Nolatan bideratu zenituen ikasketak sexologiara?
Beti izan dut sexologia helburu, oso garbi izan dut txikitatik. Zorte ona izan dut nire etxean, oso familia irekia baitut, eta sexua oso era naturalean landu da beti. Etxean betidanik egon da presente erotikaren mundua, pikareska hori beti izan dugu. Sexuari lotutakoak oso gai gertukoak izan dira niretzat, eta jendea, oro har, ez dago ohituta horrelakoetara. Ni konturatzen naiz jendeak ez duela nik dudan erraztasuna horrelako kontuez hitz egiteko.
Beraz, kalean normaltasunez sexuaz hitz egiten hasi, baina, jendeak ez zuela zure jarrera bera konturatzen zinen.
Lagunen artean salbatzailea nintzen, lotsarik gabe hitz egiten nuelako sexuaren inguruan, eta aholkuak-eta emateko gai nintzelako. Konturatu naiz, pixkana, hitz eginez, jendea kontzientziatzea lortzen dela. Guztiok ukitzen gaituen gaia da, guztiok ditugu gure egunerokoan sexuarekin loturiko kontuak, onerako eta txarrerako. Horrela, bide horretatik jo nahi nuela konturatzen joan nintzen.
Eta, horretan formatzeko beharra sentitu zenuen.
Zalantzak nituen zer ikasi. Medikuntza bat egin nezakeen, eta ondoren, urologian edo ginekologian berezitu. Baina, pixka bat ikertzen egon eta gero, psikologiaren bidea zela egokiena ikusi nuen. Izan ere medikuntza sexuaren zati da, baina ez da zati bakarra. Psikologiak garrantzi handiagoa duela iruditzen zait.
Medikuntza fisikoagoa da, agian.
Sentimenduak, pentsamenduak... Nortasunarekin oso bat dator sexua eta sexologia. Medikuntzak zati garrantzitsua du sexologian, gorputza gara, anatomia... Baina, ez gara hori soilik. Proportzioan, gehiago betetzen nau psikologiak.
Nola berezitu sexologian psikologia ikasi eta gero?
Ez dago aukera gehiegirik. Euskal Herrian ez dago aukerarik, eta gugandik gertu lauzpabost zentro daude formatzeko. Madrilen dago bat, Sexu Zientzien institutua deiturikoa. Sexologia zabaltzen hasi zenean han hasi ziren irakasten, eta gaur egungo irakasle guztiak han formatutakoak dira. Han ikasitakoek, halaber, arlo desberdinak jorratu dituzte, eta baita formakuntza estilo desberdinak ere. Hala, esaterako, medikuntzaren ildotik edo sexu hezkuntzaren bidetik doazen formakuntzak daude gaur egun, eta horien bitartez, institutura doazen irakasleak formatzen dira, edota profilaxiaz, hurrengo eguneko pilulaz... irakasten da. Nire kasuan, Isesus Sexologia Sustantiboaren Institutuan formatu naiz. Orain arte sexua beti izan da abizena: psikologiaren sexualitatea, medikuntzaren sexualitatea, antropologiaren sexualitatea... Lortu nahi dena da sustantibatzea, hau da, izen izatera pasatzea: sexologia medikuntza, sexologia psikologikoa, sexologia antropologikoa... Ikerketara oso bideratuta dago, eta aplikazioen arloan, terapiak lantzen dituzte. Hori, psikologo moduan, asko interesatzen zait. Oso pozik nago jasotako formazioarekin, eta formazioan izandako irakasleekin. Beraien leloa kalitatea eta xamurtasuna da.
Formatu zaren alorrean lanean al zabiltza?
Zoritxarrez, gauzak ez dira hain errazak, eta une honetan ikerketa zentro batean ari naiz psikologiaren alorrean lanean. Neurozientzien munduan hizkuntzak eta garuna aztertzen ari naiz. Baditut sexologiara bideratutako proiektuak, baina, iruditzen zait oraindik gehiago formatu behar dudala zerbitzu on bat eskaini ahal izateko. Aldizkari batzuetan kolaboratzaile lanak ere egiten ditut, kontaketa erotikoak kontatzen edota sexu kontsultak erantzuten, eta orain, hasi berri dugun bide honetan, ATARIA-n.
