Kataluniari begira

Ataria 2017ko urriaren 17a

Gure Esku Dagok deituta elkarretaratzeak egin dituzte gaur eskualdeko hainbat herritan, #Junts lelopean, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentearen askatasuna eskatzeko.

Gure Esku Dagok Junts lelopean deitu ditu elkarretaratzeak eta salatu du "herritarren borondateari era baketsu eta demokratikoan bide emateko lan egiteagatik kartzelara" eraman dituztela. "Ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako Estatua, botere judizialen bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez", gaineratu du.

Urrutiegi iritsi direla esan du Gure Esku Dagok, "herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino". Era berean, oso larritzat jo du "Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpideak delitu bilakatu" nahia, "demokrazia batean aukera guztiek beren tokia izan behar dute eta proiektu politiko guztiek modu baketsuan eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua izan behar dute, salbuespenik gabe".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!