Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

[Oholtzapetik] Mugak gainditzen

Jexux Murua 2017ko irailaren 26a

Argazkia: Alberto Elosegi/Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Mikel Artolari egokitu zitzaion botatzea 17. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen bertsoa, larunbatean, Baigorriko ezker-paretean.

Mugak izan zituen hizpide alegiarrak lehen agur bertso horretan, han ginen asko Baigorri bidean igarotzera behartua izandakoa, eta sentitzen zituen beste batzuk. Mugen aitortza eginik, ordea, baieztapen sendoan josi zuen bere nahia azken arrazoian. «... mugak gainditzeko dira!».

Gain ezarriak ditugun muga geografikoan, bertsolariak txapelerako bideak gainditu beharrekoetan, edo gutako bakoitzak senti ditzakeen beste hainbatetan pentsatzen jartzeko bide eman zigun Mikelek, unetxo batez bada ere. Bada zerbait.

Txapelketa irudikatzeko, zeru urdina sapai duen zelai zabal berde oztoporik gabea, han, urrun-urrun ageri den zuhaitz ilara salbu, proposatu digu Bertsozale Elkarteak; eguzki epeletan haize brisa goxoa irudikatzen digu gainera. Badakigu ez dela horrela, zeharkatu eta gainditu beharreko mugarri eta mugaz jositako joko-zelaia dela gurea, eta haize zakar eta ekaitz latzak zeharkatzen dutela sarri. Baina, Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Nafarro osotik eta Zuberoatik hurbildutako euskaldunak bildu ginen herri behenafarrean bertsoa lotura, euskara hizkuntza frankoa duen herriaren zelaian, antolatzaileek proposatu bezala, halakoxe giroan. Hori, zerbait baino gehiago da!

Irakurri hemen Baigorriko saioaren kronika. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!