«Esfortzu handia egiten dugu besteek bezalako bizitza eramateko»

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 13a, 07:42

Ane Ayestaran billabonatarrak (29 urte) eta Andoni Elustondo tolosarrak (22 urte) diabetesa dute, 1 motakoa. Odolera intsulina sartzeko injekzio-emailea gainean eramatera ohituta daude, gaztetxoak zirenean diagnostikatu baitzieten diabetesa.

Nola jakin zenuten diabetesa zenutela?

Andoni Elustondo: 11 urte nituela jakin nuen. Nire kasuan uda batean izan zen, oporretan geundela Lanzaroten, eta arrazoirik gabe hasi nintzen pisua galtzen eta ur asko edaten. Ama larritu egin zen eta lagun baten bitartez jakin zuen diabetesa izan zitekeela, eta badaezpada analisia egiteko. Egin genuen eta diabetesa nuela aurkitu zidaten.

Ane Ayestaran: Nire kasuan, uda baten ondoren, hamalau urte nituela, irailean eskolan hasitakoan pisu asko galdu nuen, arrazoirik gabe, eta egarri askorekin eta oso nekatuta nengoen, eta medikuarengana joan ginen. Ez genuen arrazoirik ikusten horrela egoteko. Analisien ondoren atera zen diabetesa nuela. Isilpeko gaixotasuna deitzen zaio, ez delako agerian ikusten eta jende askok ez dakielako gaixotasuna daukala, eta kasualitatez aurkitzen delako.

Biok diabetes berdina duzue, diabetes 1 izenekoa.

A.E.: Bereizgarritasun nagusiena diabetes 1 dugunok hormona bat behar dugula da, eta hori injektatu egiten dugu. Diabetes 2 mota dutenen tratamendua pastillen bidez izaten da.

A.A.: Lehenengo motakoan pankreasak ez du intsulina hormona isurtzen odolera, eta guk sartu behar dugu.

Intsulina odolean sartzeko injekzio bitartez bakarrik da?

A.A.: Badira bonbak modu jarraian isurtzen dutenak, baina oraingoz ez dira asko jartzen.

Eta nola izaten da tratamendua? Egunero hartu behar duzue injekzioa?

A.E.: Egunerokoa da. Tratamendu ezberdinak daude, eta batzuk 24 ordukoak dira. Nire kasuan egunean bost aldiz sartu behar izaten dut injekzioa.

A.A.: Nik egunean lau aldiz egiten dut. Bakoitzak egokitzen du bere beharretara tratamendua, bakoitzak behar ezberdinak dituelako.

Nola eramaten da hainbeste injekzio hartzearena egunero?

A.E.: Nire kasuan bost segundoko gauza bat da. Niri ez zait zaila suertatzen. Izan daiteke dagoeneko ohituta nagoelako. 11 urte nituenetik egunero berdina egiten ari naiz, eta ez zait kostatzen.

A.A.: Nik oso ondo oroitzen dut intsulina lehenengo aldiz jarri zidatenekoa larrialdietan. Sekulako aldaketa eman zidan gorputzak. Neramakien neke guztia kendu zidan, beraz beti heltzen diot sentsazio horri. Gaixo hitza esan beharrean, esango genuke guk ondo egoteko intsulina behar dugula. Batzuk betaurrekoak behar dituzte eta guk intsulina jartzen dugu.

Eta nola moldatzen zarete tratamendua hartzeko?

A.E.: Boligrafo moduko bat da, eta nire kasuan poltsikoan eramaten dut, eta behar dudanean komunera-edo joan, injektatu eta listo.

A.A.: Nik ez dut horrela egiten. Kale erdian, jende guztiaren aurrean ez daukat zalantzarik nire intsulina atera eta jartzeko. Oso onartua daukagu betaurrekoena, edo inhalagailuak, edo pilulak hartzearena, eta gure intsulina ere guztiz normala dela iruditzen zait. Ez dut arazorik edozein jatetxeren erdian intsulina atera eta, tripan tokatzen dela edo besoan tokatzen dela, injektatzeko.

Toki batera bidaiatu behar izanez gero ere gainean eraman behar.

A.A.: Ireki gabe badaude, hotzean eraman behar dira, baina ez dute trabarik jartzen inon. Bestela, medikuaren txostena eramaten duzu. Hegazkina hartzerakoan, esaterako, ez didate behin ere ezer esan.

Gaixotasuna nondik etorri daitekeen jakiterik badago?

A.A.: Gure gorputzeko zelulek lan egiteari utzi diote; pankreasak ez du intsulina isurtzen. Niri hamalau urterekin gertatu zitzaidan, eta Andonik esan duenez, berari 11 urterekin.

Eta edozein urterekin gertatu daiteke.

A.A.: Gure motatakoa bai, edozein adinetan gertatu daiteke.

