Orain arte, bagenekien eskualde mailan eta baita herriz herri ere euskaraz zenbatek dakiten, euskara zenbaten lehen hizkuntza den eta etxean nagusiki euskara zenbatek erabiltzen duten. Aitortuak ziren datu horiek, jendearen erantzunen arabera ateratakoak.
Kezka pizteko moduko datuak genituen esku artean. Izan ere, Tolosan ez beste herri guztietan 1991tik 2011ra jaitsi egin da etxean euskara erabiltzen dutenen portzentajea. Eta herrien erdietan hamabost puntutik gorako galera adierazten dute datuek. Beste modu batera esanda, Tolosaldeko etxeen erdietan baino gehiagotan, %53an, euskara ez den beste hizkuntza bat erabiltzen dute.
Gure ohiko jardunerako pista garrantzitsu bat eman digu Uemarekin eta Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean egin dugun azken neurketak. Lehenengo aldiz, badakigu Tolosaldeko kaleetan euskarak duen presentzia zenbatekoa den: herriz herri eta osotasunean. Orain badakigu Tolosaldeko kaleetan euskarak duen panorama zein den. Hizkuntza baten egoeraren adierazle nabarmenetarikoa da hori.
Eskualdean haurrek eta gazteek darabilte gehien euskara kalean. Haiek izango dira etorkizuneko helduak, eta ezagutza bermatuta dute: guztiek ikasten dute D ereduan. Baina horrek ez du bermatzen etorkizuneko helduek dakitena erabiliko dutenik. Hala erakutsi dute orain arteko ikerketek. Tolosaldean bertan, hogei puntuko saltoa dago gazteetatik helduetara: helduen erdiek, %51k, egiten dute kalean euskaraz. Euskaldunak aktibatu beharra mahai gainean jartzen dute datu horiek. Euskaraz jakitea bermatzen ari da, baina aktibatu egin behar da erabiltzeko, ezagutza igotzeak erabilera haztea ere ekar dezan.
Adin tarte bakoitza katebegi bat da. Batak besteari eragiten dio. Haurren eta helduen arteko kaleko elkarrizketak dira horren adierazle. Helduek gehiago egiten dute euskaraz haur bat tartean badago: ume bat aurrean egotearekin hogei puntu baino gehiago igotzen da euskararen erabilera helduen artean. Alegia, euskara gehien darabilen adin taldeak, haurrenak, eragina du gainerakoetan.
Euskara ezagutza indizea %80koa baino altuagoa duten hemezortzi herri dira Tolosaldean. Horietatik hamabostetan, %80koa baino handiagoa da kaleko erabilera ere. Arnasguneak dira euskara ardatz duten herriak. Tolosaldea osorik hartuta, ez da oraindik iritsi maila horretara, baina eskualdeko herrien erdiak baino gehiago dira arnasgune. Euskal Herriko eskualde euskaldunenetakoa gara, bostetik lauk euskaraz dakite gurean. Erantzukizuna ere badakarkigu horrek: hemen eta guk egin ezean, non eta nork?
Datu positiboa da eskualdean hainbeste arnasgune izatea, baina bilakaera ez da ona. Zenbat herrik utzi diote arnasgune izateari Tolosaldean? Bada hor aztertzeko eta neurriak pentsatzen hasteko gai bat.
Herrien arteko loturen gaia ere aztertu beharrekoa da: eskualdean dauzkagun arnasguneak txikiak dira, biztanle gutxikoak, eta lotura estua dutenak eskualdeko herri handiagoekin, batez ere Tolosarekin. Adin taldeen arteko katebegi hori herrien artean ere ba ote dago? Nolako eragina dute inguruko arnasguneek Tolosan? Eta Tolosak arnasguneetan?
Lehen pausoa eman dugu neurketa honekin. Asmoa ere badugu hemendik urte batzuetara berriro egiteko, eta aldizkotasun finko bat jartzeko, datu konparagarriak izateko. Aktibatzea eta euskararen presentzia kalean ere handitzea dagokigu Tolosaldeko herritarrei. Kontzientziak astintzea eta hautu kontzientea egitea ezinbesteko osagaiak dira eskualdeko 28 herriak goranzko bidean jartzeko.