Tolosaldeko Giltzarriako kideak oso kontentu azaldu ziren galdeketak jasotako babesarekin. Tolosaldeko 28 herrietan jarri ziren bozkalekuak martxoan eta 39.442 pertsonak zuten bozka emateko aukera. %31,37ak bozkatu zuen, 12.370 lagun. Gehiengoak, 11.894 pertsonak, baiezkoaren alde egin zuten eta 273 besterik ez ziren izan ezezkoa erantzun zutenak.
Martxoaren 19an, 09:00etan ireki zituzten bozkalekuak, eta 20:00ak arte egon ziren zabalik. Herri gehienetan jai giroan eman zuten eguna eta ekitaldi ugari antolatu zituzten herrian giroa sortzeko. Herri txikienetan parte hartu zuen jendeak gehien. Orexan, esate baterako %82,11koa izan zen parte hartze portzentajea, eta Orendainen zein Baliarrainen ere kopuruak altuak izan ziren; %75,78 eta %77, hurrenez hurren. Abaltzisketan bozkatzeko aukera zuten herritarren erdia baino zertxobait gehiagok egin zuen bozkalekurako bidea, %64,07, eta antzeko Alkizan (%54,4), Altzon (%56,33), Belauntzan (%53,3), Bidania-Goiatzen (%51,82), Gaztelun (%52,99) edo Lizartzan (%57,42). Herri handienetan joera bestelakoa izan zen. Parte hartzea %25 ingurukoa izan zen. Tolosan erroldaren %25,98k bozkatu zuen, Zizurkilen %25,48, Amasa-Villabonan %29,48 eta Ibarran %27,08k.
Emaitzak ikusita «erakutsi dugu elkarrekin erabakitzea posible dela, normaltasunez egin daitekeela, ez doala inoren aurka, denon alde baizik», esan zuen Giltzarriako Beñat Sarasolak martxoaren 19ko igande iluntzean, Tolosako Zerkausian egindako agerraldian. Hotz egiten zuen Zerkausian, baina emaitzen berri jasotzera gerturatutakoen artean giro beroa zen nagusi. Eskualdea mobilizatu zen erabakitzeko eskubidearen bueltan, herritarrak izan ziren protagonista, eta herritarrek osatutako sareari esker izan zen posible herriz herri bozkalekuak jarri eta galdeketa egitea.
Mugak desegiten
Hiru milioi biztanleko herria da Euskal Herria eta pixkanaka-pixkanaka eskualdez eskualde ari dira zabaltzen burujabetzari buruz erabaki ahal izateko kontsultak. Gure Esku Dago dinamikak du errua. Mugak badaudela esan zuten Tolosaldeko galdeketa egiterakoan, martxoan, baina horiek «desegiten» ari direla nabarmendu zuten. «Ezinak, mugak edo paretak agertzen direnean, ikusiko dugu horren handiak diren. Gerta liteke bidearen amaieran pareta irmo bat aurkitzea, baina gerta liteke, baita ere ibiliaren ibiliaz gu iristerako paretarik ere ez egotea, edo jauzi txiki batekin igaro ahal izatea. Herritarron borondatea oztopo guztiak baino irmoagoa baita», esan zuten Zerkausiko agerraldian.
2018ra begira
2017ak Tolosaldeko galdeketaren emaitzak ekarri ditu, baina datorren urtea ere erabakigarria izango da. «Anbizioz» beteriko bide orri bat zehaztu dute eta eskualdeko galdeketa bide horretan «urrats erabakigarria» ekartzen duela esan zuten Giltzarriako kideek. «Ziur gaude gaur hemen posible izan dena, bihar posible izango dela Euskal Herrian. Bejondeigula denoi», esan zuten.
