusak martxan jarriko dituztela igandetan, "30 urtean lehenengo aldiz".

Diputatuak 2015era ere egin du atzera, esanez, "EH Bilduk orduan proposatutako maiztasunei helduko diela, orain", beren gobernuak ere. Modu horretan, "zinismo politikoa" egotzi dio oposizioari, eta "koherentzia pixka bat izatea" eskatu.

Azkenik, autobus zerbitzua moldatzeko hiru oinarriak ekarri digu gogora: "Herritarren benetako beharrei erantzutea da nahia eta, horretarako, zuzeneko zerbitzuak ugaritzea, ordu larrienetan zerbitzuak indartzea eta igandetan ospitalera bertaratu ahal izateko zerbitzuak izatea hartuko ditugu neurritzat".

Mugikortasun eta Lurralde Antolakuntza Sailak urteko lehen lauhilekoan idatziko du behin betiko proiektua, lizitazioa martxan jarri ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!