Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Mikel Artolak bosgarren egin du Baigorrin

Ataria 2017ko ira. 23a, 18:56

Alaia Martinek irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen final-laurdena, 712 puntu eskuratuta. Zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara.

Bigarren sailkatu da, alde handiarekin, Aimar Karrika auriztarra 651,5 punturekin. Hirugarren egin du Beñat Ugartetxeak eta laugarren Ander Lizarraldek.

Artolak txukun bete ditu lanak eta bereziki nabarmendu da ofiziotan, zortziko handian Aimar Karrikarekin eta hamarreko txikian Alaia Martinekin. "Komisaldegitik deitu dizute agertu dela esanez" gaiari umorez erantzun dio alegiarrak, mugikorra galdu duenaren paperetik.

Finalaurrekoetara zuzenean sailkatu da Alaia Martin Baigorrin lehen tokian sailkatu ondoren. Honenbestez, Irunen kantatuko du azaroaren 1ean, Maialen Lujanbiorekin, Aitor Sarriegirekin eta lehen fasetik sailkatzen diren beste hiru bertsolarirekin batera.

Datorren asteburuan jokatuko dira hurrengo bi final-laurdenak. Seguran, larunbatean, irailak 30, Ander Fuentes Iturri, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi arituko dira Beñat Iguaran amasarrarekin batera; eta Leitzan, igandean, urriaren 1ean, Oihana Iguaranek ondoan izango ditu Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra eta Unai Agirre.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!