Euskararen Nazioarteko Egunak sortutako aho zapore gozoa atzean utzi ez dugula, Euskaraldiari begira jarri da eskualdea. 2018ko euskalgintzaren erronka potoloena izango da Euskaraldia eta bertan Tolosaldeko euskara taldeak, Galtzaundik, berebiziko garrantzia izango du, eta nola ez baita Ataria-k ere. Elkarlanean ariko baitira egitasmoa babestuz.
Euskaraldiaren helburua herritarren hizkuntza ohiturak aldatzea izango da, eta orain arte sekula sortu gabeko babes eta batasuna izango ditu, izan ere, Euskal Herri osoko erakunde ofizial eta eragileen babesa jasoko baitu. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte izango da hori, eta horretarako Aho-biziak eta Belarri-prestak elkartuko dituzte, baina horretara iristeko, urratsak eman behar dira aurretik, eta pauso garrantzitsuetako asko 2017an eman dira.
Euskararen Nazioarteko Egunak, pasa den abenduaren 3ak, alegia, Tolosaldea batu zuen, beste behin. Galtzaundik lagunduta eskualdeko 28 herrietako herritarrak atera ziren kalera, bakoitzak hizki bat gorpuzteko. Tolosaldean euskarak 365 egun!! izan zen aukeratutako leloa, baina hizki bakoitza irudikatzeko konpromisoa hartu zen herriz herri. «Indar berezia eman nahi diogu egitasmo honi, eta ez dugu aurtengo Euskararen Eguna egun bakarreko jaian geratzerik. Seguru aski, gure herrietan posible da, egunero, urteko 365 egunetan, ia ordu guztietan euskaraz bizitzea. Baina guk bi gauza lortu nahi ditugu: batetik, ahal dutenak horretara jartzea eta, bestetik, horretarako zailtasunak dituztenen kontzientziak astintzea», esan zuten ekimena aurkezteko eskainitako agerraldi jendetsuan. Euskaraz bizitzeko apustua egin zuten hortaz, Tolosaldeko herritarrek pasa den abenduaren 3an, eta mosaikoa osatu.
Kale neurketa
Hori ez da, dena den, 2017ak utzitako irudi bakarra. Galtzaundik eta Uemak osatutako kale neurketak ere oihartzuna izan baitu bukatzear den urtean. Emaitzak ez dira txarrak, baina hausnarketarako bidea ireki dute, eta lanean jarraitu beharraz ohartarazi dute.
Kezka bazegoen. 2011n Xabier Bengoetxea irakasleak Tolosaldeko lau arnasgune, Alegia, Amezketa, Asteasu eta Berastegi, aztertu zituen euskararen erabilera sendotzen ala ahultzen ari ote zen jakiteko, eta lortutako emaitzek piztu zuten kezka.
«Lehen erabat euskararenak ziren eremuetan deskonpartimentalizazioa ematen da. Bi hizkuntzek sarbidea dute eta nahasketa gertatzen da», esan zuen.
Hainbat ikerketek diote herri euskaldunetan euskarak eta euskaldunen kopuruak behera egin dutela eta horri gehitu behar zaio, azken kale neurketek diotela haur eta gazteen artean euskara entzuten dela gehien. Datu hori da hain justu, Galtzaundi Euskara Taldeak Tolosaldeko 28 herrietako euskararen erabilera neurtuta atera duen ondorioetako bat. Datuak abendua hasiera eman zituzten ezagutzera.
Datu zehatza da 2 eta 14 urte arteko haurrak direla euskara gehien erabiltzen dutenak, eta atzetik daudela 15 eta 24 urte arteko gazteak.
Galtzaundi eta Uema
Galtzaundi Euskara Taldearen eta Uemaren arteko lankidetzari esker egin zuten kale neurketa. Izan ere, Tolosaldeko herri guztiak ez dira Uemako kide, eta beraz, «Tolosaldeko udalerri euskaldunen informazio osatua eskuratze» aldera egin zuten elkarlana. Zehazki Tolosaldeko 28 herrietatik hamabost daude Ueman. Eskualdeko herri guztiek betetzen dituzte, dena den, Uemako kide izateko baldintzak, hau da, euskaldunen indizea %70etik gorakoa da.
Kale behatzaileek pasa den maiatza eta uztaila bitartean egin zituzten kale behaketa gehienak, baina irakurketa orokorra egiteko Galtzaundik, 2015 eta 2016ko kale neurketetako emaitzak ere hartu zituen kontuan. Esan behar da, Tolosaldea aipatzean 29 herri hartu zituztela kontuan, Legorreta ere hor sartu baitzuten.
Kale neurketan euskara gehien egiten dutenak haurrak direla ikusi ahal izan zuten. %73,8ko kopurua atera zuten eta hurrengo daturik altuena gazteek eman zuten: %69,2. Helduek %51,3ko ehunekoa eman zuten eta euskara gutxien erabiltzen dutenak adinekoak izan direla ikusi ahal izan zuten, %44,9. Orokorrean, eskualdean, batez ere, euskarazko elkarrizketak entzun zituzten, %56,5, eta hurrengo hizkuntza gaztelera izan zen, %41,4. Beste hizkuntza batzuen erabilera %2,1koa besterik ez zen izan.
Generoari dagokionez, emakumezkoek «zertxobait gehiago» darabilte euskara gizonezkoek baino. Datu hori adin tarte guztietan ematen dela esan zuen Galtzaundik, adinekoetan izan ezik. «Gazteen kasuan, nabarmena da alde hori; emakumezkoek gizonezkoek baino ia 9 puntu gehiagoko aldearekin erabiltzen baitute euskara», esan zuen. Kale behaketak utzitako azken ondorioa ere kezkagarria izan daiteke. Izan ere, haurrak bakarrik daudenean, heldurik gabe alegia, %71,6an egiten dute euskaraz, eta nagusiak haurrik gabe ez daudenean %46,5ean darabilte.
