«Mendia errentagarria bada, zainduko duen norbait egongo da»

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 5a, 12:55

Euskadiko baso elkarteen bilgunea da Basoa eta Gipuzkoako zuzendaria da Fernando Otazua (Bergara, 1957). Basogintzaren onurez hitz egin du eta askok insignis pinua eta eukaliptoa gaitz guztien sorburutzat jotzen badituzte ere, errentagarritasuna ematen dutela eta horrek basogintza mantentzen laguntzen duela dio. Sektorea osasuntsu mantentzeko ikerketa gehiago behar direla ere nabarmendu du, «pinudiak gaixotu dira eta egoerari buelta emateko ikerketak oso beharrezkoak dira».

Ondo zainduta al daude Gipuzkoako basoak?

Zainduta daude eta kudeatuta daude, eta hori da Galiziako suteak bezalakoak ekiditeko dugun bermerik handiena. Diru laguntzak ere badaude, azken urteetan handitu dira, gainera. Basoak mantentzeko lur-jabeek egiten duten kudeaketari laguntzak gehitu behar zaizkio.

Eta nola dago Gipuzkoako baso-sektorea?

Gure bazkideek oso lan ona egiten dute, baina egia da pinuen osasun egoera kezkagarria dela. Haritzek asko sufritu dute, gaztainondoak ere gaixo daude, Europako lizarrek ere badute gaixotasun bat eta badirudi hona iristen ari dela... Kezkagarria da, baina horri buelta emateko egiten dugu lan.

Gaixo dauden pinudietako asko kendu dira jada...

Bai, 600 hektarea inguru, eta orain zer? Gai korapilatsua da, eta ikerketak egitea falta da. Elkartetik askotan eskatu dugun gaia da hori. Ikerketak egin behar dira, horrenbeste hartzen duen sektore bat izanda, ikerketa gutxi daude. Osasun arloan oso gutxi dago eta hobekuntza genetikoen gaian ere oso gutxi. Gaixotasunen kontra egiteko modu bakarra da gaixotasuna duten zuhaitz horien artean hobekien daudenak aztertzea, jakiteko hortik bideren bat ireki daitekeen. Oso gutxi ikertzen da, behar baino gutxiago. Txilen esaterako, insignis pinu asko daude, eta hor enpresa pribatuak daudenez, ikerketak bideratzen dituzte, baina gurean ez da hori ematen. Ikerketak egin behar dira eta ikerketa horiek aplikatuak behar dute izan.

Bi ideia nagusitzen dira; basoa bere horretan mantendu behar dela esaten dutenak eta errentagarritasuna basoen mantentzearen erdigunean jartzen dutenak.

Mezu nahasgarriak daude. Badago basoa ez kudeatzearen alde egiten duenik ere. Suteei dagokienez, hori ez da batere egokia, suteak zabaltzeko bidea ematen baitu. Nire ustez kudeaketa eza arriskutsua izan daiteke. Bestetik, menditik errentagarritasuna ezin daitekeela lortu esaten dutenak ere badaude. Natura prostituitzea dela deritzotenak, nolabait esateko. Baina lan egiten duenak, normalean behintzat, etekin baten truke egiten du, eta zergatik ez da etekinik aterako basoetatik? Azkenaldian bioekonomiaz hitz egiten da, zirkulu ekonomiaz, eta horretarako egurra oinarrizkoa da. Egurra naturak ematen duen adreilua da. Bertako egurraren kalitatea bakarrik onartzen dutenak ere badaude eta beraz, pinuak eta eukaliptoak paper-fabriketarako bakarrik balio dutela esaten dute. Haritz guztiak ez dira kalitate gorenekoak, mota askotako egurrak daude, kalitatea mendi horien kudeaketarekin lortzen da. Pinuak altzariak egiteko ere balio du, ez paper fabriketarako bakarrik.

Papergintza aipatu duzu eta Tolosaldeko ikur izan da. Paper-fabriken desagerpenak izan du eragina Tolosaldeko egoeran?

Ez du ia eraginik izan. Tolosaldearen eta Gipuzkoako gainontzeko zonaldeen egoera antzekoa da. Egia da Tolosaldean abeltzaintzak eta nekazaritzak indar gehiago izan duela eta basogintza ez dela horrenbeste zaindu. Tolosaldean jabeko publikoko lursail gehiago daude, hori bai. Gipuzkoan basoen %21 publikoak dira eta Tolosaldean %33a inguru.

Jarduera ekonomikoa badago, jarduera hori mantentzeko bidea irekitzen da, beraz.