Terapia aipatu duzu. Ez al dugu zentzu negatiboan hartzen, arazoa duen horri laguntzeko bide bezala?
Halaxe da. Zoritxarrez oso estigmatizatuta dagoen zerbait da. Hilean behin fisioterapeutarenera joatea normaltasunez hartzen dugu, ohituta gaude hori entzutera, iztarteak depilatzera ere joaten gara maiztasun batekin, baina, geure gorputza zaintzen dugun moduan geure burua zaintzeaz ez gara hainbeste arduratzen. Agian, arazorik egon gabe ere, ongizatea bilatzeko egin daiteke terapia, bai psikologian bai eta sexologian ere. Sexologiako terapia ez da bikotean edota erotikan ematen den terapia hutsa. Edozein gauza izan daiteke sexua, eta edozer izan daiteke terapia langarria: nola sentitzen naizen gizon moduan, armairuan baldin banago nola atera naitekeen eta nola hartuko duten nire ingurukoek, nola onartu nik neure burua nire gizon edo emakume izateko modu bakarrean... Mila gauza daude terapia langarria direnak eta ez luketenak lotsarik eman behar.
Sexuaz hitz egitean askotan sexu harremanez ari gara, baina, sexua ez da soilik hori, ezta?
Sexuak hiru esanahi ditu. Alde batetik, lehengo liburuetan, nobela erotikoetan topatzen dugun sexua daukagu, genitalak adierazteko. Bestetik, eta psikologikoki sexua dena daukagu, identitate aldetik nola sentitzen dugun geure burua, hau da, zein sexutakoak sentitzen garen, gizon ala emakume. Eta, azkenik, sexua harremanak bezala ulertzen duguna daukagu. Beraz, argi dago, sexuaz ari garenean ez garela bi, hiru, lau edo gehiagoren arteko harremanez ari.
Sexuaren inguruan jendeak izan ditzakeen zalantzak ere, hiru alor horien baitakoak izan daitezke.
Bai, eta zalantza edo kezka horiek negatiboak izan ohi dira normalean, baina, positiboak ere izan daitezke. Gogoan dut, esaterako, lagun batek kontatu zidala entzuna zuela gizonek larrutan egiten amaitu ostean, alde batera utzi bikotea, beste aldera jarri eta lotarako bidea hartzen zutela. Baina, bera, bukatu eta minutu bat igarotzerako berriro ekiteko prest egoten dela, eta kezkatuta zegoen. Hori zoragarria dela erantzun nion. Sexua bukatzen duzunean, atseden zatia deiturikoa dago. Batzuk hori oso laburra izaten dute, eta beste batzuek handiagoa, eta horren arabera egon zaitezke prest erlazio berri bati ekiteko. Hori jakitean asko poztu zen.
Ezaugarri hori, esaterako fisikoa ala psikologikoa da?
Fisikoa da. Pertsonaren ezaugarrien araberakoa da, baina, egoerak berak ere eragin dezake. Neska asko ezagutzen ditut bikote batekin sexu mota bat eta orgasmo batzuk izan dituztenak, eta bikotez aldatu edo bakarrik eta jostailuen laguntzaz edo horien beharrik gabe, bat-batean, egoera aldatu eta multi orgasmoa ezagutzen dutenak. Edo beste orgasmo mota bat. Izan ere, multi orgasmia ez da hobea den zerbait, desberdina baizik. Mito handi bat da hori. Azken batean, guk ezagutu beharko genuke gure gorputza, egoera desberdinen aurrean nola erantzuten duen jakin beharko genuke.
Sexua oso garrantzitsua izan arren, gehiegizko indarra ematen al zaio gaur egun?
Pasa gara guztia oso zapaldua egon den garai batetik, ezer egiterik ez zegoen garai batetik, beste muturreraino. Hori oso ohikoa da gizartean, arlo askotan ematen da, baita sexuarekin ere, sexuaren iraultza deiturikoa. Lehen zerbait egiten zuenari lizuna esaten zitzaion berehala, eta orain berriz, ezer egiten ez duena kritikatzen da.
Eta guztien gurasoak zureak bezain irekiak izango balira?
