Eguraldi motel xamarra izango dugu gaur. Fronte ahul batek hodeitza handia utziko digu eta tarteka, baita ere, euri pixka bat. Botatzen duena euri txiki edo xirimiri moduan botako du. Haizea ipar-mendebaldetik sartuko zaigu eta tenperaturak freskoak izango dira. Maximoak ez dira 10-11 ⁰C-tatik pasako.
Bihar eguraldiak altxatzera egingo du. Antizikloiak babesa eskaini eta eguraldi polita izango dugu. Zeruan hodei batzuk ikusiko ditugu, baina inolako ondoriorik ekarri gabe eta horren ondorioz egun osoan ateri izango da. Haizea ekialde, ipar-ekialdetik sartuko zaigu eta tenperaturek zertxobait irabaziko dute. Maximak 11-12 ⁰C-tan geratuko dira.
Etzi, igandean, eguraldi benetan atsegina espero da. Batetik, hego-haizea bueltan izango da eta haren eraginez tenperaturak nabarmen igoko dira, eguneko erdiko orduetan 14-15 ⁰C epel harrapatzeko, eta bestetik, zeruan nahiz goi-mailako hodeiren bat ikusiko dugun, eguzkia jaun eta jabe izango da eta eguraldi ederraz gozatzeko aukera izango dugu.
Astelehenean, eguraldi eguzkitsu eta epelak jarraipena izango du. Hego-haizeak berriz ere tenperatura epelak ekarriko dizkigu, non maximoak berriz ere 14-15 ⁰C-tan geratuko diren eta zeruan ere hodei gutxi, nahiz eta, azken orduetan mendebaldetik hodei batzuk sartuko diren.
Joerari dagokionez, asteartetik aurrera eguraldi euritsu, haizetsu eta epelak datozela ematen du.
ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?