Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Nagusiak dira txapelketa eta bertsogintza

Jon Miranda-Ane Urkola 2017ko ira. 22a, 07:48

Ez da ekimen isolatua. Bertsolaritzarena mugimendu zabala eta dinamikoa da, jende asko dago, modu batera edo bestera, lan horretan inplikatuta. Etengabeko jarduera horren isla da Bertsolari Txapelketa Nagusia.

Ekimenak oihartzun zabala lortzen du eta inportantea da zurrunbilo horren azpian dagoena zer den begi-bistatik ez galtzea; are gehiago, herriz herri, plazaz plaza, eskolaz eskola, egunez egun dabilen bertsoa erdigunean jarri eta egiten den jarduna ezagutzera emateko baliatzen du txapelketa Bertsozale Elkarteak.

XVII. edizioa du bihar abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta elkarteak antolatzen duen bederatzigarrena da. Gerra aurrean bi txapelketa egin ziren, beste lau 60ko hamarkadan eta etenik gabe, ia lau urtez behingo maiztasunarekin egin dira 1980tik aurrera.

Bertsolaritza presente dago Euskal Herriko lurralde guztietan eta txoko horietako bakoitzean egingo du agerpena txapelketak. Tolosaldean ere modu ezberdinetara gorpuzten da bertsoa, eta hortaz, lau urtez behin jokatzen den egitasmoan izango du partea eskualdeak.

14 saiok osatuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusia eta saio horietako bat, urriaren 14ko final laurdena, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko da. 43 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan eta lau dira eskualdekoak: Mikel Artola, Beñat Iguaran, Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze. 18 lagunek osatzen dute gai jartzaile taldea eta bertan aritzen dira Iker Iriarte alegiarra eta Ion Zaldua billabonatarra. Eta 20 epailek osatzen dute edizio honetako taldea, tartean, Joakin Arregi zizurkildarrak eta Zigor Leunda billabonatarrak.

Amasa-Villabonako Udala egitasmoaren babeslea da beste hainbat erakunderekin batera, eta txapelketako saioak hartzen dituzten udalek ezinbesteko laguntza emango dute herri bakoitzeko saioa antolatzerakoan, bertako bertso-eskolekin elkarlanean. Tolosaldean, Harituz elkargunean biltzen diren kideek eta beste hainbat bertsozaleek lagunduko dute aurtengo txapelketaren antolakuntzan.

Bihar abiatuko da txapelketa Baigorriko ezker paretan. Oholtzaren gainean eskualdeko errepresentazioa Mikel Artola alegiarrak beteko du eta bere ondoan ariko dira Aimar Karrika, Ander Lizarralde, Alaia Martin, Beñat Ugartetxea eta Xabi Maia; agertokiaren atzealdean antolakuntzan ariko diren eskualdeko langileak; eta behean gu, Tolosaldeko bertsozaleak.

 

Txapelketa Nagusiaren jarraipen zabala 'Ataria'-n, euskarri guztietan

Tolosaldeak ordezkaritza izango du Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta bereziki, eskualdeko bertsolariek oholtza gainean egiten duten lana jarraituko du, TOLOSALDEKO ATARIA-k.

Tolosaldeko bertsolariek parte hartzen duten saio bakoitzeko kronika laburra eskainiko du www.ataria.eus webgunean eta gertatutakoaren berri zabalagoa emango du, iritziaren igurtziaz osatua, astearte eta ostiraleko aleetan. Txapelketa Nagusiak bere atal berezitua izango du Tolosaldeko euskarazko atarian.

ATARIA irratian, txapelketarekin batera abiatuko du denboraldia (H)ari naizela irratsaioak. Imanol Artola felix-ek gonbidatu izango ditu BTN17n parte hartuko duten eskualdeko bertsolariak eta behin lanak amaituta zein gorputzaldirekin geratu diren kontatuko dute asteazkenetan 20:00etan (saioa igandeetan errepikatuko da 15:00etan 107,6 fm-an).

Final-laurdenetatik eta abenduaren 17ra, BECen bukatu bitartean, bertsoaldi onenak izango dira entzungai irratian.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!