Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

«Egin ezazue zuena eta izan dadila denona»

Ataria 2017ko irailaren 21a

Atzo aurkeztu zen Villabonan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, parte hartuko duten bertsolariak bertan zirela.

Hitz horiek egin zituen atzo Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak aurtengo txapelketaren aurkezpen ekitaldian, eta bertsolariengana zuzenduta honakoa gaineratu zuen: «Egin itzazue ahalik eta ekarpen interesgarrienak, baina batez ere gozatu; hala gozatuko dugulako besteok».

Bertsolari Txapelketa Nagusirako Paxkal Irigoienek sortu dituen doinuak oinarri hartuta Villabonako Oinkari dantza taldeak prestatutako koreografiak zabaldu zuen ekitaldia. Ondoren hartu zuen hitza Aritz Zerainek, Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta urteko jarduera babesten duten erakundeei esker ona adierazi zien, baita elkartearen sostengu nagusi diren bazkideei ere.

Xabino San Sebastian eta Beñat Vidalek hitz egin zuten talde antolatzailearen izenean eta Nerea Bruño eta Iker Iriartek epaile eta gai jartzaile taldeen izenean, hurrenez hurren. «Borondatezkoek, soldatapekoek eta sortzaileek osatzen dugu taldea. Indar gehiagorekin edo gutxiagorekin baina lurralde osoan ari gara lanean. Horren ispilu da txapelketa», esan zuen San Sebastianek.

Bertsoa erdigunean

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen ekitaldian, ezin zuen bestela izan, bertsoak ere egin zuen agerpena. Subijana etxearen balkoitik aritu zen bat-batean Sebastian Lizaso eta aurreko txapelketan hainbat bertsolarik botatako puntuak ere entzun ziren megafoniatik.

Bertso jarriak eskualdeko Haritz Mujika eta Unai Mendizabalen eskutik etorri ziren. Tomas Lizardi gitarra jotzailea alboan zutela, txapelketa jarraituko duten «zaletu sufrituak» izan zituzten gogoan. Petoa daramaten boluntarioak, guraso zaletuak dituzten haurrak, euskaldun berriak, bertsolarien amak, saioetan aritzen diren audio teknikariak... guztiekin akordatu eta haien gorputzean sartu ziren Mujika eta Mendizabal gerturatutakoen barre algara eraginez.

Parte hartuko duten bertsolariengana zuzenduta, «txapelketaren bidea dena delakoa izanik eta lehiak lehia, jakizue bertsozaleen sarea zuen ondoan izango dela beti» esanaz amaitu zuen Muruak bere jarduna.

 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!