Mendia errentagarria bada, zainduko duen norbait egongo da. Mendia zaintzeko konpromisoa hartzen dutenak egotea zoragarria da. EHUk eta Zaragozako Unibertsitateak egindako baso-jardueraren inguruko azterketa batek dio Gipuzkoan egurraren salmentak urteko 15 milioi euro inguru ekartzen dituela eta kanpoko eragin positiboak ere badituela; CO2a xurgatzea, lurraren higatzea, uren filtrazioa... 90 milioi eurotan baloratu dute. Hau da, lur-jabe horiek egurraren euro bakoitzeko sei euro 'oparitzen' dizkiote gizarteari. Guk lortu nahi duguna da gizarteak lur-jabe horri zerbait itzultzea, jarduera hori errentagarriagoa izateko, eta horrela baso eta zuhaizti horien mantentzea ahalbidetzeko.

Gipuzkoari baso-jarduerak mesede besterik ez diola egiten esan nahi duzu?

Ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez mesede egiten diotela esango nuke nik. XX. mende hasieran zuhaiztiak oso urriak ziren eta gaur egun, azaleraren %60a hartzen dute. Horrek lan bat dauka atzean.

'Insignis' pinua landatu zen erruz.

Pinua gaitz guztien sorburutzat jo dute askok, eta gure ustez ia-ia omenaldi bat egin behar zaio. Lur-jabeari errentagarria izango zaion zerbait eskaini behar zaio, eta urteetan pinuak eman dio errentagarritasun hori. Dugun 1.650 litroko prezipitazioarekin zuhaiztiak egongo ez balira lurraren higadura ikaragarria litzateke, horregatik da ezinbestekoa basoberritzea. Eta basoberritzea pinuek ekarri dute. Baso-jarduerak higadura sortzen duela diote, baina zuhaitzek lurrari aterki bat jartzen laguntzen dute, bestela ur guztia erreketara joango litzateke.

Baina pinuak gaixo daude.

Oso kezkagarria da. Ez dira gaixotasun berriak, mutazioak dira. Hostoetan sortzen diren onddoak dira eta lehortu egiten dituzte eta noski, horrek fotosintesian du eragina, hostoen bidez egiten baitute eta lehorrak badaude ezin dute funtzio hori bete, eta ez dira hazten. Urte bateko kontua balitz ez litzateke arazorik egongo, baina urtero errepikatzen da eta hortik arazoa. 6-7 urtetik indarra hartuz joan dira gaixotasun horiek eta Tolosaldean nahiko hedatuta daude. Azpeitia aldean jo du azkenekoz.

Kendu egin behar dira, baina zer landatu?

Errentagarritasuna eman behar duten espezieak jarri behar dira, baina leku guztietan ez dute espezie guztiak balio. Aukera bat baino gehiago daude, baina egia da eukaliptoaren landatzea indartzen ari dela.

Eta eukaliptoak pinuak utzitako hutsunea betetzeko balio al du?

Espezie interesgarria da eta lekua egiten ari da. Hernanin bertan badago eukaliptoarekin lan egiten duen enpresa bat, Santander eta Asturias aldetik ekartzen dute, eta tarteka Uruguaitik ere ekartzen dute barkukada itzela. Badago eukaliptoaren industria. Gipuzkoan badago eukaliptoa lantzeko aukera, irteera izan dezake. Hemen papergintzara bideratzen da, baina badira lekuak non beste erabilera batzuk ematen dizkioten.

Eta bertako espezieak?

Aurreko Gipuzkoako Foru Aldundiak bertako espezieak landatzearen alde egin zuen eta gure bazkideen artean ez zuen oso harrera ona izan. Errentagarritasuna emango ez duen zerbait landatzea ez da interesgarria. Gaur egun egoera bestelakoa da. Diru laguntzak dugun osasun arazoa bideratzera zuzendu behar dira, gure ustez. Lur-jabe bati, 35 urteko inbertsioa egin eta 20 urtera gastu guztia egin eta gero, zuhaiztia gaixotzen bazaio, laguntza behar du. Gure jarduera mantentzea nahi bada, lagundu behar zaigu. Jendeak ezin ditu kolpeak bakarrik jaso.

Zeinen arabera ematen dira bada, laguntzak?

Hazkuntza moteleko espezien landatzea bideratzera joan dira diru laguntzak, horrela ekoizpenerako horren interesgarriak ez diren espezieak ere babesten direlako.

Erlazionatuak

Basoen geroaz

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 aza 05 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!