Argienen itzalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 15a, 09:00

Ezinezko ekuazioak ebazten edo hiru lerroko esaldi baten egitura sintaktikoa minutu bakarrean aztertzen irudikatzen ditu gizarteak, baina horiek estereotipoak baino ez dira; gaitasun handia duten adimenek
errepide zabalak behar dituzte beren erritmoan bidaiatzeko, eta hezkuntza sistema bidezidor estuz josita dago.

Noizbait ilargia zapaldu ahal izango dutenak, edo Alzheimerra eteteko sendagaiak sortuko dituztenak; dena egina dutenak, pribilegiatuak. Gizarteak hala marraztu izan ditu gehiengoa baino azkarragoak diren pertsonak eta, oraindik ere, luzea da marrazkiaren trazua, mito eta aurreiritzien paleta kromatikoan. Bestelakoa da, ordea, beren errealitatea: luzeak dira argienen itzalak.

Itzal horren zati dira izenak, pertsona horiek guztiak izan baitaitezke superdotatu, talentudun nahiz adimendu, edonoren ahotan. Baina, hizkuntzen baliabideetatik baino, desinformaziotik gehiago du kontzeptu-errenkada horrek, eta izenen nahasmena izebergaren punta baino ez da. Jakina da gaitasun bereziak dituzten pertsonak betidanik izan direla; zenbaitek lortu izan dute gaitasun horiek garatu eta beren esparruan arrakasta lortzea. Ordea, gehienek behin eta berriro talka egin izan dute pareta baten aurka, eskola garaian behar zuten arreta ez jaso izanagatik.

1912. urtera egin behar da atzera, orduan hasi baitziren, adimen-kozientea neurtzen. Finean, pertsonen adimena neurtzeko eskala bat sortu zuten, puntuazio bereziki altuak eskuratzen zituztenak superdotatutzat hartzeko. Baina, XX. mendeko bigarren erdian, adituek bestelako faktoreei ere jarri zieten fokua, adimen berezi horiek izendatzeko modua bera aldatuz: aurrerantzean, aztergaia gaitasun handia izango zen.

Handiegia, agian. Denborak gogotik igaro behar izan baitzuen, hezkuntza komunitateak onar zezan, gaitasun handia duten pertsonek eskolarako behar bereziak dituztela. Espainian 2006. urtean izan zen, LOE Espainiako Hezkuntzako Lege Organikoak hala aitortuta. Errekonozimendu hura bideari ekiteko dei moduko bat izan zen, eta erkidego bakoitzak diseinatu zuen bere bide-orria.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Oinarrizko Hezkuntzari dagokion 175/2007 dekretua baliatu zuten, gaitasun handia duten haurren behar bereziak aitortzeko. Tamalez, baina, dekretuak ez zuen gehiago sakontzera jo: ikastetxe bakoitzeko proiektu kurrikularrak txertatu beharko zituen, gaitasun handiei erantzuteko irizpide eta baliabideak. Hara hor, gaitasun handiaren motxilako lehen harria: euskal hezkuntza sistemaren garapen eskasa.

Inork hartu nahi ez duen motxila?

Gaitasun handia gaitasun izan dadin, ezinbestekoa zaio bideratzea, eta detektatzea da horretarako lehen pausoa. Adituak bat datoz, identifikatze horrek goiztiarra izan behar duela baieztatzerakoan eta, adin-tartea zehaztekotan, 2 eta 6 urte bitartean identifikatu beharko litzateke gaitasun handia. Badirudi, ordea, EAE urrun dabilela ezarritako ratioetatik.

Baina, jar al daiteke ratiorik pertsonen adimena hizpide denean? Europar Batasuneko adituen arabera bai, eta hala jaso zuten 2006ko txosten batean. Hainbat herrialdetako kalkulu eta irizpideak aztertu eta gero, zehaztu zuten %3 eta %10 bitartekoa zela gaitasun handia duten neska-mutilen portzentajea, eskolaratutako haurretan. Erkidegoko datua, ordea, askoz ere baxuagoa da.

