Aiert Beobide: «Kulturen arteko zubiak sortu nahi izan ditugu 'Irradak' ikuskizunean»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 11a, 09:58

Ibarrako Alurr dantza taldeko irakasle eta koreografoa da Aiert Beobide (Donostia, 1978). Berazubiko festetan eskainiko dute Irradak lana, bihar, 22:15etik aurrera. Berak zuzendu ditu taula gainean ariko diren 16 dantzariak. Ordu bete inguruko ikuskizun «freskoa» ikusi ahal izango dela dio.

Kultura desberdinetako pauso zein erritmoak uztartu dituzue ‘Irradak’ ikuskizunean.
Kultura desberdinen arteko zubiak eta elkarrengana gerturatzeko puntuak sortu nahi izan ditugu. Ikuskizunak hiru zati ditu. Batean, Iberiar penintsulara, gaztelar kultura eta folklorera, hurbildu gara. Bestean, gorputz perkusioa landu dugu eta horretarako Zozongo taldeko kide baten laguntza izan dugu. Euskal dantzen eta gorputz perkusioaren arteko uztartzea egin dugu. Azken blokean, gure sustraietara jo dugu, baina hor ere perkusioa oso presente dago. Perkusio eta erritmo zein mugimenduekin
jolasten gara kultura desberdinetatik abiatuta. Gaztelan erabiltzen diren kriskitinak eta abanikoak erabiltzen ditugu, makilak... eta aipatutako gorputz perkusio horretarako oinetako berezi batzuk ere sartu ditugu erritmoak jarraitzeko.


Alurren beti uztartzen dituzue dantza garaikidea eta tradizionala eta ‘Irradak’en ere horrela izango da, beraz.
Modu garaikidean ariko gara, baina gure sustraien pauso, mugimendu eta indarra zein kultura ikusiko da oso garbi. Hori da laburbilduz, Irradak lanean egiten dugun bidaia.

Nondik norako bidaia?
Kontaketa bat ere izan daiteke, baina batez ere, bidaia bat da; estiloak nahasten dituen eta salto egiten duen bidaia bat da. Momentu oso alaiak ditu dantzarien arteko jolas modukoekin.  


Alurren ikuskizunetan interpretazioak ere pisu handia du eta honetan ere horrela izango da, ezta?
Euskal dantzek bere oinarrian badute ondo pasatzeko helburu hori. Erromerian dantza egitean edota errituekin lotura duten dantzetan, ezpata dantzan esate baterako, dantza egiteko birtuositate hori gailendu ahal da, baina gaur egun, gure dantza eta pausoak oholtza batera eramatean gauzei zentzua edo esanahia emateko interpretazioa garrantzitsua da. Eta horretarako lan asko egin behar da. Aurpegiak ere agintzen du, bat etorri behar dira aurpegia eta gorputza, informazio asko ematen baita.


Eta zergatik ‘Irradak’ izenburua?
Ikuskizuna prestatzen ari ginela irrada desberdinak, izpi desberdinak, sortzen ari ginela ikusi genuen, horregatik erabaki genuen izenburu hau jartzea.

Ibarrako festetan estreinatu zenuten, moldaketarik egin diozue ordutik?
Beti aldatzen dugu zerbait emanaldi batetik bestera. Udaran estreinatu genuenez orduan dantzatu zuten batzuk orain ez dira egongo eta alderantziz, eta horrek ere mugimendua sortzen du. Estreinaldira justu samar iritsi ginen gainera, eta beraz, orain denbora gehiago izan dugu eta gauza batzuk moldatzeko aukera izan dugu. Garrantzitsua da hori, beti. Ikuskizunak biziak dira eta beraz, horrek ekartzen ditu aldaketak egitea.

Erlazionatuak

Prest dituzte zubiko festak

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 urr 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!