«Gaitasun handia ez da arazotzat jotzen eta, ondorioz, ez lantzeko joera dago»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 15a, 11:03

Leyre Ugartemendiak aurrez aurre ezagutu du gaitasun handia, alabarekin lehenengo, eta semearekin ondoren; ahobizarrik gabe dio, hezkuntza sistema ez dagoela prest behar berezi hori asetzeko.

Alde handia dago uharte izatetik artxipielago sentitzera, eta horixe gertatu zaio Leyre Ugartemendiaren (Hernialde, 1978) familiari. Bi seme-alaba ditu, eta biek dute gaitasun handia. Zailtasunez beteriko haurtzaroa eraiki zion horrek, batez ere, alabari, eta zerotik hastea erabaki zuten, irmoki.
Mitoak apurtzeaz eta hezkuntza eraldatzearen beharraz aritu da, kritika zorrotzen zirrikituetan.

Gaitasun handia nola iritsi da zure bizitzara?

Alaba oso txikia zela, hiru urterekin edo, konturatu ginen oso ondo hitz egiten zuela, bai euskaraz, bai gazteleraz. Paretan gauzak idazten hasi zen: ama, aita, bere izena edo hitz solteak. Eta, hasieran grazia egiten du. Baina, ikaskideak letrak ikasten hasi zirenean, gure alabak bazekizkien ordurako, eta bera orduan hasi zen gaizki sentitzen.

Orduan pentsatu zenuten kasu berezi bat izan zitekeela?

Irakasleak diktaketa bat egin zion, eta bikain egin zuen. Bigarrena ere egin, eta akatsik gabe amaitu zuen hura ere. Orduan, pixka bat mugitzen hasi ginen. Hala ere, ez zen nabarmena gure alaba besteak baino askoz ere azkarragoa zenik. Areago, gauza batzuetan gelakideak baino atzerago zihoan, eta irakasleak behin baino gehiagotan esan zigun ez zuela erritmoa jarraitzen, eta akaso beste materialen bat prestatu beharko ziola, errefortzu moduan.
Baina, momentu hartan, beste arazoren bat medio, haurra psikologoarengana joaten zen, eta hari aipatu genion guztia. Probak egin zizkion, eta gaitasun handia zuela esan zigun. Segituan Alcagi elkartearekin – Gipuzkoako gaitasun handien elkartea– harremanetan jarri ginen, eta lanean hasi ginen haiekin. Ordura arteko ikastetxean, nolabait, ez zuten bere kasua onartzen, eta ikastetxez aldatzea erabaki genuen; orain, oso gustura dabil.

Hezkuntza sistema prest al dago gaitasun handia duten haurrekin lan egiteko?

Ez.

Ezezko biribila.

Bai, oso biribila. Alcagi elkartearen egoitza ikastetxe berrian dago, Donostian, eta irakasle guztiek prestakuntza jaso dute behar bereziei begira; paradisu bat da guretzat. Bere gelan gaitasun handia duten lau haur daude, eta alabarentzat aldaketa izugarria izan da. Lehengo ikastetxean, berriz, gauza asko egiteko aukera ukatzen zioten, gelakideak baino azkarrago egiten zituelako. Askotan lo hartzen zuen gelan aspertu egiten zelako eta, horregatik, bera ez zegoen gustura. Guk, orduan, egokitzapen kurrikular bat eskatu genion ikastetxeari, hobekien moldatzen zen irakasgaietan aurrera egin zezan; hori ezinezkoa dela azaldu ziguten, ordea.

Eta, orain, posible izan da aurrera egitea?

Bai, ikastetxe berrian alabak ikasturte bat aurreratu zuen, zuzenean. Berak orain 11 urte ditu, eta 13-14 urteko gelakideak ditu. Egun bakoitza erronka bat da berarentzat, esfortzu bat egin behar duelako gainerakoen mailan egoteko. Orain lehen baino askoz ere nota hobeak ateratzen ditu, exijentzia maila altuagoa izanda ere. Gaitasun handia duten haurrek motibazioa behar dute.

Berritzeguneek 2008an zabaldutako ikerketaren arabera, EAEn gaitasun handiko 68 haur identifikatu zituzten; matrikulatuen %0,03. Ordea, Europako hainbat herrialdetako hezkuntza legedien irizpideek diote, matrikulatutako ikasleen %10ak dutela gaitasun handia; EAEn, 7.000 eta 25.000 artean lirateke. Datuok zer iruditzen zaizkizu, guraso bezala?

Harrigarriak. Murtzian (Espainia), adibidez, askoz ere kasu gehiago errekonozitzen dituzte, eta uste dut ez dela kasualitatea. Nik Berritzeguneren batekin oso esperientzia txarra izan dut. Alabarekin hara joan eta esan zidaten ezetz, ez zela gaitasun handiko haur bat, elbarritasun bat zuela, zenbait arlotan ez zuelako hainbesteko gaitasunik. Baina neurologoak, bere aldetik, argi esan zigun: «Zuen alabak ez du egiten, egin nahi ez duelako». Aipatu bezala, motibazio bat bilatu behar zaio, berak nahi izateko. Akaso hiru hilabete zeneramatzan haurrak zerbait egitea lortu nahian, eta ez da gai izan, erronka bat duela sentitu duen arte. Gainera, hori esparru askotan gertatzen zaie: bizikletan ibiltzen ikasteko, fardela kentzeko, ...

