Abenduaren 3a berezia izango da aurten, Tolosaldean, 28 herriek eskutik plazaratuko baitute, Euskararen Nazioarteko Eguneko gogo eta aldarria: Tolosaldean euskarak 365 egun!!.
Plaza bete desio, leloaren letra bana irudikatu beharko du herri bakoitzak, eskualdea talde eginez: «Elkarlanerako prestutasuna azaldu eta zabaldu nahi dugu, auzolanerako gogoa. Euskararen arnasgune izan nahi dugu, eta hori ez da gutako bakoitzak bakarrik egin dezakeen zerbait. Argi daukagu herri guztiok batera aritu behar dugula lan horretan ere: ahulak gara bakarka, baina, elkarrrekin, indartsuak».
Atzo egin zuten agerraldia, eta bertan izan ziren Tolosaldeko 28 herrietako ordezkariak, datorren iganderako deialdia iragartzeko. Izan ere, urte osoan barrena euskara hutsean bizitzeko gogo horretara bidea elkarrekin egin nahi dute, norbanako, talde antolatu, gizarte eragile nahiz udalek: «Indar berezia eman nahi diogu egitasmo honi, eta ez dugu aurtengo Euskararen Eguna egun bakarreko jaian geratzerik. Seguru aski, gure herrietan posible da, egunero, urteko 365 egunetan, ia ordu guztietan euskaraz bizitzea. Baina guk bi gauza lortu nahi ditugu: batetik, ahal dutenak horretara jartzea eta, bestetik, horretarako zailtasunak dituztenen kontzientziak astintzea».
Horrela beraz, Galtzaundi Euskara Taldeak jarduera «bateratu eta xume» horretan parte hartzera deitu nahi izan ditu Tolosaldeko herritarrak.
Mekanismoa sinplea izango da. Herri bakoitzeko plazak izango dira elkarguneak Tolosako kasuan, Trianguloa plaza, eta 28 herrietan adostutako adierazpena irakurriko dute, 11:30ak aldera. Eguerdian, berriz, dagokion letra edo puntuazio hizkia gorpuztu beharko du herri bakoitzak, ondoren argazkia ateratzeko. Herri bakoitzeko argazkiak bateratuta, leloa osatuko du Tolosaldeak.
URTE MUGARRI BATEN ATARIKOA
Aurtengo abenduaren 3aren berezitasuna ez da, soilik, euskaraz bizitzeko Tolosaldeko aldarri bateratuaren eskutik helduko; 2017ko Euskararen Nazioarteko Eguna urte mugarri baten atarikoa ere izango da.
Joan den astean aurkeztu zuten, Bilbon, 2018an euskalgintzak hartuko duen erronka handienetakoa: Euskaraldia. Herritarren hizkuntza ohiturak aldatzea jomugatzat hartuta, orain arte sekula sortu gabeko babes eta batasuna izango ditu Euskaraldiak, Euskal Herri osoko erakunde ofizial eta eragileen eskutik.
Horrela, zenbait herritan hizkuntza aktibaziorako arrakastatsu suertatu diren formulak hartu, eta zazpi herrialdeetara zabaldu nahi dituzte, urtebete barru.
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte, 11 egunez euskaraz bizitzea sustatuko dute eta, horretarako, euskaldun Aho-biziak eta Belarri-prestak elkartuko dituzte, Euskal Herri euskaldun bat osatzeko sarean. Egitasmoaren informazioa xehetua eskuragarri da www.euskaraldia.eus atarian.