Heziketa berezikoen txanda

Ataria 2017ko azaroaren 17a

Amezketako eskolan ere bat egin dute protestekin.

Greba eta mobilizazioekin hasi dute ikasturtea irakaskuntza publikoan. Irailean hasi zituzten protestak eta abenduaren 12an egingo duten greba orokorrarekin bukatuko dute mobilizazioen lehen txanda, Eusko Jaurlaritzak negoziaziorako urratsak ematen ez baditu.

Azaroan sektoreka banatutako borroka asteak egiten ari dira. Aste honetan sukalde eta garbiketako langileen txanda izan da, eta datorren astean heziketa berezikoak ariko dira protestan. Borroka aste horietan, ostegunetan, greba egiten dute. Azaroko azken astean irakasleen mobilizazioak izango dira.

 

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta ari dira protestan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hezkuntza publikoan. Hainbat eskaera egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari eta oraindik ez dute erantzun positiborik jaso. Besteak beste, hezkuntzara bideratutako inbertsioa handitzeko eskatzen diote, izan ere, Unescok aurrekontuaren %6ko inbertsioa proposatzen du eta Eusko Jaurlaritzak %3,7 besterik ez du bideratzen hezkuntza publikora. Langileen behin-behinekotasunak ere kezka sortzen dio hezkuntza komunitateari, %6ra murriztea eskatzen dute, gaur egun %40koa baita. Era berean, LOMCE eta Heziberri proiektuak bertan behera utzi eta hezkuntza eredu propioarentzat araudia berria eskatzen dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!