Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketarako deialdia egin dute

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 16a, 19:01

Laugarren aldia da lehiaketa deitzen duela Hernandorena Kultur Elkarteak. Lanak azaroaren 17a baino lehen bidali beharko dira honako helbidera: info@hernandorena.eus edota Hernandorena Kultur Elkartea (Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa) P.K. 22. Iriarte etxea - Pello Mari Otaño plaza, 20159 Zizurkil.

Lau maila bereizi dituzte bertsopaper lehiaketa honetan eta kategoria bakoitzeko sariak egongo dira. :

- Gelen artekoa (Lehen Hezkuntza): nahi adina bertsopaper bidali daitezke, bakoitzeko hiru bertso edo sei kopla. Lehenengo saria, aukeratutako bertsolari baten bisita, eta bigarren saria, mainontzi jolasa.

- Gaztetxoen maila (15 urtetik beherakoak): nahi adina bertsopaper bidali daitezke, bakoitzeko hiru bertso edo sei kopla. Lehen saria eskuratzen duenak trofeoa eta 100 euroko balea jasoko ditu. Bigarrenak trofeoa eta 50 euroko erosketa balea.

- Gazteen maila (15 urtetik 18 urtera): nahi adina bertsopaper bidali daitezke, bakoitzeko gutxienez sei bertso. Dirutan banatuko dituzte sariak, lehenengoarentzat 250 euro eta bigarrengoarentzat 125 euro.

- Helduen maila (18 urtetik gorakoak): nahi adina bertsopaper bidali daitezke, bakoitzeko gutxienez zortzi bertso. Kategori honetan lehen saria eskuratzen duenak, 500 euro jasoko ditu eta bigarren sailkatuak 250 euro.

Maila guztietan, gaia, neurria eta doinua libreak izango dira. Harituz, Tolosaldeko bertsozaleen elkarguneak osatuko du epaimahaia eta Hernandorena kultur elkarteak eskubide osoa izango du lan horiek argitaratzeko. Egileak bere lanak argitaratzeko asmoa izango badu, elkartearen baimena beharko du. Hala ere, informazio gehiago eskuratu nahi duenak, 656 743 741 telefonora hots egin dezake edo mezu bat idatzi info@hernandorena.eus helbidera.

Sari banaketa ekitaldia, Zizurkilgo Plaza Etxeberri jatetxean egingo da abenduaren 1ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!