Basoen geroaz

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko aza. 5a, 10:43

Duela aste batzuk Galizian izandako suteek kezka piztu dute. Basoen kudeaketa ezegokia jo da suteak areagotzeko pizgarrien artean. Galdera mahai gainean dago: zein da gure basoen egoera? Berezko harizti, pagadi, amezti, artadi, ezkamezti eta haltzadiak babesten ote dira, eta basoberritzeetan sartutako intsinis pinuek mesede egin al diote landa-eremuari?

Baso atlantiko eta baso mediterraneoak ditugu Euskal Herrian, eta Tolosaldean baso atlantikoa deritzona nagusitzen da. Erdi Arotik XIX. mendera basoak neurririk gabe ustiatu eta urritu ziren, ustiaketa industrialaren ondorioz. Gipuzkoan, 1650 eta 1814. urteen artean, 20.000 eta 25.000 hektarea baso kontsumitzen ziren, burdinolen eraikuntzarako eta ikatza lortzeko, batik bat. Haritzak erabili ziren asko, itsasontziak egiteko, eta baso-jabe askok, etekin ekonomiko azkarra lortze bidean, masiboki ebaki zituzten.

Egoerak muturrera egin baino lehen, Gipuzkoako Foru Aldundiak basozaintza zerbitzua sortu zuen XX. mende hasieran eta arazoa konpontzeko egindako basoberritzeetan intsinis pinua sartu zen, bai lur pribatuetan eta baita publikoetan ere.

Etengabeko degradazioa

Isuri atlantikoan basoek etengabeko degradazioa izan dute (Eusko Jaurlaritza, Ingurugiroaren erronkak, 2004). Ez da egoera berria, 250 urte atzera eginda ere degradazioa aipatzen da. Gipuzkoako basoen azalera %59koa da (Habe aldizkaria, Basoaren itzal handia, 2004). Basoen ustiaketa okerraren ondorio da basoen degradazioa, baina hori ez da Euskal Herrira mugatzen den errealitatea, Europa osoan ematen den arazoa baita. 1900. urtean S. Larreak basoak birlandatzeko proposatu zion Foru Aldundiari: «Eukaliptoak itsasaldean eta klima hotzeko koniferak mendialdean». 1918ko Eusko Ikaskuntzen I. Biltzarrean, O. Elorrietak indar handiagoz proposatu zuen industria kimikorako zein papergintzarako eskariaren arabera landatu behar zirela basoak. Eta 1933an Th. Lefevbre geografoak egindako mapan Pinus radiata ez zegoela oso hedaturik ikusi daiteke. Ondoren konifero eta eukalipto kopuruak izugarri egin zuen gora, bertako baso espezien kalterako. Eusko Jaurlaritzak 1986. urtean argitaratutako Euskal Autonomia Erkidegoko Baso Inbentarioak lanean ikusi daiteke, atzerriko koniferoen basoek, Pinus radiata-renak, batik bat, hedadura handia hartzen zutela. Pinu mota horrek urteko 27 metro kubiko hektareako hazkuntza duela eta txarrenean 7koa baino ez. Gipuzkoan pinu horren ehunekoa baso azalera osoaren %65etik gorakoa da.

Etekin ekonomiaren mesedetara moldatu dira beraz, basoak, epe motzeko mozkin ekonomikoak lortzera, basoen izaera sozial, ekologiko eta orekatua zalantzan jarriz, eta euskal paisaiaren eraldaketa ekarriz.

Basoen degradazioaren arrazoiak

World Wildlife Fund For Nature (WWF) erakundearen Espainiako adarrak egindako txosten baten arabera, poluzioa, basoen babes maila baxua eta pestiziden zein herbiziden gehiegizko erabilera aipatzen dira basoen desagertzearen arrazoien artean. Basogintza egurraren ekoizpenari lotu izan da azken urte luzeetan, eta kalitatea baino, kantitatea lehenetsi da. Hildako zura ere aipatzen du txostenak; basoetako espezie askoren habitata da, eta oso urria da, orokorrean. Txostenak egiten zuen proposamenik ere, Espainiako 205 baso berehala babestea, Habitaten Arteztarauaren Red Natura 2000 delakoan sartuz.

