Osasun publikoaren afera

"Arazoa da klinika ez dela zerbitzu publikoaren osagarri, ordezko baizik"

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko abe. 2a, 15:22

TOPAk agerraldi jendetsua egin du Tolosako kultur etxean. Areto nagusia bete egin da eta azken albisteen berri eman dute. Asuncion klinikan traumatologiako 4 mediku joan direla esan dute, itxaron zerrendak luzatzen ari direla eta oro har, zerbitzua okertzen ari dela. "Gu ez gaude Asuncion klinikaren kontra, kontua ez da hori, kontua da beste eskualdeek duten eskubide bera dugula eskualde mailako ospitale publikoa edukitzeko. Eta Asuncion klinikak ez du osatzen zerbitzu publikoan eskaintzen den zerbitzua, ordezkatu egiten du, eta hori da arazoa", esan du TOPAko Javi Aranak.

Kultur etxean bildutako jendearen artean kezka zen nagusi. Asuncion klinikan ematen den zerbitzuak okerrera egin du azken urteetan. Hori dela eta, "ekitatea" eskatu dute. Ekitatea arretaren kalitatean, "izan ere, ez gara jasotzen ari beste eskualdeetan arreta maila bera, eskualdean bizi edo lan egiten duten 300 osasun profesionalen hitzetan", esan du Aranak.

Ekitatea aldarrikatu dute ere inbertsioei dagokienez. "Hauxe da eskualde bakarra 30 urtetan inbertsiorik jaso ez duena, ez ospitaletako azpiegituretan eta ezta berrikuntzan edo eguneraketan ere". Langile ratioetan ere ekitatea eskatu dute: "Klinika honi heren bat falta zaio gainerako eskualdeetako ospitale publikoetako langileen kopuruetara iristeko". "Ekitatea nahi dugu ospitale eta anbulatorioko azpiegituretan. Hauxe da eskualde bakarra eskualdeko ospitale publikorik ez duena, nahiz eta 65.000 biztanletik gora izan", gaineratu dute. 10 eurotik 3 Inviza enpresaren poltsikora doazela ere salatu dute.

Era berean, mobilizaziorako deia egin du TOPAk. "Mobilizatzen ez bagara, Asuncionen bizi ditugun egoerak formalki salatzen ez baditugu, kexak jarriz eta abar, ez dira mugituko eta egoera ez da aldatuko", esan dute.

Agerraldia bukatuta Asuncion klinikako langileek Trianguloan deitutako elkarretaratzearekin egin dute bat.

Erlazionatuak

Prekarizazioari aurre egiteko protesta

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 abe 02 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!