Kultur etxean bildutako jendearen artean kezka zen nagusi. Asuncion klinikan ematen den zerbitzuak okerrera egin du azken urteetan. Hori dela eta, "ekitatea" eskatu dute. Ekitatea arretaren kalitatean, "izan ere, ez gara jasotzen ari beste eskualdeetan arreta maila bera, eskualdean bizi edo lan egiten duten 300 osasun profesionalen hitzetan", esan du Aranak.
Ekitatea aldarrikatu dute ere inbertsioei dagokienez. "Hauxe da eskualde bakarra 30 urtetan inbertsiorik jaso ez duena, ez ospitaletako azpiegituretan eta ezta berrikuntzan edo eguneraketan ere". Langile ratioetan ere ekitatea eskatu dute: "Klinika honi heren bat falta zaio gainerako eskualdeetako ospitale publikoetako langileen kopuruetara iristeko". "Ekitatea nahi dugu ospitale eta anbulatorioko azpiegituretan. Hauxe da eskualde bakarra eskualdeko ospitale publikorik ez duena, nahiz eta 65.000 biztanletik gora izan", gaineratu dute. 10 eurotik 3 Inviza enpresaren poltsikora doazela ere salatu dute.
Era berean, mobilizaziorako deia egin du TOPAk. "Mobilizatzen ez bagara, Asuncionen bizi ditugun egoerak formalki salatzen ez baditugu, kexak jarriz eta abar, ez dira mugituko eta egoera ez da aldatuko", esan dute.
Agerraldia bukatuta Asuncion klinikako langileek Trianguloan deitutako elkarretaratzearekin egin dute bat.