Oso zoriontsuak izango ginateke. Tabuak eta lotsak gainetik kenduko bagenitu gauza guztiak askoz errazagoak izango lirateke, arlo guztietan. Esaterako, nori ez zaio gertatu unibertsitateko irakasle bat gustuko izatea? Horrelakoetan irakaslearengana joatean tentsioa sortzen da. Tentsio horiek tentsio izaten dira askotan ezin delako gaiaz hitz egin eta landu. Hitz egingo balitz errazago izango litzateke. Edo, esaterako, erlazio batean gauzak ondo ez doazenean, oso ohikoak ez diren hainbat jokabide ikusten ditugunean, agian lotsagatik ez dugu kontatzen. Baina, bikotean ditugun arazoak era naturalean kontatuko bagenitu, guztia erraztuko litzateke, eta agian konturatuko ginen bikote hori ez dela egokiena.
Agian lehen gehiago hitz egiten zen, batez ere, emakumeen bilguneetan.
Zorionez euskal kulturan eman da hori, eta emakumeak bildu direnean oso gauza garrantzitsuak egin dituzte. Historian zehar emakumeak bildu izan direnean ia beti gauza onak atera dira. Gauzak lasaiago hitz egiteko txokoak zeuden, hori bai, gizonetatik at, gizonek jakin gabe, ez baitzuten ondo ulertuko. Gizonak lanera zeuden bideratuta, ez hainbeste geratu eta gauzez lasai hitz egitera. Gaur egungo feminismoaren beste borroketako bat da, gizonak ere eskubidea duela negar egiteko, ez hain estereotipoki maskulinoa izateko. Gauzak aldatzen ari dira pixkana. Zoritxarrez ez nahiko genukeena bezain azkar, baina bagoaz.
Guztiari etiketak jartzen dizkiogun garai honetan, demisexuala terminoa erabiltzen dela ikusten dugu. Zer esanahi du?
Greziarrek gauza asko egin zituzten ondo, eta horien artean, etimologiarena dago. Gaur egun boladan dago etiketak jartzea, etiketak edozein eratan eta nahieran jartzea. Esaterako, demisexualitatea hitza hartzen badugu, 'demi' erdia litzateke eta 'sexuala', berriz, sexuarekin lotua. Demisexualitateari ematen dioten definizioa irakurtzen badugu hauxe dio: «Nik pertsona batekin erlazio erotikoak izan ahal izateko, berarekin ezagutzetik harago doan konexioa behar dut izan». Konexio emozional sentimentala behar dudala pertsona horrekin egon ahal izateko, alegia. Zuzentzen hasiko bagina, demisexuala ez da hori. Zerbait afektiboa da, konexio edo erlazio bat. Sexuaren aldetik ere ez da hori, ez baita sexua. Izan gizon edo izan emakume sexua berdin-berdin duzu. Duzuna erotika da. Erotika izan nahiko zenuke pertsona jakin batekin. Beraz, erotikarekin lotutako atzizkia erantsi beharko litzaioke. Afektorastia edo antzeko zerbait izango litzateke. Demisexualitatea ez litzateke etimologikoki egokiena, nahiz eta bere lekua hartu duen gizartean eta geroz eta erabiliagoa izan. Eta, hori bezala, transexualitatea, asexualitatea...
Asexualitatea zer da?
A aurrizkia ezeztatzeko erabiltzen da. Eta, sexualitatea badakigu zer den. Sexurik ez izatea posible al da? Ez, ez da posible. Biologikoki ezinezkoa da sexurik ez izatea, sexua gizon edo emakume izatea baita. Posible dena da, agian, erotika, gogo hori ez izatea. Larrua jotzeko edo masturbatzeko gogoa ez izatea.
Hori posible al da?
Ikusi dira kasuak, baina, askotan baldintzatu samarrak egoten dira. Badago jendea esaten duena, arazorik gabe, masturbatzen dela, baina, batetik gehiagora pasatzean, hau da, jende gehiagorekin erlazioak izateko gogo hori ez duela sentitzen, ez zaiola ezer pizten. Ulergarria izango litzateke, baina, hori ere ez da asexualitatea. Hori aerotika litzateke. Erotika falta edo eza, aerotismoa.
Etiketak horrela jartzea arriskutsua al da?
Dena joan-etorrien barruan dago. Nik beti esaten dudan zerbait da zertarako jarri hainbeste etiketa azken batean ohean, sofan edo garbigailuaren gainean egiten duzunean garrantzitsuena barreak, arnasestuak eta zizpuruak baldin badira? Garrantzitsuena norbera bere buruarekin ondo egotea da, bikotea baldin baduzu edo sexu bikotea edo bikote erotikoa, gustura egotea. Gauzak ahalik eta ondoen joatea.