Zer arrisku ditu diabetesak? Ez baduzu tratamendua hartzen zer gertatu daiteke?

A.E.: Segituan izerdia botatzen hasten zara, dardarak, indar falta...

A.A.: Antsietatea ere izaten da. Azukrearekin segituan buelta ematen diozu. Hori epe motzera izaten da. Ez baduzu intsulina jartzen, gora egiten du, eta hori gertatzen bada, lehen aipatutako sintomak: egarria, nekatuta, pixa egitera joan...

Erizaina izanik, Ane, gaixotasunaren beste ikuspuntu bat ere izango duzu. Tokatu zaizu diabetesa duen jende gehiagorekin egotea?

A.A.: Nik ikusten dudana da esfortzu handia egiten dugula besteek bezalako bizitza eramateko; benetan lan handia suposatzen digula. Akaso gau batean jaiki zara bi aldiz azukrea jaitsi edo igo egin zaizulako, ez duzu berdin deskantsatzen, baina hurrengo egunean jaikitzen zara eta beste guztiak bezala aurrera egin behar duzu. Eta kirola egin nahi duzu, baina kirola egiteak ere bere gakoa du; azukrea oso altua baduzu estresarekin igo egiten zaizu edo jaitsi.

A.E.: Gakoa da norberak bere gorputza ezagutzea eta gero horren arabera jakitea nola kudeatu.

A.A.: Esfortzua konstantea da, gosaltzera zoazenean, adibidez. Joan gaitezke gosaltzera diabetesa ez duen norbaitekin, eta inork ez antzematea zeinek duen diabetesa eta zeinek ez, berdina jan dezakegulako. Baina diabetesa dugunok aurretik pentsatu dugu zer jango dugun, jarriko ote dugun intsulina gehiago edo gutxiago. Gero buelta bat ematera bagoaz, dosia aurretik moldatu egin behar dugu... Denbora guztian kalkuluak egiten ari gara. Bizitza normala egitera iristen gara, baina atzetik dagoen esfortzua handia da, eta besteek ez dute hori nabaritzen.

A.E.: Jendeak pentsatu dezake erraza dela, baina azkenean esfortzu bat dago horren atzean, beti zaude pentsatzen.

Andoni, zu saskibaloian aritzen zara. Beraz, entrenamenduak eta partidak dituzunean, kalkuluak ateratzen egon behar zara, ezta?

A.E.: Ni gogoratzen naiz 11 edo 12 urterekin gehiago kostatzen zitzaidala. Sustoren bat izan dut. Orain, hainbeste urteren ondoren, badakit nola dagoen gorputza, zer behar duen... Urte guzti hauetan susto bat izango nuen, indargabe geratu azukrea jaitsi zaidalako. Ikasi egiten da denborarekin.

A.A.: Hori da, ikasi egiten da. Gero hor ikusten dira txirrindulariak, eskalatzaileak... diabetesarekin. Ondo ezagutu behar duzu zure gorputza.

A.E.: Nik edozein kirol egiten dut, besteak bezalaxe.

A.A.: Ona izaten da beti aliaturen bat izatea ondoan, badaezpada ere. Zerbait pasatzen bazait, diabetikoa naizela eta zer egin behar den azaltzeko.

Dokumentazioren bat eramaten duzue gainean, badaezpada ere, zerbait gertatuz gero jendeak jakiteko diabetikoak zaretela?

A.E.: Nik diru-zorroan txarteltxo bat daukat, diabetikoen elkartearena, baina bestela ezer ere ez.

A.A.: Paradoxikoa da txartelean jartzean duena: «Aurkitzen banauzu norabidea galduta edota mozkortuta nagoenaren sintomekin, eman azukrea». Eta egia da, azukrea jaisten zaigunean batzuetan norabidea galtzen dugu, edo gauza bat esateko buelta asko ematen ditugu.

Bada zerbait ezin duzuena jan, edo egunaren arabera ere izaten da?

A.A.: Gaur egun gero eta gutxiago murrizten da kontu hori, eta mezua da gero eta gehiago denetik jan dezakegula. Janari batzuk jaterakoan zailagoa da kontrolatzea azukrea oreka kanpotik jarritako intsulinarekin. Guk argi daukagu karbohidratoak dituen elikagai bat jaterakoan, bakoitzak bere dosia jarri beharko duela. Inoiz ez Andonik eta nik berdina. Berak bere dosia, bere gorputzak behar batzuk baititu eta nireak beste batzuk. Ez dio axola gehiago edo gutxiago. Opil industrialek, azukre sinpleek..., intsulinarekin kontrolatzea oso zaila den azukre igoera izaten dute. Badaezpada gutxiago jaten dituzu horiek edo saiatzen zara ekiditen.

