Gazteak Kalean ekimenak bukatutzat eman du bere ibilbidea

Ataria 2017ko abenduaren 9a

Gazteak Kalean egitasmoa "eskertze festa" egiten ari da gaur Ibarran; goizean eztabaida egin dute eta eguerdian bazkaria egin dute 100 lagun inguruk.

Gazteak Kalean ekimena bi auziri aurre egiteko sortu zen. Ezpalako gaztetxearen desalojoaren harira bi gazte auziperatu zituzten, eta Intxurreko auzian hiru gazte. Sei hilabeteko espetxe zigorra, 37.000 euroko kalte-ordaina eta bi urteko galarazpena ezarri zieten azken horiei. 

Ibail Julian egitasmoko kideak gogoratu duenez, "bi auzietan inputatutako bost gazteak ez dituzte espetxeratu, baina ezin dugu ahaztu zigor ekonomiko handiak jaso ditugula". 

Hilabete hauetan jasotako elkartasuna "eskertzeko" antolatu dute gaurko eguna; goizean eztabaida egin dute eta bazkariaren ondoren, Tolosako Gazte Asanbldako bertso taldeko hainbat kidek bertsoak botako dituzte. 

Ondoren, Erein taldeak kontzertua eskainiko du, eta 18:00etatik aurrera, Gaztetxean izango da festa: Altxa Gudari, Bedeinkatuak, Sofokaos, Bake Faltsua edo Herdoil taldeen kontzertuak izango dira. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!