Sexualitateaz mihiari eraginez

Rebeka Calvo-Iñigo Terradillos 2017ko urriaren 8a

Gure bizitzan nahiz gure egunerokoan duen garrantzia kontuan hartuta ez omen dugu sexuaz eta sexualitateaz behar adina hitz egiten. Ausardia faltagatik, lotsagatik, tradizioz era irekian solasteko gaia izan ez delako...

Sexualitatearen inguruan ditugun kezkak, bizipenak edota sentimenduak norbere barrurako, etxe barrurako edo esparru mugatu baterako uzten ditugu. Gizartea irekitzen doan heinean, ordea, geroz eta gehiago elkarbanatzen ditugu sexuarekin ditugun esperientziak, baina, beti ere, mugak jartzen dizkiogu gure buruari oraindik.

Bada, muga horiek albo batera utzi, eta sexuaz era naturalean hitz egiteko txokoa zabalduko ATARIA IRRATIA-K denboraldi berrian. Mingaina txulora izenburupean, sexuarekin loturiko denetariko gaiekin solasaldia egingo da hamabostean behin, Jon Imanol Etxabe sexologoak aditu lanak egingo dituelarik.

Entzuleen kezkak, bizipenak, zalantzak ere lekua izango dute saio berrian. Horiek helarazteko bidea whatsappa izango da. 687 41 00 33 zenbakira bidali ahalko dira era guztietako ekarpenak, eta gure adituak erantzungo ditu. Halaber, kalera ere aterako gara, eta jorratuko dugun gaiaz herritarrek duten iritzia entzungo dugu.

Estreinaldia, datorren astean

Ostiral gauak hartuko ditu Mingaina txulora saio berriak. 21:00etan hasiko da saioa, eta urriaren 13an izango da estreinakoa. Errepikapenaz hurrengo asteartean ordu berean gozatzeko aukera izango da, edota ataria.eus-en noiznahi entzun ahalko dugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!