Zenbat ate jo behar izan zenituzten, gaitasun handia zela esan zizueten arte?

Lehenengo proba psikologoak egin zion, eta segituan eman ziguten baiezkoa; puzzleak eta halakoak egin behar izan zituen. Kontua da, Berritzeguneak ez zuela emaitza hura onartu eta, urtebetera, aditu partikular batengana jo genuen, Bartzelonan. Han berriro baiezkoa eman ziguten, baina ikastetxeak esan zigun ezin zutela beste ezer egin, eta orduan erabaki genuen ikastetxez aldatzea. Ate asko jo ditugu: Berritzegunea, neurologoa, psikologoa, logopeda,... Eta konponbidea zerotik hastea izan da, lekuz mugituz. Baina, gure kasuaren pareko asko daude Alcagi elkartean, eta hori da sentipen orokorra: ez gaituztela ulertzen. Haur horiek irakasleen inplikazio eta denbora behar dute, eta profesional guztiak ez daude horretarako prest.

Seme gazteenari ere egin diozue gaitasun handiaren proba.

Bai, eta hari ere baiezko emaitza eman dio, arrebarena baino maila baxuagoan izan arren. Berak eskatu zigun arrebaren ikastetxe berera joatea, eta oso pozik dago.

Semearen kasua bideratzea errazagoa izan al da, alabaren esperientziatik?

Bai, detektatze fasea errazagoa izan da, nahiz eta oraindik ez ditugun behar bezala zehaztu bere ezaugarriak. Guk ikusten genuen azkarra zela, baina ez zuen alabak bezainbesteko jakin-mina ikasgelaz kanpo, eta ikasketetan justu-justu ibiltzen zen. Alcagi elkartea ikerketa bat egiten hasi zen, errealitate birtualaren bitartez, eta bi haur genituenez, ikerketan biek parte hartzeko gonbidapena egin ziguten. Orduan erdietsi zuten semeak gaitasun handia zuela.
Egia esan, bigarrenarekin beste era batera hartzen duzu. Hasieran alabarena arazo bat iruditzen zitzaigun, ate asko jo genituelako, bullying-a iritsi zelako eta konponbiderik inon ez zegoelako. Inork ez dizu aurrerabiderik ematen. Baina, orain, ikusi dugu aukera bat badagoela.

Baztertze soziala ohiko ezaugarrietako bat da?

Bai, behintzat, gure alabaren kasuan. Gure etxean, iritsi zen alabak eskolara joan nahi ez zuen momentu bat. Igande gauetan gaixotu egiten zen, edo tripako mina izaten zuen, edo beste zerbait. Gainera, bereziki justiziaren aldekoak dira, eta injustiziaren bat gertatzen baldin bada, segituan konpondu nahi izaten dute; oso esajeratuak dira horrelakoetan.
Berriki anekdota bat ere izan du, gainera, horri lotuta. Frantseseko irakasle berria dute, mutil gazte bat da. 35 ikasle nerabe ditu, eta hormonak dantzan izaten dira ikasgelan. Bada, gure alabak dio horrela ezin dela jarraitu klasean; irakaslea saiatzen dela, baina oso urduri jartzen dela, eta ikasleak aztoratuta egoten direla. Azkenean, alabak gutun bat idatzi dio bere tutoreari, esanez, arazoa bi aldeetan dagoela, gelak bilera bat egin behar duela, eta guztiek egin behar dutela esfortzu bat, irakasle horren klaseetan iskanbilarik ez sortzeko. Erraztasun handia dute arazoei konponbideak bilatzeko.

Helduagoak dira gauza batzuetan.

Bai. Askotan, beraiekin hitz egitea heldu batekin hitz egitea bezalakoa da, baina, beste batzuetan, txorakeria batekin haur txikien pareko portatzen dira. Disinkronia sindromea izaten dute: garapen intelektual, sozial, afektibo, fisiko eta motorren arteko sinkronizazio falta. Baina ondo bideratuz gero, haur zoragarriak dira.

Inteligentzia handia izatea erraztasunarekin lotu ohi da, baina, gaitasun handiak baditu zailtasunak?

Bai, eta kontzientzia falta handia dago gai honen inguruan. «Superdotatuak? Zer nolako zortea!» eta antzekoak askotan entzun behar izaten dira. Eta ez da inolako zortea: karga handia da. Pentsa, 10 urteko haur bat minbiziaren aurka egin duten ikerketa bati buruz hitz egiten hasten bada, bere lagunek zer esango dioten: «Zertaz ari zara? Hitz egin dezagun Realaz!». Bestelako interes eta jakin-minak dituzte, eta batzuetan gai zehatzekin obsesionatzen dira; ez dute beste ezer ikusi eta entzun nahi izaten, eta pazientzia handia behar izaten da.

