Autobus zerbitzuko aldaketak salatzeko, esku orriak banatuko ditu EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abe. 21a, 12:55

Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosa eta Donostia elkartzen dituen autobus zerbitzuan zenbait aldaketa proposatu ditu; 4.000 alegaziotik gora jaso ditu erakundeak.

Azken osoko bilkuretan hizpide izan da gaia eta, eskualdean, EAJk eta EH Bilduk bat egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakiaren aurka, alegazioak aurkezteko. Orain, EH Bilduk bere kanpaina propioari ekin dio eta, urte amaierara bitarte, esku orriak banatuko dituzte, etxez etxe, aldundiak zehaztutako aldaketaren berri emanez.

Tolosako udaletxeko pleno aretoan agerraldia egin dute Tolosako, Irurako eta Amasa-Villabonako EH Bilduko zenbait ordezkarik. Horrela, Lore Agirrek, Joxi Imazek eta Xabar Labordek salatu dute, "GFAk zerbitzua murritzeko asmoa" duela, "bidaiak gutxituz eta maiztasunak jaitsiz". Ohartarazi dute, aldaketak Buruntzaldea eskualdeko hainbat herriri ere eragingo diela eta, ondorioz, GFAk egindako lehiaketa deialdiak 4.000 alegaziotik gora jaso dituela, udal, elkarte zein norbanakoak kontuan hartuta.

Izan ere, aldundiak zerbitzua esleitzeko proposatutako aldaketak martxan jarriko balira, Tolosatik Donostiarako linean aldaketa nabarmenak egingo lituzkete. Batetik, maiztasunari dagozkionak: autobusak 30 minutuz behin izatetik, ordubetean behin izango lirateke. Hori martxan jarriz gero, egunean 36 autobus izatetik 18 izatera jaitsiko litzateke zifra. Gainera, ospitaleetako lotura 7 zerbitzutik 3ra jaitsiko litzateke: "Autobus zerbitzuan egin nahi dituzten murrizketak erabat onartezinak dira, herritarrok merezi dugulako kalitatezko garraio publiko eraginkorra".

Agerraldian harridura ere azaldu dute, gainera: "Ez dugu erabakia ulertzen, urtean zehar milaka herritarrek erabiltzen duten zerbitzua delako, eta erabilera gora doalako". Horren harira, Xabat Labordek nabarmendu du "alderdi neoliberalek darabilten terminologia baliatu dutela EAJk eta PSE-EEk, murrizketaren berri emateko, aldaketa bat dela azalduz".

Lore Agirrek, berriz, "irizpide erabat ekonomizista" ikusten du autobus zerbitzu kopurua jaistearen atzean: "Arrazoiak ez dira pisuzkoak, gainerakoan".

Bertan behera uztea, jomugan

Eskualdeko zenbait plenotan EAJrekin batera salatu bezala, EH Bilduk gaitzespena berretsi du, azpimarratuz, "foru gobernuak bizkarra emanda osatu duela murrizketen aurreproiektua, udalei, langileei eta erabiltzaileei ezeren berri eman gabe".

Horregatik, EH Bilduk eskaera zuzena egin nahi dio GFAri: zerbitzuaren esleipena bertan behera uztea. Hori gauzatuko balute, gainera, aurreko agintaldian egindakoaren antzeko parte hartze prozesu bat martxan jartzea nahi dute, zerbitzua, ordutegia eta ibilbideak "herritarren beharretara" egokitzeko: "Tolosaldeal lehen mailako autobus zerbitzua merezi du".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!