76 herri, diagnosi bat
Tolosaldeko datuak Uemak egindako azterketarekin alderatuta, antzeko ondorioak atera daitezkeela ikusi ahal izan zen. Uemak, Soziolinguistika Klusterrarekin batera, eta Galtzaundik egindako kale neurketen datuak gurutzatuta, guztira 76 herri hartu zituzten kontuan, eta hortik ondorioztatu ahal izan zen euskaldunen indizea %80koa edo handiagoa duten herrietan, euskararen erabilera %80tik gorakoa dela; hortik behera, euskaldunak %65-80 diren herrietan, %54koa. Tolosaldean euskara ezagutza indizea %80koa baino altuagoa duten hemezortzi herri daude eta horietako hamabostetan kaleko erabilera ere %80a baino altuagoa da. «Arnasgunean dira euskara ardatz duten herriak. Tolosaldea osorik hartuta, ez da oraindik iritsi maila horretara, baina eskualdeko herrien erdiak baino gehiago dira arnasgune. Euskal Herriko eskualde euskaldunenetakoa gara, bostetik lauk euskaraz dakite gurean. Erantzukizuna ere badakarkigu horrek: hemen eta guk egin ezean, non eta nork?», galdegin nahi izan zuen Galtzaundik.
Biztanle kopuruari erreparatuta, geroz eta herri handiagoa, orduan eta euskararen erabilera txikiagoa. Hori da joera orokorra, eta hori da ere Tolosaldeko joera.
Eskualdean Tolosa da biztanle gehien dituen herria eta euskararen ezagutza %75,7koa bada ere, kaleko erabilera %44,1era jaisten da. Amasa-Villabona eta Ibarra ere aipatzekoak dira biztanleriari begira; lehenengoan ezagutza 75,3koa da, eta kaleko erabilera %36,2ra jaisten da, Ibarran ere antzeko: ezagutza %73koa bada ere, erabilerak behera egiten du, %48,10ean geratuz.
Herri txikietan berriz, bestelakoa da joera, hori ikusi ahal izan zen kale neurketan. Orexan %96,7koa da ezagutza eta kaleko erabileran %99,6ra egiten dute gora. Elduainen ezagutza %94,2koa da eta kaleko erabilera %98,1koa, eta Baliarrainen ere antzeko: ezagutza %96,2koa da eta erabilera %91,1ekoa.
Tolosaldea euskararen arnasgunetzat jo izan da azken urteetan, arnasgune hitza euskalgintzan hitzetik hortzera dabilen honetan, eskualdean, hortaz, harreman sareak euskaraz egiten direla eta euskara modu naturalean transmititzen dela ondorioztatu daiteke.
Aktibazioaz
Datuak ikusita Galtzaundik aktibatu beharraz hitz egin zuen. «Euskaldunak aktibatu beharra mahai gainean jartzen dute datu horiek. Euskaraz jakitea bermatzen ari da, baina aktibatu egin behar da erabiltzeko, ezagutza igotzeak erabilera haztea ere ekar dezan», esan zuen.
«Lehen pausoa eman dugu neurketa honekin. Asmoa ere badugu hemendik urte batzuetara berriro egiteko, eta aldizkotasun finko bat jartzeko, datu konparagarriak izateko. Aktibatzea eta euskararen presentzia kalean ere handitzea dagokigu Tolosaldeko herritarrei. Kontzientziak astintzea eta hautu kontzientea egitea ezinbesteko osagaiak dira eskualdeko 28 herriak goranzko bidean jartzeko», gaineratu zuen euskara taldeak.
Urteko batzarra, Ikaztegietan
Kale neurketa hori Uemak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, egindako urteko batzarrean ere izan zuten hizketagai. Izan ere, Uemak, urteko batzarra egin zuen eskualdean. 2017ko balantzea egitearekin batera, 2018rako ildo nagusiak onartu zituzten Ikaztegietan eta neurketaren inguruan ere eztabaidatu zuten. Uema osatzen duten 85 udalerri euskaldunetatik joandako ia ehun alkate eta zinegotzi bildu ziren, zehazki.
Bilkuran, besteak beste, hizkuntzaren ezagutzatik erabilerara dagoen aldea zein faktorek eragiten duten aztertzeko egindako ikerketa ekarri zuten gogora, bertan bildutako ondorioak giltzarriak direlakoan udalerri euskaldunetan euskara biziberritzeko. Horri tiraka, Uemak 2018ko plangintzan udalerri euskaldunak zaintzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta euskara alor guztietan lantzeko lan-ildoak zehaztu zituen. Horien barruan, Euskaraldia ekimena udalerri euskaldunetan nola landuko duten ere aztertu zuten, Uemak Euskaraldiarekin eta Topagunearekin adostutako Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago! proposamena oinarri hartuta.
Uemarekin lotuta Bikain ziurtagiria ere aipatu behar da. Izan ere, Anoetako, Ikaztegietako eta Irurako udalek jaso zuten ziurtagiria. Eskualdetik lehenengo aldia izan da udalak aurkeztu direla Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria jasotzeko, eta prozesu horretan parte hartu zuten hirurek jaso zuten.
Lan horretan Uemak emandako laguntza nabarmendu zuten udalek ziurtagiria jasotzeko egindako ekitaldian.