Euskararen Eguna 2017

Gazteek eutsi behar diote

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko abe. 3a, 08:56

Xabier Bengoetxea irakasleak 2011n Tolosaldeko lau arnasgune, Alegia, Amezketa, Asteasu eta Berastegi, aztertu zituen euskararen erabilera sendotzen ala ahultzen ari ote zen jakiteko, eta lortutako emaitzek kezka sortu zuten. «Lehen erabat euskararenak ziren eremuetan deskonpartimentalizazioa ematen da. Bi hizkuntzek sarbidea dute eta nahasketa gertatzen da», esan zuen. Kezka bai, baina alarmarik ez. Egia da egin diren hainbat ikerketak diotela herri euskaldunetan euskarak eta euskaldunen kopuruak behera egin dutela, baina egia da ere, azken kale neurketek diotela haur eta gazteen artean euskara entzuten dela gehien.

Datu hori da hain justu, Galtzaundi Euskara Taldeak Tolosaldeko 28 herrietako euskararen erabilera neurtuta atera duen ondorioetako bat. 2 eta 14 urte arteko haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, eta atzetik daude 15 eta 24 urte arteko gazteak. Galtzaundi Euskara Taldearen eta Uemaren arteko lankidetzari esker egin dute kale neurketa. Izan ere, Tolosaldeko herri guztiak ez dira Uemako kide, eta beraz, «Tolosaldeko udalerri euskaldunen informazio osatua eskuratze» aldera egin dute elkarlana. Zehazki Tolosaldeko 28 herrietatik hamabost daude Ueman. Eskualdeko herri guztiek betetzen dituzte, dena den, Uemako kide izateko baldintzak, hau da, euskaldunen indizea %70etik gorakoa da.

Kale behatzaileek pasa den maiatza eta uztaila bitartean egin zituzten kale behaketa gehienak, baina irakurketa orokorra egiteko Galtzaundik, 2015 eta 2016ko kale neurketetako emaitzak ere hartu ditu kontuan. Esan behar da, Tolosaldea aipatzean 29 herri hartzen direla, Legorreta ere hor sartu baitute.


Euskaraz, batez ere

Kale behatzaileek eskualdean batez ere, euskarazko elkarrizketak entzun dituzte, %56,5, eta hurrengo hizkuntza gaztelera izan da, %41,4. Beste hizkuntza batzuen erabilera %2,1koa besterik ez da izan.

Euskara gehien egiten dutenak haurrak direla ere ikusi ahal izan dute eta kopurua altua da gainera, %73,8. Ondoren daude gazteak: %69,2. Helduek %51,3ko ehunekoa eman dute eta euskara gutxien erabiltzen dutenak adinekoak izan dira, %44,9.

Generoari dagokionez, emakumezkoek «zertxobait gehiago» darabilte euskara gizonezkoek baino. Datu hori adin tarte guztietan ematen dela dio Galtzaundik, adinekoetan izan ezik. «Gazteen kasuan, nabarmena da alde hori; emakumezkoek gizonezkoek baino ia 9 puntu gehiagoko aldearekin erabiltzen baitute euskara», esan du.

Kale behaketak utzitako azken ondorioa da haurrak bakarrik daudenean, heldurik gabe alegia, %71,6an egiten dutela euskaraz, eta nagusiak haurrik gabe ez daudenean %46,5ean darabiltela euskara. Haurrek eta nagusiek osatutako taldeetan, berriz, %68,6ra igotzen da erabilera.

Kale neurketa 2017ko maiatza eta uztaila bitartean egin zuten, Anoetan, Villabonan, Tolosan eta Asteasun izan ezik, lehen bietan 2016. urtean egin zituzten eta 2015ean beste bi herrietan. «Datu adierazgarriak eskuratzea helburu, herri bakoitzean akats tarteari 5 puntuko muga ezarri zaio. Hau da, herri bakoitzean akats-tartea 5 baino txikiagoa izateko adinako elkarrizketa kopurua behatu behar izanda datuak baliagarriak izateko», azaldu du Galtzaundik.

76 herri, diagnosi bat

Tolosaldeko datuak Uemak egindako azterketarekin alderatuta, antzeko ondorioak atera daitezke. Uemak eta Galtzaundik egindako kale neurketen datuak gurutzatuta, guztira 76 herri hartu dituzte kontuan, eta hortik ondorioztatu daiteke euskaldunen indizea %80koa edo handiagoa duten herrietan, euskararen erabilera %80tik gorakoa dela; hortik behera, euskaldunak %65-80 diren herrietan, %54koa. 

Biztanle kopuruari erreparatuta, geroz eta herri handiagoa, orduan eta euskararen erabilera txikiagoa. Hori da joera orokorra, eta hori da ere Tolosaldeko joera. Eskualdean Tolosa da biztanle gehien dituen herria eta euskararen ezagutza %75,7koa bada ere, kaleko erabilera %44,1era jaisten da. Amasa-Villabona eta Ibarra ere aipatzekoak dira biztanleriari begira; lehenengoan ezagutza 75,3koa da, eta kaleko erabilera %36,2ra jaisten da, Ibarran ere antzeko: ezagutza %73koa bada ere, erabilerak behera egiten du, %48,10ean geratuz.

Herri txikietan berriz, bestelakoa da joera. Orexan, ezagutza %96,7koa den herrian, kaleko erabileran %99,6ra egiten du gora. Elduainen ezagutza %94,2koa da eta kaleko erabilera %98,1koa, eta Baliarrainen ere antzeko: ezagutza %96,2koa da eta erabilera %91,1ekoa.

Tolosaldea euskararen arnasgunetzat jo izan da azken urteetan, arnasgune hitza euskalgintzan hitzetik hortzera dabilen honetan. Euskararen arnasguneak, berez, euskaldunen proportzioa oso altua den espazio horiek izango lirateke. Arnasgune horietan harreman sareak euskaraz egiten dira eta euskara modu naturalean transmititzen da.

Tolosaldeak betetzen ditu ezaugarri horiek. Batetik, Mikel Zalbide euskaltzainak egiten duen banaketari jarraiki, eskualdeko herriek udalerri euskaldunen kontzeptua betetzen dute, hau da, herritar gehienak, %70etik gora, euskaldunak dira. Arnasgune hitza erabilerari lotzen dio Zalbidek eta eskualdeko datuak altuak dira, oro har. Zentzu honetan bada zehaztu beharreko zerbait. Galtzaundik eta Uemak herrian topatutako jendeak darabilen hizkuntza jaso dute, horregatik ez da zuzena esatea herriko biztanleen hizkuntza-erabilera neurtu dutela, seguruenik topatutako pertsona guztiak ez baitira herri horietako biztanle.

Horrelako neurketak euskararen osasunaren inguruko diagnosia egiteko dira baliagarriak eta behin baino gehiagotan egin dira. Euskal Herria mailan, 1989. urtean egin zen lehen aldiz Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketa. Geroztik sei aldiz errepikatu da; 1993an, 1997an, 2001ean, 2006an, 2011n eta 2016an.

Erlazionatuak

Tolosaldeko kaleen lehenengo erradiografia

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' - Igor Agirre 2017 abe 03 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!