147 bulkada euskarazko sormenari

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko abe. 2a, 11:36

Ibarrako aretoa jendez lepo egon zen atzo, Galtzaundik eta udalak, elkarlanean, urtero antolatzen duten Galtzakomik lehiaketako sari banaketan. Guztira 147 lan jaso dituzte, ia guztiak eskualdekoak, eta aurtengoa hamargarren edizioa izan denez, data bereziago egiteko lan guztiek egin diote keinu Juanba Berasategiren  Kalabaza Tripontzia animaziozko film luzeari.

Sari nagusia, 16 urtetik gorakoena, Ondarroako Aitor Urkiola Badiolak jaso du Bisitaria lanari esker eta bigarren saria ez ematea erabaki du Ibai Luque diseinatzaileak, Idoia Olano euskara teknikariak, Joseba Antxustegietxarte komikilariak eta Iñigo Martiarena Mattin marrazkilariak osatutako epai mahaiak. Ondarrotarrak 700 euro eta Ibarrako Eluska jatetxean bi lagunentzako afaria irabazi ditu.

Saioa Imanol Artola Felixek gidatu zuen. Aurtengo edizioa arrakastatsuenetakoa izan dela nabarmendu zuen eta data borobila dela eta, Juanba Berasategi zenaren Kalabaza Trinpontziari keinu egin nahi izan diotela gogoratu zuen. "Kalabaza asko jaso ditugu eta oso kontentu gaude", esan zuen.

Giro hotza ederki berotu zuten sari banaketan. Aretoa jendez lepo zegoen eta sari banaketa girotze aldera antolatutako saioek ere ederki berotu zuten ekitaldia. Batetik, Mireia Garaibururen bakarrizketarekin gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek, ez zen bakarrik egon gainera, Unai Gaztelumendi marrazkilaria izan baitzuen lagun. Bestetik, bertsoek ere izan zuten tarterik. Oihana Iguaran bertsolaria aritu zen marrazkilariarekin batera.

Hauek izan dira beste irabazleak:

12-16 urte bitartekoak

  • 1. saria: Maitane Dorronsoro, Hitzak.
  • 2. saria: Luzia Echart, Super kalabaza.
  • Aipamen berezia: Diego Encinas, Kalabaza hegalaria.
  • Aipamen berezia: Garazi Ormazabal, Kalabaza sukaldaria.
  • Aipamen berezia: Leire Montoya Galindo, Euskal mitologia + gaur egun.
  • Ibarrako lanik onena: Maite Gibelalde, Kalabaza abeslaria.

12 urtetik beherakoak

  • 1. saria: Paula Ansorena Irizar, Esperantza gorria.
  • 2. saria: Nahia Ansorena Irizar, Margo kaxa.
  • Aipamen berezia: Nahia Beain, Nahia Jerez eta Irati Pagola, Argitzeko misterioa.
  • Aipamen berezia: Unax Gutierrez Garmendia, Kalabaza tripontzia.
  • Aipamen berezia: Maitane Ezkerro eta Irati Jauregi, Juanbaren koadroa.
  • Aipamen berezia: Nora Andorena Irizar, Barraskilo kokoloa.
  • Ibarrako lanik onena: Alaitz Agirre Artolas, Arditxoa.

Parte hartzaile guztien artean Mahala produktuekin osatutako bi saski zozkatu zituzten eta Irune Luengo eta Laia Elolari egokitu zitzaizkien.

Guztira 147 lan jaso dituzte, horietako 73 emakumezkoenak izan dira eta 71 gizonezkoenak. 17 urtetik gorakoen artean 3 lan jaso dituzte, guztiak gizonezkoenak.

 

Erlazionatuak

Oihana Iguaran Galtzakomiken

Tolosaldeko Ataria 2017 abe 02 Ibarra

Lehiaketarik borobilena

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 urr 16 Ibarra   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!