Irailaren 23an Baigorrin abiatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia eta abenduaren 17an bukatuko da BECen. Bide horretan, euskararen lurralde osoa zeharkatuko du, baita Tolosaldea ere, azken final laurdena Tolosako Beotibar frontoian izango baita, urriaren 14an. «Modu batera edo bestera bertsolaritza presente dago herri horietan guztietan eta horren isla da aurtengo Txapelketa Nagusia», esan du aurkezpen ekitaldian Jokin Castaños Bertsolari Txapelketa Nagusiko talde antolatzaileko kideak.
Ideia berean sakondu du Alaitz Rekondo, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak: «Bere ikusgarritasunean Txapelketa Nagusia ez da lau urtetik behin egiten den ekimen isolatu bat, urte luzez eta egunez egun Euskal Herriko herrialde guztietan bertsolaritza bultzatzen ari garen hainbat eragileren lanaren ondorioa da».
Tolosaldean bertsolaritzak bizi duen osasun onaren erakusgarri da, baita ere, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien kopurua. 43tik lau dira eskualdekoak: Mikel Artola, Beñat Iguaran, Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze. Lehen hiruak, final laurdenetan hasiko dute beren ibilia txapelketan eta Mendiluzek, duela lau urteko finalista gisa, azaroaren 12ko finalaurrekoan egingo du sarrera txapelketan, Durangon.
Bertsolariez gain, jende asko dago Txapelketa Nagusia posible egingo duena. Besteak beste, 18 gai jartzailez eta 20 epailez osatutako taldeak ere ariko dira lanean eta talde horietan daude Iker Iriarte alegiarra eta Jon Zaldua eta Zigor Leunda billabonatarrak. Horiei, borondatez lanean arituko diren bertsozale askoren lana gehituko zaie.
Txapelketari buruzko ataria prest dute www.bertsozale.eus wegunean eta ohiko informazioaz gain, bertsogintzaren inguruko hausnarketak bilduko dira adituen eskutik. TOLOSALDEKO ATARIA-k ere, jarraipen zabala egingo dio Txapelketa Nagusiari euskarri ezberdinetan.
SARRERAK DAGOENEKO SALGAI
Final laurdenetako sarrerak salgai jarri dituzte www.bertsosarrerak.eus atarian. Bestalde, finalaurrekoak eta finalekoak bazkideek bakarrik eskuratu ahal izango dituzte urriaren 2ra arte.
Aurten, bazkideek lortu ahal izango dute bakarrik abonamendua Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak argitu duenez: «Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei, haien inplikazioa eta ekarpena eskertzeko modurik onena dela iruditzen baitzaigu. Izan ere, Bertsozale Elkarteko bazkideak dira gaur aurkezten dugun Bertsolari Txapelketa Nagusi honen eta Bertsozale Elkarteak aurrera eramaten dituen bestelako hamaika ekimenaren sostengurik handi, fidel eta ezinbestekoena». Era beran, salmenta guneak ere izango dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko.
ENTRENAMENDU SAIOA, BIHAR
Harituz bertsozaleen elkarguneak antolatu eta Altzoko Udalak lagunduta, bihar Txapelketa Nagusirako entrenamendu saioa izango dute eskualdeko bertsolariek. Batzarremuño aretoan izango da, 19:00etatik aurrera. Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duten Mikel Artola, Oihana Iguaran eta Beñat Iguaran ariko dira bertsotan, Anoetako Txomin Azpirozekin batera. Imanol Artola felix amezketarrak jarriko ditu gaiak.