Sexu harremanetan, beti esaten den kontua da modu askotakoak daudela.
Bai, pertsona adina modu daude. Hori izaten da arazoetako bat, bereziki mutilekin, zoritxarrez, sexua eta erotika koitora ixten dutenean. Bagina koitoa eta orain boladan jartzen ari den ipurdi bidezko koitoa. Ondorioz, denetariko kasuak ikusten ditugu. Beti pozik ez dauden bikoteak, esaterako, koitoak ez baitu asetzen beti.
Mitoak aipatu dituzu lehen. Euskaldunak eta sexuarekin loturikoak ere badira.
Euskal kulturak duen gauza berezietako bat kuadrillaren irudia da. Izugarrizko garrantzia du euskaldunen bizitzan. Ama edo familia dago lehenbizi, gero bikotea eta ondoren kuadrilla. Kuadrillak sektarismo puntua du, kontrol soziala. Zenbat aldiz entzun dugu euskaldunek hemen ez dutela larrua jotzen, baina, Euskal Herritik kanpo daudenean zer? Orduan bai. Kuadrillarik gabe, familiarik gabe, zer esan, zer entzun, zer ikusi... Horrelakorik gabe, normalean ez da arazorik egoten. Hori bai, euskaldunok sedukzioaren munduarekin nahiko kontu baditugu konpontzeko. Hankamotz samar gaude hor. Zalantzak izaten ditugu, ezezkoak jasotzeko beldurra, ausardia falta.
Adinari buruz zer esan dezakegu?
Sexua jaiotzetik hiltzen garenera arte dugu. Sexua eta sexualitateak ez dute adinik. Bi urteko haurra gorputza aztertzen eta ukitzen hasten da, nahigabe genitalak igurtzi eta gustatu egiten zaiola konturatzen da, eta errepikatu egingo du. Bere sexualitatea ezagutzen ari da, bere plazera, bere erotika, eta horrek ez gaitu beldurtu behar. Oso ohikoa da beldurra kasu horietan. Adinekoen kasuan ere gogoa izateaz gain, lortzen dute, oztopoak oztopo, sexualitatea lantzea.
Mugak ez zaizkio jarri behar, beraz?
Mugak jartzen zaizkionean, mugak zeharkatzean edo gainditzean konturatzen zara mugaz besteko hori oso gustagarria izan daitekeela. Hori izan du sexuak urte askotan zehar. Debekatuta zegoenez, debekatutako hori beti da tentagarria eta probatu nahi duzu, eta fruitu goxoa dela konturatzen zara. Orain, pixkana, irekitzen ari gara, eta horregatik ere xarma galtzen ari da. Sexua sexu huts bihurtzen denean, etengabeko errutinan sartzen denean, ez da hain berezia.
Eta generoa?
Eraketa kulturala da generoa. Gizonek eta emakumeek zer paper duten bizitzan eta gizarte honetan. Egia da kulturak aurrera egiten duen heinean generoak aurrera egiten duela. Bai onera, baita txarrera ere. Gauza asko daude lantzeko eta kontrastatzeko. Izan ere, biologian, jostailuekin, esaterako, neskei utzi behar zaiela kamioiekin jolasten eta mutilei panpinekin esaten da. Nahi duena aukeratzen utziko diogu bai neskari bai eta mutilari ere. Biologikoki ikusia dago eta esperimentu asko egin dira, gehienetan mutilek nahiago dituztela mugitzeko gauzak eta neskek zaintzekoak. Mutilari panpina ematen badiozu agian ezpata moduan erabiliko du. Neska bati, berriz, ezpata ematen badiozu, agian landatu eta sagarrondo zoragarria dela esango dizu. Baina, beti utzi behar zaie aukeratzen.
Guztia norbere burutik hasten da.
Inor maitatzeko lehendabizi zure burua maitatu behar duzu, eta ez maitatu soilik. Baizik eta edozein sentimendu edo pentsamendu lehenbizi zugan bizitzen badituzu askoz errazago ikusiko dituzu besteengan, eta askoz errazago ulertuko dituzu.