Sintoma edo jokabide zenbait errepikatu egiten direla diozu.

Bai. Oso lo gutxi egiten dute, eta gozo pila bat behar izaten dute. Adituek esan izan digutenez, garunak energia behar du eta, gozorik hartzen ez badute, buruko minekin-eta hasten dira. Arropa eta guzti dutxara ere sartzen dira, edo berokiarekin ohera. Horrelakoak gertatzen zaizkie, beste zenbait konturekin oso-oso kontzentratuta daudelako. Baina lehen aldiz bizipen horiek partekatzen ez dituzun arte, pentsatzen duzu zure etxekoa kasu bakarra dela; elkarteak bide horretan lagundu digu gehien. Dena den, haur bakoitza mundu bat da.

Gizartea desinformatuta dagoela uste duzu?

Bai, hala da. Jende askok uste du, gaitasun handia duten haurrak NASAra joango direla lanera, eta ez da horrela. Jende askok uste du, gaitasun handia duten haurrek irakasgai guztietan Bikain kalifikazioak erraz ateratzen dituztela, eta ez da horrela.  
Gure seme-alaben kasuarekin, adibidez, bi errealitate desberdin azal ditzaket. Gaitasun handia izateaz gain, alaba oso langilea da, eta denbora eskaintzen die lanei, beraz, notak ere altuagoak dira. Semeak, berriz, ikusita gutxieneko saiakerarekin irakasgaiak gainditzen dituela, ez du lan askoz ere gehiago egingo. Erraz ikasten badu, zortea beretzat, baina guk lortu behar duguna zera da, erabat ez alfertzea. Gaitasun handiak abantaila asko ditu, baina alde txarrak ere bai. Beraiek ere ikasi behar dute errutina batzuk hartzen.

Alcagi elkarteko kide zarete. Nola funtzionatzen du ikastetxeekin?

Informazioa eta materiala ematen die ikastetxeei, eta gero ikastetxe bakoitzak ikusten du erabiltzen duen edo ez. Horrez gain, Alcagi elkartearen egoitza Donostiako ikastetxe batean bertan dago eta, beraz, ikastetxe hartan irakasle guztiak formatuta daude. Baina ez soilik gaitasun handiari begira, baita bestelako behar bereziei begira ere.

Zure ustez, beste zenbait behar bereziri arreta hobea eskaintzen zaio, gaitasun handiari baino?

Bai, hala uste dut. Gure alabari adimen urritasuna zuela esan zioten garaian, errefortzu irakasle bat jarri zioten, egun osoan bere aldamenean egon zedin. Ordea, gaitasun handia berresten zuen txostena aurkeztu nuenean, irakasle hori kendu egin zioten. Ez zuen errefortzurik behar, noski, baina bestelako beharrak zituen. Eta nik behar berezi guztiak errespetatzen ditut, autismotik hasi eta eskizofreniara arte; baina ez dago baliabiderik.

Hezkuntza bide horretan eralda dadin, denbora beharko da, ezta?

Bai. Irakasle ikasketak egiten ari diren ikasleek elkartera jotzen dute, testigantza bila. Iaz parte hartu nuen, eta guztiei gauza bera esan nien: haurrekin denbora hartzen hasi behar dutela irakasleek. Nire ustez irakasleengandik hasi beharko luke guztiak. Egoera irauli eta buelta ematea komenigarria litzateke, eta gelan gaitasun handiko ikasle bat izatea baliatu: pizgarri izan litezke gainontzeko gelakideentzako. Talde batean lan erritmo ona dagoenean, hori onuragarria izaten da denentzat. Horregatik, gela batean gainerakoak baino azkarrago doan ume bat baldin badago, uste dut ez dela geldiarazi behar; gainontzekoentzako laguntza bilakatu behar da.

Egia esan, zaila izan da erreportajea osatzeko testigantzak edo adituak biltzea. Gaitasun handia tabu bat da?

Uste dut gaitasun handia ez dela arazotzat jotzen eta, ondorioz, ez lantzeko joera dagoela. Baina, hortxe dago koska: landu egin beharra dago. Gurasook saiatu egin behar dugu, zalantzarik ez da, baina irakasleek ere bultzatu egin behar dute ikasleen motibazio hori, eskola porrota saiheste aldera.

Zein gomendio emango zenieke zure egoera beretik pasatzen ari diren familiei?

Elkarte batera jotzeko. Guri asko lagundu digu, ikusteak, ez garela bakarrak. Hasieran bakardade handia sentitzen da, baina, ikusten duzunean, beste zenbait familia ere bizipen bertsuetatik pasatzen ari dela, dena aldatzen hasten da. Antzeko arazoak izaten ditugu guztiok, eta beste guraso batzuekin arazo horiez hitz egiteak asko laguntzen du. Gu oso-oso bakarrik sentitu izan gara. Nire gomendioa, beraz, argia da: elkarte batera joan daitezela. Eta ez naiz hori pentsatzen duen pertsona bakarra.

Erlazionatuak

Argienen itzalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017 urr 15 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!