Diru laguntzak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2017rako diru laguntzak ere kritikak eragin ditu. Guztira 2.800.000 euroko partida onartu zuen, iaz baino 800.000 euro gehiago. Kopuru horretatik egurgintza intentsiborako 2.666.000 euro bideratu ditu, kopururik altuena, diru laguntza osoaren %95,2a (2016an 1.866.000 euro izan ziren) eta pinudi zaharrak botatzeko 1.392.000 euro. Sute eta hondamendiak bideratzeko 609.000 euro eta baso naturalak mantentzeko 134.000 euro.

Naturkon koordinakundeak datu horiei erreparatuta lobby-ez hitz egiten du; zur-industria pribatuena, alegia. «Diruen xedapenak zehazten dituenean hasten da gure harridura: baso-ekosistemen zaintza eta hobekuntzarako egingo diren inbertsioei laguntzeko 134.000 euro soilik, 2017rako diru laguntza osoaren %5a baino gutxiago. Nahikoa ote? Ala legeak betetzearen gainetik, bururatzea zaila egiten zaigun goi-mailako helbururen bat lortu nahi dute? Esaterako, sektore honetan lan egiten duten enpresak, zur-industrien lobby-a, saritzea?».

Diru laguntzen kopuruaren erdia, 1.392.000 euro hain zuzen, 40 urte baino gehiagoko intsinis pinudi zaharrak moztu eta saltzera bideratu nahi direla salatu du Naturkonek, «alegia, bioaniztasun handieneko pinudiak erauztera. Eta aparteko sari publikoarekin, nahi izanez gero bere ordez eukaliptoa jartzea ere libre izango delarik». «Pistak egiteko, pinuak landatzeko, itxiturak jartzeko (edo kentzeko), lehen urteko hutsak birjartzeko, sasiak garbitzeko, plagizidak bereizkuntzarik gabe edo neurrigabe zabaltzeko, ongarritzeko edota 12 urteetan zehar kimatzeko nahikoa ez nonbait eta, orain pinuak mozteko ere diru laguntza publikoa, alajaina. Merkeak ateratzen zaizkigu ditxosozko pinu horiek», gaineratu du.

Beste daturik ere eman du Naturkonek: Gipuzkoan europar legeek babesten dituzten 11 baso mota mehatxatuta daudela, eta Europar Batzordearen azken datuek diotela baso horien mantentze egoera txarra dela. Gipuzkoan Foru Aldundia da basoak babesteko eskumena duena eta 2020rako 11 baso mota horien erdien egoera behintzat, irauli egin beharko lukeela diote koordinakundeko partaide diren talde ekologistek.

Gure paisaiaren parte dira basoak eta hemengotzat ditugun espeziez harago, errentagarritasun ekonomikoa eman duten zuhaitzak sartu dira azken urte luzeetan, etengabe. Horien artean pinua izan da jaun eta jabe orain arte. Aurrerantzean hariztiak izango ote dira euren lekua hartuko dutenak? Posible dirudi diru laguntzak orain, gaixo dauden pinudiak kendu eta hariztiak sartzera bideratu baitira. Basoen kudeaketa, ordea, diru laguntzen karietara moldatu behar ote den da galdera, eta horri erantzuteko Fraisoro eskolako Baso Kudeaketa eta Natura Ingurunea zikloaren irakasle eta saileko buru den Maixa Otegi eta Gipuzkoako Baso elkarteko Fernando Otazua zuzendaria elkarrizketatu ditu ATARIA-k.

DATUAK:

Azken sutea: 1989an 4.300 hektarea erre ziren eta Adunak ere kalteak jasan zituen. Lehortea eta  haizeteak faktore garrantzitsuak izan ziren.
Gipuzkoako egoera: Lurraldearen %59a da baso azalera, eta horretatik %65,5a da pinudi landatua.
Zuhaiztien %80a esku pribatuetan dago, 10.000 lur-jabe dira guztira; dauden 120.000 hektareetatik 90.000 daude beraien esku.
Tolosaldeko egoera: Gipuzkoako %18a da baso eremu. Batez ere, intsinis pinua dago (%26,50), ondoren daude pagoak (%17,68), baso mistoak (%15,16), bertako haritza (%10), alertzea (%7,83) eta pinu beltza (%6,27).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!