Lehiaketarik borobilena

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 16a, 15:46

Galtzakomik komiki lehiaketaren hamargarren edizioa ireki dute jada; aurten Juanba Berasategiren Kalabaza Tripontzia animaziozko film luzeari keinu egin behar zaio.

Hamar urte dira jada, Galtzaundi Euskara Taldea eta Ibarrako Udala Galtzakomik komiki lehiaketa antolatzen hasi zirela. Euskarazko komikigintza sustatzea zuen eta du helburu eta parte hartzaileetako gehienak Tolosaldekoak izaten badira ere, Euskal Herri osotik iristen dira lanak Galtzaundiren egoitzara. Urtetik urtera haziz joan den lehiaketa dela uste du Galtzaundiko Idoia Lahidalgak eta baita kalitatea mantentzen dela ere.

Urteurrena ospatzeko aurten, lehiaketako epaimahaiko kide izandako Juanba Berasategiri «omenaldia eta eskertza» egin nahi izan diote, eta hori dela eta Kalabaza Tripontzia animaziozko film luzeak protagonismo berezia izango du X. Galtzakomiken.

Lanak azaroak 20a bitarte bidali daitezke Galtzaundiren Tolosako egoitzara eta gaia librea bada ere, Kalabaza Tripontziari keinu egin behar zaiola esan du aurkezpenean Lahidalgak. «Inplizituki edo esplizituki, Kalabaza Tripontziaren erreferentziak ikusi nahi ditugu lanetan», esan du. Animaziozko film luzeari erreferentzia egin ahal izateko Tolosako eta Ibarrako ikastetxeetako gazteek asteazkenean ikusi ahal izango dute lana Leidorren, eta Ibarran bertan ere eskainiko dute, data zehaztu ez badute ere. Era berean, galtzaundi.eus webgunean ere jarri dute ikusgai.

Parte hartze irekia
Edonork hartu dezake parte lehiaketan eta hiru mailatan banatuko dituzte parte hartzaileak: 12 urtetik beherakoak, 12 eta 16 urte artekoak eta 16 urtetik gorakoak. Jasotzen dituzten lanak abenduaren 1etik 15era jarriko dituzte ikusgai Ibarran eta sari banaketa ere abenduaren 1ean egingo dute Ibarran bertan.
Urte hauetan guztietan bataz beste, 80 lan jaso dituztela esan du Lahidalgak, eta lanak Euskal Herria osotik jasotzen dituztela. Iazko bi sari nagusietako batek Ondarroara egin zuen salto, Aitor Urkiolak irabazi baitzuen bigarren saria. Ez da Urkiolaren lehen aldia Galtzakomiken, behin baino gehiagotan hartu baitu parte, eta baita irabazi ere. Iazko irabazlearentzat ere, Tolosako Javier Navarro, ezaguna da Galtzakomik, behin baino gehiagotan jaso baitu saririk.

2008an antolatu zuten lehen aldiz, beraz, Galtzakomik eta Galtzaundi aldizkariko Joseba Antxustegietxarte komikigileak du errua. Izan ere, urte hartako martxoan bere komikiak bildu zituen erakusketa batean, eta izandako arrakasta ikusita gazteen artean euskarazko komikigintza zein euskarazko idazmena eta sormena bultzatzeko helburuz hasi ziren antolatzen.

Erlazionatuak

Lehiaketan parte hartzeko baldintzak

Tolosaldeko Ataria 2017 urr 16 Ibarra   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!