A.E.: Piko horiek kontrolatzea nahiko zaila da. Egunerokotasunean nik behintzat horiek ekiditen ditut. Karbohidratoekin ere nahiko adi egon behar da. Horiek dira gero azukre bihurtzen direnak eta, beraz, kontrolatu behar direnak.

A.A.: Kalkulatu behar duzu zenbat hartu behar duzun eta horren arabera zenbat intsulina hartu behar duzun.

Beraz, horrelako kontuekin adi egon behar zarete.

A.E.: Bai, pixka bat bai.

Eta, adibidez, freskagarriekin nola moldatzen zarete? Azukre asko dute, ezta?

A.E.: Horiek azukre hutsa dira.

A.A.: Estuasun batean, azukrea jaisten bazaizu, onak dira errekuperatzeko.

Arlo ekonomikoari dagokionez, hartu behar dituzuen injekzioak gizarte segurantzaren barruan sartzen dira?

A.A.: Osakidetzak hartzen du bere gain gastu hori. Kontua da orain berrikuntza asko iristen ari direla, eta horiek ez dira sartzen. Orain dela urte batzuk azukrea modu jarraian neurtzen duen neurgailua atera zen, eta nik jarria daukat, baina Osakidetzak ez zuen hartzen bere gain. Orain, abuztutik hasi da bere gain hartzen, baina 18 urtetik beherakoentzat. Besteoi hamabost egunero 60 euroko kostu bat suposatzen digu. Bestela ere egin dezakegu kontrol hori behatzean ziztatuz, ikusteko azukrea zenbatekoa dugun. Baina oso erosoa egiten da aparatua pasa eta ikustea nola egon garen gau osoan, behatzean ziztatu behar izan gabe.

Tarteka, beraz, begiratu beharra daukazue zein den azukre maila.

A.E.: Nik ez daukat neurgailu hori jarrita eta nik azukrea begiratzen dut hiru aldiz-edo egunean, normalean etxean nagoenean. Nire gorputza nola doan dakidanez, nahikoa da aldi horietan begiratzea. Behatza ziztatzen da orratz batekin odol pixka bat ateratzeko eta gero makina batean sartu eta begiratzen da azukrearen maila. Makina hori sartuta dago gizarte segurantzan.

Azukrea jarraian begiratzen duen neurgailua etorkizunean gizarte segurantzan guztientzat sartuko da?

A.A: Nik uste dut baietz, baina nire uste pertsonala da. Informazio asko ematen du, eta beste makinarako behar diren tira horiek duten kostua ere ez da txikia. Beraz, Osakidetza bere ikerketa egiten ari da ikusteko zein den merkeagoa.

Gipuzkoako Diabetikoen Elkarteak zer lan egiten du?

A.A.: Lan ona egiten dute hasiberriekin, eta eskoletan hitzaldiak ematen dituzte, haurrak jangeletan geratzen direnean. Nolabaiteko prestakuntza ikastarotxo bat egiten dute elkartetik kosturik gabe. Irteeretan haurrei laguntzeko boluntarioak ere badaude, eta udalekuak ere antolatzen dituzte. Beharrezko lana egiten dute.

Eskoletan, lanean... jakinarazten duzue?

A.A.: Batera eta bestera mugitzen naizenez lanean, gustatzen zait batek edo bik behintzat jakitea nire egoera zein den, uneren batean laguntza behar izanez gero, ez banago ondo, edo geratu behar banaiz bost minutu azukrea hartzeko, jakiteko zergatik den. Hasierako gomendioa egiten zigutena zen ez esateko jende guztiari, baina ez gordetzeko ere, zerbait gertatzen bazaizu jendeak lagundu dezake-eta.

Ezagutzen duzue jende gehiago diabetesa duena?

A.E.: Nik inguruan bi edo hiru ezagutzen ditut. Ez da oso ohikoa.

A.A.: Nik herrian ezagutzen ditut bi neskato, 9 urte inguru eta 7 urte inguru dituztenak. Eta badakit herrian eta inguruan badirela beste neskato bat eta nire adineko beste hiru.

Jendeak zer erreakzio izaten du diabetikoa zarela jakiterakoan?

A.E.: Nire ingurukoek jakiten dutenean, askok ez dakite ezta zer den ere. Entzuna bada, baina oso ondo ez dakite zer den. Askok nahasten dute zeliakoekin, adibidez.

A.A.: Denetik tokatzen zaizu entzutea. Askok esaten dute bere buruari ezingo lioketela ziztatu. Niri horrek amorru pixka bat ematen dit, ikusita injekzioa jarriko ez banu zer gertatuko litzatekeen... Ez dago besterik, jarri eta listo. Betidanik ezagutzen zaituztenek ikusten dute bizitza normal bat egiten duzula, eta pilula bat hartuko bazenu bezala dela. Orokorrean onartua zara.

Erlazionatuak

Intsulina hormonaren menpe

Imanol Garcia Landa 2017 aza 13 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!