Eredu propio hau «fenomeno interesgarria» izaki, honi heldu behar zaiola uste du Tolomendik, «hori bai, are interesgarriagoa da ostatuetan kontsumitzen dituzten produktuak ere bertakoak izatea», gaineratu du.
Ez da jangeletako eredu bakarra, hainbat formula daude abian Tolosaldeko ikastetxeetan, batzuk eskolan bertan dute jangela eta bertako ekoizleen produktuak lehenesten dituzte, beste batzuetan bestelako zerbitzua jasotzen dute, baina ostatuak jangela bihurtzearena ere nabarmendu behar den proiektua dela uste du Tolomendik. «Eskolak eta ostatuak herriko ekonomia mugitzen dute, ostatuarentzat ekonomikoki interesgarria izan daiteke eta are interesgarriagoa bertako produktuak kontsumitzen badira, helburua gure ustez, hori izan behar baitu».
Jan Tolosaldea
Proiektu hau Tolomendik abian duen Jan Tolosaldea ekimenaren barruan sartzen da. Izan ere, Jan Tolosaldea ekimenak hainbat helburu ditu, baina funtsean elikaduraren inguruan dauden elementuak balioan jartzea du helburu; «osasuna, ekonomia, lehen sektorea... elementu asko lotzen ditu elikadura eredu jakin batek».
Jan Tolosaldea proiektuarekin mezu zehatz bat zabaldu nahi dute jendartera: «Tolosaldeko produktuak kontsumitzeak eskualdeko bertako ekonomia, gizartea, ingurugiroa... bultzatzen dituela. Hori da mezu nagusia. Kontsumo eredu batek edo besteak eskualdeko eredu jakin bat laguntzen edo posible egiten duela».
Jan Tolosaldeak lan-ildo desberdinak ditu. Batetik, eskualdean zein produktu ekoizten diren eta ekoizleak zeintzuk diren ezagutaraztea du helburu. «Oso garrantzitsua da hori. Horri begira datu guzti horiek biltzea eta jendearen eskura jartzea ezinbestekoa da», esan dute Tolomenditik.
Merkataritza eta ostalaritza
Bestalde, merkataritza eta ostalaritzarekin loturak bilatu nahi dituzte, «bertako produktuak bertan kontsumitu ditzagun». Puntu honekin lotzen da ere jangela publikoen gaia. «Jangela publikoak elementu oso garrantzitsuak dira bertako produktuen kontsumoa sustatzeko», esan dute.
Bukatzeko, eragile publikoei, administrazioari, ere dei egiten dio Jan Tolosaldeak. Izan ere, «kontsumo publikoan, udaletxeetan egiten diren kontsumo publikoetan, ordenantzen edo dena delakoen bidez bertako produktuen lehenestea» ezinbestekoa da elkartearen iritziz.