Berritzeguneen sareak – Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan laguntzeko Hezkuntza Sailaren zentroen sareak – 2009an ikerketa bat argitaratu zuen gaitasun handia ardatz hartuta, eta bertan bildu zituen, EUSTATek 2008an jasotako datu ofizialak: urte hartan, EAEn eskolaratutako 253.130 ikasleetatik, 68 baino ez zeuden –%0,03–, gaitasun handiko pertsonatzat identifikatuta. Zenbakiek 7.000 eta 25.000 ikasleren artean ibili beharko zuketen, EBko adituek zehaztutakoaren arabera eta, beraz, ondorioa garbia da: gaitasun handia duten pertsona gehienak identifikatu gabeak dira, oraindik ere, EAEn. Gainera, 2008ko datuak herrialdez herrialde xehatuta, Gipuzkoakoa da daturik baxuena, %0,02arekin.

Puskatutako katebegiak

Badirudi gaitasun handia ez identifikatzea puskatutako katebegietako bat dela egungo hezkuntza sisteman, baina, nola jakin haur batek gaitasun handia duela? Gainerako haurren moduan, gaitasun handia duten haur guztiak ere desberdinak dira, baina adituek diote zenbait ezaugarri eta jarrera errepikatu egiten direla.

Nazioartean sistemarik ezagunenetakoa da Joseph Renzullirena: Gaitasun handiaren hiru eraztunak. Haren arabera, hiru ezaugarriren uztartzetik identifika liteke pertsona batek gaitasun handia duen edo ez duen. Batetik, adimen kozientea legoke, edo informazioa prozesatzeko gaitasuna. Halaber, sormenerako gaitasunak ere garrantzia du eta, azkenik, hirugarren eraztuna osatuko luke zereginetarako motibazioak eta gogoak. Bestalde, Stenberg, Davison eta Gardner autoreek inteligentzia anitzen ideiari heldu izan diote, defendatuz, gaitasun handia duten haurrek hainbat esparrutan gaitasun bereziak dituztela.


Proposamen horiek guztiak kontuan hartuz, eta gaitasun handia duten haurren aniztasuna azpimarratuz, Alcagik –Gaitasun Handien Gipuzkoako Elkarteak– honako ezaugarriak zerrendatzen ditu, identifikazioa errazteko: bizitzeko energia handia dute, eta hainbat proiektutan batera aritzeko gaitasuna; behatzaileak eta irekiak dira; oso sentiberak dira; helduagoei dagozkien kezkak izan ohi dituzte; beren buruarekin oso kritikoak dira, eta jarduera originalak edo ezohikoak egiten dituzte.

Trataeraren arabera, dohain horiek erakuts dezakete aurkia, edo erakuts dezakete ifrentzua. Eta orduan azaleratzen dira, gaitasun handiak bere-bereak dituen zailtasunak. Izan ere, Alcagik azpimarratzen duenez, gaitasun handia garaiz ez detektatzeak kalte egin diezaioke haurren garapen intelektualari eta sozialari. Besteak beste, ohikoa izaten da frustrazioa, indarkeria, pasibotasuna, gatazkak, interesik eza eta eskola porrota azaleratzea.

Hutsean ontziratutako afera

Ez litzateke baieztapen ausartegia, esatea, edonork hitz egin, pentsatu edo eztabaidatu izan duela, inoiz edo gehiagotan, gaitasun handiaz. Herritarren jakin-minaren aurka, ordea, badirudi gaia hermetikoa, gotortua eta itxia dela hezkuntzaren inguruko eragileen artean; hutsean ontziratua. Horrela, Tolosaldeko Ataria-ri zail suertatu zaio honako erreportajea osatzeko testigantzak biltzea.

Tabuak, aurreiritziak, mitoak, sistemaren hutsuneak eta horiei loturiko beldurrak egon litezke tartean, gaitasun handiaren motxila are pisutsuago bilakatuz, auskalo. Kontuak kontu, desinformazioa informazio bilakatzeko bidean, Gipuzkoan hiru ate jotzeko aukera dute, gaur-gaurkoz, gaitasun handia lantzeko beharra dutenek. Berritzeguneak daude, batetik; Hezkuntza Sailaren barruko zentroak dira, eta gaitasun handia haien jardunaren adarretako bat besterik ez da (www.berritzeguneak.net). Alcagi elkarteak, berriz, gaitasun handia du lanerako ardatz, eta hainbat norabidetan lantzen du oraindik asetzeko  dagoen behar berezia (www.alcagi.org). Azkenik, Aupatuz elkartean biltzen dira gaitasun handia duten haurren  guraso eta familiak (www.aupatuz.org). Esku horiek eta gehiago beharko dira, motxila harriz hustu, eta argienen itzalak txikitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!