Bertso afaria eta giza katea, gaixo dauden presoen alde egiteko

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 31a, 07:39

Manu Azkarateren askatasuna eskatzeko giza katea.

Sare mugimenduak larriki gaixo dauden euskal presoen egoera salatuz jarraitzen du eta horretarako bertso afaria egingo dute Ibarran eta giza katea Tolosan.

Sare Herritarra mugimenduak antolatuta bertso afaria egongo da Ibarran, ostiralean. Hirugarren urtea da egiten dutela udazkenarekin, eta urtero elkarte desberdin batean egiten dute. Aurten Kirol Elkartean egingo dute. «Sendi Ekintzan egin genuen lehena eta Xeplan iaz, aurten Kirol Elkartearen txanda da», esan du Tolosaldeko Sarek. «Jendeak erantzuten badu urtero antolatuko dugu, baina espero dugu beste aldarrikapen batekin izatea edota bestela ospakizun bezala egitea», gaineratu dute. Izan ere, bertso afaria 0 Km kanpainaren barruan antolatu dute, euskal presoei ezarritako «salbuespen legeria» desegitea eta «ohiko legeriara» itzultzea eskatzeko.

Ibarrako bertso afarian Unai Iturriaga eta Alaia Martin bertsolariak ariko dira, eta gai jartzaile lanak Mattinek egingo ditu. Sarrerak Zubiaurre, Txumitxa eta Danon Txokoa tabernetan erosi daitezke; 18 eurotan lana dutenek eta 15 eurotan langabe eta ikasleek. «Aurreko bi urteetan lepo bete dira elkarteak eta aurten ere sarrera pila bat saldu ditugu jada. Saio polita izango da. Bi bertsolariak belaunaldi desberdinetakoak dira, saio parekidea izango da eta Alaia Martin Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetan izango da azaroaren 1ean», esan dute.


Giza katea, tolosan
0 km kanpainaren barruan bada beste hitzordurik. Azaroaren 8an, asteazkenarekin, giza kate ibiltaria egiteko deia egin du Sarek Tolosan. 19:00etan abiatuko dira Trianguloatik eta epaitegitik pasata osasun etxean bukatuko dute giza katea. «Larriki gaixo dauden presoak askatasuna eskatuko dugu giza katearekin eta herritarrei bat egiteko eskatzen diegu. Preso eta erbesteratuak Euskal Herrian nahi ditugu. Larriki gaixo dauden presoak bizirik eta etxean nahi ditugu. Salbuespeneko legediarekin amaitzea eskatzen dugu eta presoen eskubideak errespetatzea. Eta hau guztia lortzeko presoek gizartearen bultzada behar dute».

Tolosako giza katearekin batera, azaroaren 11n beste giza katea bat egongo da Basauriko espetxetik hango osasun zentrora bitarte, 12:00etan aterata eta Sare Herritarrak parte hartzeko deia egin die herritarrei. Eskualdetik kotxetan joateko deia egin dute.

Bestalde, azaroaren 2an, osteguna, abenduaren 9an Parisera joateko Bakegileen proposamena aurkeztuko dute Kultur Etxeko lehenengo solairuan. 19:00etan izango da hitzordua, eta Tolosako Sarek agerraldira joateko deia luzatu die herritarrei.

 
Manu azkarate

Sare Herritarreko kideek Tolosako Manu Azkarate presoen egoera ere ekarri dute gogora. Larriki gaixo dagoela nabarmendu dute eta Alcala Meco (Madril) espetxean dagoela gogoratu. Preso tolosarrak gibelaren inguruan dagoen porta zainean kabernoma du eta zainketa bereziak behar ditu.
Azkarate Ibon Iparragirrerekin batera dago Alcala Mecon eta azken albisteek diote Ibon Iparragirreren egoera «muturrekoa» dela.

Espetxeko forentsearen arabera, «ezin zaio bizi aurreikuspenik egin» eta bi urte barru edo bi-hiru egun barru zendu liteke. Azken analisietan 20 defentsa baino ez dituela jakinarazi diote. Pertsona heldu osasuntsu batek 723-1.124 defentsa artean izaten ditu eta 500 defentsatik behera dauzkan pertsonak immunitate sistema kaltetua du. Iparragirrek 450 defentsa zituen 2014ko martxoan berriro ere espetxeratu zutenean. «Larriki gaixo dauden preso guztien askatasuna eskatzeko denon lana eta inplikazioa behar ditugu», esan du Tolosaldeko Sarek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!