'Handia' filma

«Pelikula ikusteak merezi du; nik gomendatzen dut ikustera joatea»

Imanol Garcia Landa 2017ko urr. 17a, 10:20

Donostiako Zinemaldian ikusi zuen Mari Karmen Unsain Eleizegik 'Handia' filma. Altzoko Handiaren oinordekoa da eta berak amarengandik jasotako hainbat pasarte eta istorio filmean azaltzen direla esan du.

Mari Karmen Unsain Eleizegik (Altzo, 1939) bere amarengandik jaso ditu Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren bizitzaren pasarteak, eta hark bere aitarengandik jaso zituen, eta hark bere aurrekoengandik. Ez daki zehazki zein den bere familia-lotura: «Amak zioenez, bere birraitonaren anaia izan omen zen». Ipintza Haundi baserrian egin diogu elkarrizketa, Handiaren zein bere jaiotetxeren parean. Egun ez da inor bertan bizi, baina lekuak bisitak jasotzen jarraitzen du. Elkarrizketaren egun berean, esaterako, jende multzo bat izan zen bertan.

Aukera izan duzu 'Handia' filma ikusteko zinemaldian. Zer iruditu zitzaizun?

Pelikula ederra iruditu zitzaidan. Gustura ikusi nuen, eta tristura pixka batekin ere bai. Bi mutil gazte ikusi eta bietako bat gerrara joan behar izatea... Esan bezala, tristura pixka batekin. Baina ikustekoa da, pelikula ederra da, asko gustatu zitzaidan, eta niri bezala, gehiagori ere bai. Nire seme-alabak ere baziren eta haiek ere esan zuten oso pelikula ederra zela. Pelikula ikusteak merezi du. Nik gomendatuko nuke pelikula ikustera joatea. Nik neuk ere berriz ikusteko gogoa badut.

Modu berezian ikusiko zenuen zuk. Batetik, beste edozein pelikula moduan, baina, bestetik, istorioa nola kontatzen zen begiratuz.

Guri amak kontatzen zizkigun zenbait pasarte pelikulan azaltzen dira. Amak ere esaten zuen tristea zela jigantea, eta hori ere pelikulan erakusten da.

Pelikula egin dutenekin egon zinen, zuk jasotakoa azalduz, ezta?

Nik dakizkidanak esan nizkien. Eta gauza batzuk azaldu dira, adibidez, Ingalaterrara eraman zutenean, berak baldintza jarri zuela jaiero mezetara joatearena. Gure amak esaten zuen mezara eraman eta jendeak elizan ikusten zuela, eta gero ez zela sarrera ordainduta ikustera joaten. Orduan, manta bat gainean jarri eta eramaten zutela mezetara. Pelikulan ikusten nuen zaku bat jartzen diotela gainetik, eta hori badakit guk esandako kontuak direla.

Zer suposatzen du zuentzat, familiarentzat, ahaide bati buruz pelikula bat egiteak?

Ikusi dutenek pelikula esan dute oso ederra dela, eta zorionak ematen dizkigute. Ikusi duten guztiek esaten dute oso pelikula ona dela. Asteartean [gaur] pelikula emango dute Leidor aretoan, eta Altzotik jendea joango da ikustera. Alegiatik ere joango dira, eta jendea gogoz dago ikusteko.

Ipintza Haundi baserrira jende asko joan izan da eta joaten da, ezta?

Beti ezagutu dugu hori. Ez bakarrik eskolako haurrak, baita helduak ere. Etxea ikustera, ea bertan jaio zen Altzoko Handia,...

Zuk ere bizitu izan duzu, esaterako, haurra zinenean?

Bai, jigantearen etxea zela-eta etortzen zen jendea. Umetan, baina, ez diozu garrantzirik ematen. Gero, eskultura jarri zenean, jende gehiago hasi zen etortzen.

Nekagarria ere izan daiteke kontu hori.

Niri ez zait iruditzen. Baserrian bizi ginenean, ateratzen zinen kanpora eta egunon edota arratsaldeon esan, galderaren bat egiten zizuten, eta genekizkienak erantzun. Beti denei kasu egiten zitzaien, bidalitakorik ez da izan.

Zer beste pasarte jaso dituzu amak esanda?

Adibidez, nik zazpi edo zortzi urte nituela, ama ingresatuta hiru hilabetez egon zen ospitalean, eta bere ahizpa bat etorri zen guri laguntzera. Egurra behar zela eta ganbarara joan, jigantearen ohea hartu, hura txikitu eta erre egin zuen. Ez dakit bazekien zeinen ohea izan zen hura. Gero, ama etorri zenean, ganbarara joan eta ohea falta zela ikusi zuen. Gogoratzen naiz negarrez nola egon zen. Pena ikaragarria eman zion. Beste behin anaia batek galdetu zion amari ea ate gaineko harria jiganteak bakarrik jarri ote zuen, eta amak erantzun: «Hala egin omen zuen. Esaten zen goseak egon zela, baina beti ez zuen gosea izan, harri horrek asko pisatuko du eta hori bakarrik jaso izan bazuen, noizbait jan ere egin zuen». Amak bere aitak esandako kontuak zekizkien eta guk berak kontatutakoak.

Dirudienez, amak estimu handian zuen Migel Joakin, ezta?

Bai, amak jigantea asko aipatzen zuen.

Bere garaian ezaguna egingo zen inguruan, bidaiatzen hasi aurretik.

20 urte ingurura arte, besteak bezalakoa zen. Gero, gaixotasun batengatik asko hazi zen eta gerora ere hazten joan zen. Azkenean 42 urte ingururekin hil omen zen, gaixotasun batengatik eta denbora askoan ohean egonez. Hezurrak Ingalaterrara eraman nahi omen zituzten, eta familiak esan zuela ezetz, Altzo Azpiko hilerrian lurperatu behar zela. Geroago, kanposantura joan zirenean, hezurrak falta zirela ikusi zuten, ostu egin omen zituztela, eta Ingalaterrara eraman ote zituzten.

Benetan zer gertatu zen jakitea zaila da orain.

Bai, misterio moduan geratzen da. Gure amak esaten zuen ea zertarako eraman behar zituzten hezurrak, ez ote zegoen ondo bere lekuan.

 

Entzun elkarrizketa Ataria irratian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!