Intsulina hormonaren menpe

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 13a, 08:03

Diabetesa gorputzak odolean behar duen azukre edo gluzemia mailan desoreka bat izatea da. «Elikagaiak jaten ditugunean horietatik azukreak edo gluzidoak hartzen ditugu eta gero sistema endogeno baten bitartez, hau da, pankreasak isurtzen duen intsulina baten bidez, odolean jasotzen da azukre hau eta muskuluetara, gibelera edota gantz ehunetara eramaten da», azaldu du Aitziber Altzaga familia medikuak. Hain justu, azukrea da gure ehunek energia sortzeko behar duten printzipio basikoa.

Hori horrela, odolean azukre maila estandarra egotea da lortu beharrekoa. «Baraurik gaudenean odol dezilitro batean 70 eta 110 miligramo bitarte, eta jan ondoren 200dik beherakoa beti», zehaztu du Altzagak. «Diabetesaz hitz egingo dugu gure gorputzak oreka hau mantentzeko gaitasuna galtzen duenean». Desoreka horrek gora egiten duenean azaltzen da diabetesa. «Baraurik gaudenean azukrearen zifrak 110etik gora daudenean, susmatzen hasiko gara. 126tik gora esan daiteke diabetesa duela. Egia da zifra horiek bi edo hiru aldiz eman behar direla diagnostikora iristeko».

Bi diabetes mota ezberdin daude. Diabetes 1 izenekoa, gaztaroan agertzen dena, eta diabetes 2 motakoa, helduaroan agertzen dena, 40 urtetik gora. Intsulina hormona pankreaseko beta zelulek fabrikatzen dute. «Intsulina hori bizitzaren fase batean gutxitu egiten da. 1 motako diabetesari buruz hitz egitean, badago gaixotasun autoimmunitario bat zelula horiek hiltzen edo degeneratzen dituena», azaldu du Altzagak. «Gaixotasun autoimmunitario horiek oso gaztetatik hasten dira sintomak ematen. Jaio osteko lehen hilabeteetatik, haur txikietan ere gertatzen da, eta ia 40 urte bitarte ematen da». Diabetes 1 mota izanez gero, beraz, intsulinarik ez da sortzen.

2 motatako diabetesa helduaroan agertzen da. «Intsulina hormona badago, baina kopuru gutxiagoan isurtzen da, gastatu egin dugulako. Askotan ikusten dugu diabetesa, gizentasuna eta elikadura ezegokiak batera doazela», esan du Altzagak. «Muskuluek, gibelak eta gantz ehunek intsulinarekiko duten sentsibilitate hori jaisten da. Intsulina horren eragina gutxitu egiten da ehunetan, eta hori helduaroan ematen da eta faktore genetikoaz aparte, elikadurarekin eta bizimoduarekin zerikusia du».

Bi motetan asoziazio genetiko bat dagoela azaldu du Alzagak. «Lehenengo motan joera genetikoa dago, baina ez da matematikoa, hau da, nire ama diabetikoa delako ez dut zertan nik ere izan behar, gene askok parte hartzen dutelako». Bigarren motan ere faktore genetikoek eragina dutela dio, gene askok parte hartzen baitute. «Poltsa berean dauden bikien artean batek diabetes 1 garatzen badu, baliteke besteak ez garatzea. Baina segur aski 2 motakoa biek garatuko dutela. Azken hau giro-faktoreen eraginpean dago gehiago. Irudikortasun hori badaukazu, eta gainera zure bizimoduan ez bazara zaintzen, gizentasuna daukazulako edo sedentarioa zarelako, edota elikadura aldetik ez zarelako zaintzen, diabetes hori agertuko da intsulinaren eragin hori asaldatzen delako».

Diabetesak duen makurkeria da ez duela apenas sintomarik ematen gauzak oso gaizki dauden arte. «Azukre maila altua kronikoki izateak ez du sintomarik ematen, ez du minik ematen, ez du gaizki sentiarazten, ahalik eta erabat asaldatzen den arte», esan du Altzagak. Sintoma kardinalak edo alarma zeinuak zein diren zehaztu ditu: «Egarri handia, gose handia, denbora guztian pixa egiten eta barra-barra, eta hala ere pisua galtzen. Horiek esan nahi digute diabetes larri baten kasuan gaudela».

Familia medikuaren egitekoa izaten da, diabetes 1 motakoari dagokionez, bilaketa aktibo bat martxan jartzea antzematen denean norbaitek inguruan diabetes kasuak dituela. 2 motari dagokionez, estu lotuko ditu 40 urtetik aurrera gizenak direnak, kirol gutxi egiten dutenak edo dieta desorekatua jarraitzen dutenak. «Helburua da batez ere garaiz harrapatzea kasu horiek, gero sortu ditzaketen arazoak ekiditeko». Batez ere bi arazo sortzen ditu diabetesak, zehaztu du Altzagak: «Batetik, makroangiopatiak, hau da, arterietako arazoak, eta horien artean gehienak kardiobaskularrak dira. Beraz, bihotzekoak eta iktusak izateko aukerak handiagoak dira, hanketako mina eta ixten ez diren ultzerak, sentsibilizazio faltak... Inpotentzia sortzen du, arteriak ixten dituelako, eta arteroesklerosiaren eragile nagusia da». Bestetik, mikroangiopatiak sortu ditzake: «Begietako arazoak, bista jaisten joaten da, giltzurrunetako arazoak, sentsibilitate arazoak...».

Diabetesak heriotzara eraman dezakeela gogora ekarri du Altzagak, «gaizki kontrolatuta badago». Gehienetan «kronifikatu» egiten da gaixotasuna: «Diabetesaren diagnostikoa egiten diozun pertsona bat diabetikoa izango da bizitza guztian». Kontrolpean eraman daitekeen gaixotasuna dela dio Altzagak. 1 mota dutenak intsulina injektatuko dute bakoitzak bere beharren arabera. «2 motako diabetikoa, nahiko goiz atzemanez gero, eta kilotxo batzuk galduz, ariketa batzuk eginaraziz eta dieta egokituz, ziurrenik azukre maila horiek neutralizatzera iritsiko da, normalizatzera. Baina jarrera horrekin jarraitu beharko du, neurri horiek hartzeari uzten dion unean berriro ere azukre maila igo egingo baitzaio».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!