Bertakoa, dastatzekoa bezain ezagutzekoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abe. 20a, 11:52

Aukeratu bertakoa proiektua aurkeztu dute Tolosaldea Garatzenek, Tolosa Gourmet-ek eta Tolomendik, bertako produktua dastatzen dutenei haren inguruko informazioa eskaini, eta berau goratzeko helburuz.

Tolosa Gourmet markak egitasmo berri bat plazaratu berri du, Eguberri atarian, eskualdeko pintxo-taberna eta jatetxeei begira: Aukeratu bertakoa. Bertako produktuak ezagutarazteko eta sustatzeko esku-orriak sortu dituzte, eta establezimendu horietan eskainiko dizkiete bezeroei, menu eta kartarekin batera.

Liburuxkak, batetik, jatetxe edo taberna horretan lehengai gisa erabiltzen dituzten bertako produktuen zerrenda izango du; zehazki, 200 kilometroko eremuan sartzen diren jatorri izendapenezko produktuen zerrenda. Horren harira, Olatz Illarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo arduradunak nabarmendu du, hornitzaileen zerrenda hori osatzea izan dela lanik mamitsuena: "Hala ere, beharrezkoa zen. Turistak gehiago jakin nahi izaten du dastatzen ari denaz".

Eta, bide horretan, Aukeratu bertakoa egitasmoak ere bide emango dio bertako produktua souvenir gisa eskuratu nahi duen turistari: lehengaien zerrendarekin batera, produktu horiek nola sortu edo ekoizten diren ezagutzeko gakoak eskainiko ditu esku-orriak, salmenta puntuekin batera.

Guztira, Tolosa Gourmeteko 12 establezimendu batu dira egitasmora, eta horietako bakoitzari egokitutako esku-orriak sortu dituzte: euskaraz eta gazteleraz 30 eta frantsesez eta ingelesez 10, establezimendu bakoitzean.

Sustatzaileek azpimarratu dute, produktuen kontsumoa bultzatzearekin batera, egitasmoaren helburua dela bertako ekoizle nahiz ostalarien arteko sare bat sortzea ere; nolabait, bisitariak batetik bestera mugitzeko erraztasunak eskaintzea. Hain zuzen horregatik, Imanol Olano Tolomendiko ordezkariak Jan Tolosaldea proiektu aurkeztu berria ekarri du gogora; Aukeratu bertakoa, haren adar bat da, eta errefortzu positiboaren bidetik jorratu nahi izan dute sustatzaileek.

Proiektua aurkeztuta, ekoizle, ostalari eta garapen agentziako arduradunak bezeroei begira daude orain, eta Olatz Illarregik nabarmendu du bezeroari dagokiola, orain aukera egitea. Bide beretik, Imanol Olanok kontsumitu beharreko produktuak aukeratzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du, aurkezpena biribiltzeko: "Askotan esan ohi da, produktuak aukeratzea lau urtez behin botoa ematea baino garrantzitsuagoa dela. Erosten dugunarekin erabakitzen dugu, gure ingurua, kultura nahiz paisajea nolakoak izango diren".

Honakoak dira Aukeratu bertakoa sarean txertatu diren establezimenduak:

- Alkizako ostatua (Alkiza)

- Beti-Alai jatetxea (Tolosa)

- Botarri jatetxea (Tolosa)

- Casa Julián erretegia (Tolosa)

- Casa Nicolás erretegia (Tolosa)

- Ikatza taberna (Tolosa)

- Iriarte jatetxea (Berrobi)

- Larraitz-gain jatetxea (Abaltzisketa)

- LurLan Bistrot (Tolosa)

- Orbela taberna (Tolosa)

- Plaza Etxeberri jatetxea (Zizurkil)

- Patxine jatetxea (Asteasu)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!