Udalek Aiztondora egunean parte hartzeko deia egin dute

Ataria 2017ko urr. 18a, 18:30

Larunbatean, urriaren 21ean, Zizurkilen ospatuko da euskal preso eta iheslarien aldeko Aiztondora eguna eta Amasa-Villabona, Alkiza, Larraul, Asteasu, Aduna eta Zizurkilgo udalek bat egin dute deialdiarekin.

«Uste dugu denon artean lortu behar dugula sakabanaketarekin amaitzea, ezin dugula egoera hau usteltzen utzi». Horrela esan dute Aiztondoko udal ordezkariek eta horregatik larunbatean ospatuko den Aiztondora egunean parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. «Alkate eta zinegotziok guztiontzako giza eskubideak aldarrikatzen ditugu, eta ezin bestela, baita euskal presoentzat ere», esan dute Zizurkilgo udaletxean egindako agerraldian. Egunero urratzen ziren eskubideak direla uste dute.

Euskal presoei zuzendutako neurri berezietan jarri dute arreta: isolamendua, kondena beteta duten presoak edota larri gaixorik daudenak kartzelan mantentzea edota frantziar estatuan arrazoi beragatik pasatako kartzela urteak kontuan ez hartzea. «Onartezina da Espainiar eta Frantziar estatuen jarrera, garai berriari entzungor eginez, euskal presoentzat propio sortutako mendeku politika eta legediak aplikatuz jarraitzen dute». Iheslarien eskubideen aldarrikapenarekin ere bat egin dute udal ordezkariek eta «irtenbideak aurkitzen hasteko» garaia dela iritzi diote.

Duela 28 urte abian jarritako sakabanaketa politikoak «bere ankerkeria gordinean» jarraitzen duela salatu dute eta Aiztondon politika horren ondorio gordinenak ezagunak dituztela gogoratu dute, «auto ezbehar larriak tarteko». Egun, bailaran dauden bost presoak penintsularen punta bakoitzean dauzkate, Galizia, Andaluzia eta Valentziako erkidegoetara urrunduta. Bost udalerrietako ordezkariek gogoratu dute, senideek milaka eta milaka kilometro egitera behartuta daudela astebururo eta arrisku nabariaz gain, sekulako ahalegin ekonomikoa eskatzen diela bidaiak. Seme-alabak dituzten presoen kasuan, bikoiztu egiten da «ankerkeria» udal ordezkarien esanetan: «Baditugu euren gurasoak ikusteko asteburu osoak errepidean pasa behar dituzten haurrak. Horrek ez du giza eskubide gutxienekoekin zerikusirik».

Mikel Zalakain billabonatarrari gertatutakoa ere gogoan dute alkate eta zinegotziek, «preso gaixoak ez artatzearen ondorioak ondo ezagutzen ditugu», esan dute. Horregatik uste dute gisa horretako gertakariek ezin dutela berriz errepikatu, «behin ere zentzurik izan ez zuten gorrotozko neurri hauek are zentzu gutxiago dute garai berrian». Udal ordezkarien zeregina euskal presoen eskubideak aldarrikatzea, eta bakearen alde euren alea jartzea dagokiela uste dute. «Gu ere bertan izango gara» esanaz eta Aiztondoko herritarrak gonbidatuz bukatu dute agerraldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!