Aiztondoko preso eta iheslarien eskubideekin bat egiteko eguna

Jon Miranda Labaien 2017ko urr. 19a, 11:21

Aiztondoko udalerrietan txandaka antolatzen da Aiztondora Eguna eta aurten Zizurkilen, Joxe Arregi plazan egingo dira ekitaldi nagusiak, urriaren 21ean, larunbatean.

Egotea eta egitea. Hori da inportantea. Aiztondoko euskal preso eta iheslarien eskubideen alde batuko da jendea larunbatean Zizurkilen eta festa giroan egingo dute aldarrikapena, aurrez beste hainbat alditan bezala. «Bailara aktiboa da gurea», esan du antolatzaileetako batek, «hileko azkeneko ostiraletan jendea kalera ateratzen da, festetan ere ekimenak antolatzen dira eta eguberrietan beti egiten dira protestak». Aiztondora eguna «arazoak hor dirauela» gogoratzeko beste ekimen bat izango da.

Txandaka antolatu izan dute eguna, urte batean herri batean eta hurrengoan bestean. «Garai batean ekimena jasotzen zuen herriak hartzen zuen antolaketaren ardura, baina gaur egun, herri bakoitzeko pare bat lagun bildu eta denen artean osatzen dugu egitaraua, elkarlanean». Aurten formatua aldatuta dator. Aurreko alditan, bazkari edo afariak antolatu izan dira Aiztondora egunean eta aurten, «era xumeagoan», plazaren bueltan jarriko dituzte jan-edanak; «zutikakoa izango da». Eguraldi txarra eginez gero, Zizurkil Goiko Intxaur pilotalekura aldatuko dituzte ekitaldiak.

Gaur egun, Amasa-Villabonakoak dira preso dauden Aiztondoko bost lagunak. «Eskertzen da, gainerako bost udalerriek, nahiz eta presorik ez eduki babesa eman eta bat eginda agertzea», esan dute antolatzaileek.

ESKUBIDE URRAKETAK

Aiztondo bailarako euskal preso bakar bat ere ez dago etxetik 500 kilometro baino gertuago. Juan Carlos Besance Huelvan (Andaluzia) daukate; Iñigo Guridi Jaenen (Andaluzia); Manex Castro Puerto de Santa Marian (Andaluzia), Emilio Salaberria Curtisen (Galizia) eta Oskar Zelarain Castellonen (Valentzia). «Euskal preso izategatik salbuespenezko neurriak ezartzen dizkiete eta sakabanatuta dauzkatenez, ingurukoengana ere zabaltzen da sufrimendua. Hori da benetako drama, kalbarioa belaunaldi berrietara pasa dela». Aiztondoko euskal presoetako askok, gainera, adin txikiko umeak dauzkate.

Ibon Iparragirre, larri gaixo dagoen euskal presoaren kasuarekin gogoratuta, Aiztondora eguneko antolatzaileek esan dute, denborak aurrera egin ahala «egoerak okerrera» egiten duela eta «presazkoa» dela presoak etxeratzea. «Mendeku gosea» ikusten diete estatuei eta alde bakarretik pausoak eman ondoren, Espainiak eta Frantziak urratsik ez emateak erakusten du «ez dutela ez interesik, ezta gogorik ere». Preso eta iheslarien auzia konponduta balego, «Euskal Herrian, Katalunian bezala aurrerago pentsatzen ariko ginateke». Estatuek «esku-freno ona daukate presoekin», esan dute.

Egunaren antolakuntzan dabiltzanek aitortzen dute, egoera luzatzeak jendartean «etsipena» sortzen duela eta geroz eta zailagoa dela gizartearen aktibazioa. «Urteen poderioz apaldu eta normalizatu egin da gai hau eta horregatik komeni da horrelakoak antolatzea, bestela immunizatu egingo ginatekeelako». Beraz, argi dute azkeneko presoa atera arte Aiztondora eguna antolatzen segiko dutela: «Kaleratu behar da arazo bat dagoela, oso fuertea dena, ez dena bukatu eta hor dagoena».

Horregatik jarraituko dute Aiztondora eguna egiten eta bailarako presoen eta haien senitartekoen ondoan egoten. «Elkartasun pertsonala, instituzionala eta ekonomikoa» emateko baliatuko dute larunbateko eguna eta beraz, eskualdeko herritar guztiak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera. 2018an preso eta iheslarien auzia konponduta egotea espero dute, baina horrela izan ezean, Aiztondora eguna, datorren urtean Adunan egingo dutela iragarri dute.

Aiztondoko udalek Aiztondora egunean parte hartzeko deia egin zuten atzo eskainitako prentsaurrekoan.

 

AIZTONDORA EGUNA 2017

URRIAK 21, LARUNBATA

17:30. Villabonako Errebote plazan brindisa. Zizurkilgo Erraldoi eta Villabonako Besamotza taldeko kideekin kalejira Joxe Arregi plazaraino.

18:00. Ekitaldi politikoa egingo da plazan.

Ondoren. Pintxoak, gaztainak eta sagardoa, zuzeneko musika eta bertsolariekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!