[URTEKARIA] «Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko abenduaren 21a

Martxoaren 19koa egun garrantzitsua izan zen, baina baita aurreko zein ondorengo egunak ere. Aurretik herriz herriko lanketak egin zituzten eta guztietan izan ziren herritarrak protagonista. Herritarrekin batera hautetsiak ere atera ziren lehen lerrora eta Bidania-Goiazko Iriarte jauregian argazki jendetsua atera zuten.

Eskualdeko 28 herrietatik 24etako hautetsiak izan ziren bertan Tolosaldeko Giltzarriak gonbidatuta, EH Bildukoak, EAJkoak eta independenteak. «Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako», esan zuten.

Gorka Egia Orendaingo alkateak hartu zuen hitza euskaraz eta esan zuen alkate zein hautetsiei udaleko giltza, herriak eman ziela eta «orain ere, herriari dagokio hitz egitea. Zuek duzue giltza. Zuek zarete giltzarri, guztiok gara herri. Giltza, herria, erabakia».

Erabakitzeko eskubidea «gizarte kohesiorako dagoen tresna egokiena» dela berretsi zuen eta eskualdeko herritar ororen bilgunetzat hartu zuten Giltzarria. Erabakitzeko ariketa aurrera eramateko, parte hartzea «ezinbesteko baldintza» bezala dute eta esan dutenez, «martxoaren 19an erabaki nahiaren espresio» izateko nahiaz mintzatu ziren; «ezberdinen arteko topagune, elkarbizitzaren giltzarri».

Bukatzeko, Europan martxan dabilen trenera igotzeko gonbita luzatu zuten, «Euskal Herriko geltokira iritsi da trena, baita guk gobernatzen ditugun herrietara» eta honako galderaren inguruan iritzia ematera animatu zituzten herritarrak: «Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?». «Bozkatu, zure iritzia jakin nahi dugu», esan zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!