Osasun publikoaren afera

Prekarizazioari aurre egiteko protesta

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko abe. 2a, 14:56

Asuncion klinikako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, azken urteetan jasaten ari diren prekarizazioa salatzeko. Ez dira bakarrik egon, TOPAk batzarra egin du kultur etxean eta behin bukatuta, elkarretaratzera gehitu dira han bildutakoak. Herritar ugari ere gerturatu da babesa ematera.

ELA eta LAB sindikatuek osatutako langile batzordeak hainbat protesta iragarri ditu aste honetan. Lehenengoa gaur bertan burutu dute; elkarretaratzea egin dute Trianguloan. Abenduaren 13an izango dute hurrengo hitzordua, lau orduko lanuztea egitea adostu baitute. Asuncion klinikako langileek ez dute hitzarmena berritu 2010. urtetik.

ELA sindikatuko idazkaritzako arduradunak Oria-Goierrin, Alazne Mantxolak, esan du langileen eta zuzendaritzaren azken bilera azaroan egin zutela, eta ez zutela aurrera pausorik eman. "Soldatak %1 igotzea erabaki zuen, aldebakarrez, eta ez besterik. Gure eskaerak gehiago dira", esan du.

Sindikatuek gogoratu dute 2010etik soldata berak dituztela eta beraz, zazpi urte hauetan 3.000 eta 5.000 euroko galerak izan dituztela oinarrizko soldatetan. Bestalde, lanaldia murriztu beharraz ere hitz egin dute. "Asuncion klinikako langileok urtean 1.670 ordu egiten ditugu lan, eta Osakidetza eta alor horretako hainbat enpresa pribatutan 1.592 ordu egiten dituzte". Hau da, Asuncioneko langileek Osakidetzan baino 78 lanordu gehiago egiten dituzte.

Klinikako medikuak joaten ari direla ere aipatu dute. "Lan baldintza txarrak dituzte, prekarizazioaren adibide argia da", esan du Mantxolak. Zehazki traumatologiako lau mediku joan dira Asuncionetik.

"Enpresako zuzendaritzak bermeak eta edukiak izango dituen hitzarmen bat negoziatzea nahi dugu", esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!