Altzoko Handiari buruzko pelikula ari da bere bidea egiten. Donostiako Zinemaldian Epaimahaiaren sari berezia izan ondoren, Londresko nazioarteko zinemaldian izan da aurreko astean, eta gaur aurrestreinaldia izango da Tolosako Leidor aretoan. Ostiralean izango da hainbat zinema aretotan estreinaldia, tartean Tolosan bertan. Gaur 20:00etan izango den aurrestreinaldiak ikusmina sortu du, eta Altzotik, esaterako, 150 pertsona joango dira emanaldira.
Tolosako aurrestreinaldiak «ilusio berezia» egiten diela dio Jon Garañok, filmaren zuzendarietako batek. «Eskaintza gehiago izan ziren beste leku batzuetatik, eta Tolosan egitea erabaki zen». Arrazoia, batetik, Joseba Usabiaga tolosarra pelikularen aktore nagusietako bat dela da. Bestetik, Tolosan filmatu zutelako, eta istorioan bere garrantzia duelako. Eta, «batik bat», Altzotik gertu dagoelako. «Sentitzen dugu eskertuta egon behar dugula bai Altzoko herriarekin, bai Altzoko Udalarekin, eta modu ezin hobea dela guretzat Tolosan egitea aurrestreinaldia».
Garaño Leidorren izango da, baina ez Aitor Arregi beste zuzendaria, kontu pertsonal bat tarteko. Aktoreak zein ekoizleak izango dira Leidorren, tartean Usabiaga bera. Arregik zinema aretoetako erantzunari garrantzia ematen dio: «Hor neurtzen da pelikula. Zinemaldian bai, baina hor ere bai. Pelikula gustatzen bada, ahoz ahokoa martxan jartzen da».
Pelikulak sortuko dituen erreakzioak denetarikoak izan daitezkeela gaineratu du Garañok: «Egongo da, Zinemaldian bezala, gehiago edo gutxiago gustatzen zaion ikuslea. Kontua da filmak aurkitu behar duela bere publikoa, eta badirudi baduela. Jakina, horrek ez du esan nahi guztiei gustatuko zaienik».
Filma hasi aurretik aurkezpen bat egingo da, eta bukatu eta gero, ikusleek galderak egiteko aukera izango dute. «Jendeak eskertzen du gertutasun hori, eta guretzat aberasgarria da publikoarekin izaten den hartu-eman hori», esan du Garañok.
INDARTUTA ZINEMALDITIK
Donostiako Zinemaldia, batetik, urruti ikusten dute dagoeneko, baina bestetik, baita oso gertu ere. «Zinemaldira joan ginen, beldur eta ilusio batzuekin, eta gero pelikulak izan zuen harrera ikusita, pozik gaude», esan du Garañok. Epaimahaiaren sari bereziaz gain, Irizar Saria ere jaso zuen Handia-k. «Horrek hauspoa eman digu eta sekulako ilusioa. Eta nabaritzen dugu ere jendearengan interesa areagotu egin duela, eta hori oso ona da». Zinemaldian «oso egun politak» bizitu zituztela diote, baina orain datorrela «benetako unea», aretoetara iritsiko den une hori.
Zinemalditik indartuta atera direla gaineratu du Arregik: «Loreak-ekin ere horrela atera ginen. Nahiz eta saririk ez jaso orduan, sentsazioa izan zen kritikariei eta jendeari asko gustatu zitzaiela. Handia-rekin gure helburua zen Loreak-en maila horretan ibiltzea. Eta Zinemaldian izan dugun sentsazioa da indartuta atera dela, eta oso gustura gaude».
Euskarazko pelikulak Zinemaldiko Sail Ofizialean izatea ere nabarmendu dute zuzendariek. «Azken lau urtetan hiru pelikula izan dira lehiatzen euskaraz eginak. Balore handiko zerbait da. Bestalde, ez du esan nahi beti gertatuko denik», dio Garañok. «Guri pertsonalki ilusioa egiten digu, baina gero ere konturatzen zara zein garrantzitsua den horrelako ate bat irekitzea arlo profesionalean».
Londresen aurreko astean izan dira pelikula erakusten. Lehenengo aldia izan da erakutsi dutena Euskal Herritik kanpo, eta gustura daude jasotako harrerarekin. «Inoiz ez dakizu txaloak benetakoak diren ala ez, baina txaloak izan ziren, eta ikusleren bat edo beste hunkituta gerturatu zen, eta baita pelikula asko gustatu zitzaiela zioten jendea ere», esan du Garañok. «Sentsazio positiboarekin» atera direla gaineratu du.
Bere aldetik, Arregik azaldu duenez, «orokorrean kritikak interesarekin hartu du filma. Guretzat garrantzitsua zen ikustea guk komunikatu nahi genuena beraiek jasotzen zuten ala ez. Azkenean herrialde batetik bestera aldatu egiten dira gauzak ulertzeko moduak, eta pozik bueltatu gara ikusi dugulako kritikaz gain jendeak ere jaso duela kontatu nahi genuena».
Beste zenbait zinema jaialditatik ere interesa agertu dute filmarekiko, baina oraindik ez denez parte hartzea ofiziala egin, ez dute eman nahi jakitera zeintzuk diren jaialdi horiek.
Gaurko aurrestreinaldiaren ondoren, ostiralean izango da estreinaldia hainbat zinema aretoetan, tartean Tolosan bertan. Orain hor jarri nahi dute arreta. «Aste intentsuak datoz», esan du Arregik. Hain justu, hainbat herritatik eskatu diete pelikula aurkeztera joateko. «Eskatzen diguten lekuetara, ahal dugun neurrian, saiatzen gara joaten. Loreak filmarekin berdina egin genuen. handik hona ibili ginen filma aurkezten. Publikoak nahi badu, joango gara», esan du Garañok.
Ostiralean filmak hasiko duen bidea garrantzi handikoa da. «Ekoizleak eta sortzaileak beti egoten gara adi nola doan pelikula», esan du Arregik. «Zifrak iristen zaizkizu egunero eta ikusi nahi duzu funtzionatzen ari den eta jendearengana iristen ari den». Batez ere azken hori hartzen du kontuan Arregik: «Hainbeste esfortzu egin eta gero, pelikula ahalik eta leku gehienetara iristea nahi dugu. Badakigu filmarekin ez garela aberastuko. Horregatik, hemen, orokorrean, filmak aurretik finantzatzen dira».
Loreak-en kasuan pelikula nola hazten zihoan ikustea «polita» izan zela diote. «Astetik astera zifra politak zituela ikusten zenuen», esan du Arregik. «Azkenean hori da zure helburua. Ez duzu egiten pelikula kaxoi batean gordetzeko. Egiten duzu jendea pelikulaz oroitu dadin eta kontuan hartu dezan».
Entzun elkarrizketa Ataria irratiko Pasahitza saioan.