Euskararen Eguna 2017

Euskararen aho eta belarriak

Ataria 2017ko azaroaren 29a

Euskararen Nazioarteko Eguna da igandean, eta girotzen hasteko Tolosako eta Ibarrako Herrikide, Orixe, Laskorain eta Uzturpe ikastetxeetako ikasleek mural bat margotu dute Zumardiaundiko sarreran.

Aurtengoan, 2018ko Euskaraldiaren Ahobizi eta Belarriprest rolen ikurrak irudikatu dituzte, eta baita Euskarak 365 Egun ekimenarena ere.

DBHko laugarren mailako ikasleek parte hartu dute ekintzan, eta Ibai Luque diseinatzailearen laguntza izan dute horretarako.

Ekimen hau Tolosa eta Ibarrako Euskararen Hezkuntza Mahaiarekin elkarlanean sustatu du Galtzaundi Euskara Taldeak eta igandera bitarte egingo diren beste bi ekintzen osagarri izan da. Ostiralean, esaterako, 10. Ibarra-Galtzakomik lehiaketaren sari banaketa egingo da Ibarrako plazako estalpean, 19:00etan.

Igandean berriz, eskualdeko 28 herriek Tolosaldean euskarak 365 egun!! esaldia osatuko dute, herri bakoitzak esaldiaren letra bat osatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!