Izan ere, Gure Esku Dago herri dinamikak 2019a bitarteko bide orria du prest. Tolosaldekoarekin batera, martxoaren 19an, Oarsoaldean, Hernanin, Astigarragan eta Larrabetzun egin zituzten galdeketan, 35 herri guztira. Horietan ere parte hartze esanguratsua izan zen; 124.274 herritarrek zuten botoa emateko aukera eta 30.389k egin zuten botoaren arteko hautua, %24,4a.
Apirilaren 2an Busturialdeko 16 herritan eta Arrigorriagan egin zituzten kontsultak eta maiatzean Bizkaiko Durangaldean, Lea-Artibain eta Uribe-Butroen egin zituzten, eta Gipuzkoako Debabarrena eta Urola Kostan. Ekainean Nafarroako Bortzirietan, Mendialdean, Sakanan, Basaburuan eta Imotzen egin zituzten galdeketak.
2019a bitarte beste hainbat herri pasako dira erabakitzeko eskubidearen alde bozka emateko aukera emateko aukeratuen taldera. Eta bide horretan aurki hasiko den urteak berebiziko garrantzia izango du.
Herritarron ekarpena
«2018an erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezke eta, zalantzarik gabe, herritarron ekarpena ezinbestekoa izango da aukera horiek posible egiteko. 2018ko plangintzarekin GEDek ateak ireki nahi dizkio erabakitzeko eskubidea posible egingo duen ziklo berriari. Gure esku dagoen guztia egitera goaz», esan berri dute herri dinamikako kideek.
Horri begira, datozen hilabeteetan «ezinbesteko oinarri hori sendotu nahi» dutela esan dute, «gure etorkizun politikoaren eztabaidan gizartearen parte hartzea bideratzeko tresna eraginkorrak sortuko genituela esan genuen eta Herritarron Ituna martxan jartzera goaz».
Herritarron Itunarekin erabakitzeko eskubidea edukiz betetzea dute helburu, eta lan horretarako dinamika herritar eta parte hartzaileak ezinbestekotzat jo dituzte. «Ekainera bitartean, euskal herritarrok zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun jasoko dugu Herritarron Itunean, arloz arlo eta herriz herri», esan dute.
Ekainaren 10a da bide orri honetan hurrengo geldialdia, egun horretan, mobilizazio bat egin dute «erabakitzeko arrazoiak erakusteko eta indartzeko eguna» izango delarik.
Ekainetik aurrera, Euskal Herriko eragileek bat egingo duten Herri Ituna sustatuko du Gure Esku Dagok. Euskal Herriko eragileen artean herri gisa erabakitzeko behar diren «konplizitateak eta adostasunak» jostea izango du helburu Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Herri Itunak. «Guztiok bat eginda soilik lortuko baitugu aurrerapauso sendoak eta eraginkorrak ematea», esan dute.
Orain arte 180 herritan egin dituzte galdeketak eta erronka orain, galdeketak hiriburuetan egitea izango da. Donostian dagoeneko abian da prozesua. «Hori bai, tokian tokiko testuingurua eta erritmoak errespetatuko ditugu». Zentzu horretan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian hasitako herri galdeketan lan ildoa 2018an bukatuko dute eta Nafarroan eta Iparraldean, aldiz, 2019an.
«Lau urteotan milaka euskal herritarrok erabakitzeko borondatea, konpromisoa eta determinazioa adierazi dugu. Jabetu gara erabakitzeko aukerak sortu eta aldarrikatzeaz gain, erabakitzeko prest egon behar garela, gai izan behar garela eta bide hori babestu eta sustatuko duen gizarte zibil sendo eta zabala behar duela herri honek».
Abiarazitako proiektu erraldoia gauzatu ahal izateko, ordea, Gure Esku Dago «indartsua» behar dela esan dute, eta horri begira bi dira eman dituzten urratsak. Batetik, bazkideen figura indartuko dute eta, bestetik Tripontzia Urteberriko Saria kaleratu dute. «Bi iturri horien emaria ezinbestekoa izango da erronka berriei heltzeko».