Emozioen pasabidea

Joxemi Saizar 2017ko ira. 13a, 09:41

'Albizuri Haundi' harria eta 1947ko jaialdian parte hartu zuten karga jasotzaileak.

Azken Muga proiektuaren barruan, Joxe Mari Oterminek Zaraten, ‘Emozioen estraperloa, mila eta bi istorio xume’ hitzaldia eskaini eta istorio horietako batzuren kontakizuna honako erreportajean jaso da.

Azkarate eta Bedaio arteko Zarate gaina gertaera askoren kokalekua izan da mendeetan zehar. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko muga horretan urte askotan mikeleteak izaten ziren merkantzia eta pertsonen trafikoa kontrolatzeko, baina amodio, apustu, heriotza eta bestelako gertakari askoren lekuko izan dira bertako basoak. Joxe Mari Otermin kazetari eta idazle amezketarrak hitzaldi batean laburbildu ditu duela gutxi, eszenatokian bertan.

Iaz hasitako Azken Muga proiektuari jarraipena emanez, aurtengo udan ere izan dira hainbat ekitaldi Zarateko gainean. Azkena, Joxe Mari Oterminek Emozioen estraperloa, mila eta bi istorio xume izenburupean lekuan bertan eman zuen hitzaldia. Amezketa bere jaioterriari buruz idatzi dituen dozena erdi liburuetan, eta zuzenean horren bila joan gabe, puntu estrategiko honi buruz jaso dituen pasadizo eta kontu ugari azaldu zituen bertan bildu ziren entzuleen gozamenerako. Gaiari buruzko liburua egitearen komenientzia ere aipatu zuen.

Entzuleei zentzumenak adi jartzeko deiarekin hasi zuen Oterminek bere saioa, bertako mendiak eta basoak ikusteko, zintzarriak, animalien soinuak eta baso-mutilen aizkora kolpeak entzuteko, azienda, onddo, udaberriko ziza, mantzanila eta zezina usaintzeko… Baina «paraje gaiztoa, bihurria» izanik, zentzumenez gain, emozioak eta sentimenduak ikustearen garrantzia azpimarratu zuen, bertatik pasa izan diren pertsonaia horien emozio eta sentimenduak, «mikeleteek astoen kartoletan zahagi ardoa, garia edo olioa miatuz ikusiko ez zituztenak».

Gaizkileen mugaldea deitu izan omen zaio Zarateri, 1200 urtetik aurrera Gaztela eta Nafarroa arteko muga izanda, gaiztakeriak egiten zituztenek mugaz bestaldera pasatzeko joera izaten zutelako. Muga zela frogatzeko, Gorritiko gaztelua egon zen harkaitza ere bertatik ikusten da, orain Santa Barbara ermita dagoen tokia. Lapur-sasi izeneko lekua ere gertu dago, Inpernuko erreka inguruan.

1801ekoa da kontatu zuen lehen istorio xelebrea, abuztuaren 8koa, larunbata. Tolosako azokatik zetozen Gorritiko emakumeak, Lekunberriko parrokoa eta beste lagun batzuk elkarrekin joatea erabaki omen zuten, bidelapurren beldurrez. Lau gizon atera, bi eskopetarekin eta bi labanarekin eta gauza dezente lapurtu omen zizkieten, «Bedaio eta Amezketa aldeko mendira joz», Zaratetik ziur.

1812ko azaroaren 7an Betelun bizi zen emakume amezketar bat pasatu omen zen bere jaioterriko udaletxera bidean, Neverseko kartzelan zegoen senarra aska zezaten agiriak eskatzeko, aurretik semea frantziarren kontra zebilela Aramaion hil zutelako, ezpata kolpe batez lepoa moztuta.

Apustu kontuak ere agertu zituen kazetari amezketarrak. Adibidez, Albiztur eta Amezketako gazteen artean pilotan egindakoa 1831n. Albizturtarrek errebantxa eskatu omen zuten Amezketan galdu ondoren, eta Lizartzan jokatu zen uztailaren 28an, orduan garaipena lortuz. Zaratetik pasako ziren orduan ere joan-etorrian Aralarko artzainak.

Albizuri Haundi harri famatua bertatik pasatu omen zen XIX. bukaera aldean. Orain arte erreka-harria zela uste bazuten ere, Intzako plazako botarria zela esan zuen hizlariak. Amezketan harri hori jasoko zuenik ez zela bota omen zuten desafioa nafarrek 1875-80 inguruan eta Albizuri haundi deitzen zioten Zuriarrain abizeneko gizon indartsuak gauez joanda proba egin, altxa eta desafioa onartu eta irabazi omen zuen, bi ontzurre eta harria lortuz. Horren testigu ere izango ziren Zarateko zuhaitz eta lurrak.

1907an korrika apustu famatua izan zen Tolosatik Lekunberrira. Korrikarako zaletasun handia izan da Zarateren bi aldeetan. Ordurarte Euskal Herriko korrikalaririk azkarrena Manuel Mujika amezketarra zela esaten zen. Miguel Argiñarena entrenatzaile zuela lortu zuen hori, baina Mujikak bere babesa utzi eta Arruitzeko Francisco Etxarri Napar zaharra esaten zioten mutil gaztearekin  apustua egin zuen urtarrilaren 29an. Milaka pertsona bildu ziren Betelu inguruan eta Lezaeta aldapa horretan eta izugarrizko dirutzak jokatu omen ziren. Hiru segundo aurretik pasa zen Mujika Betelun, lehen apustua irabaziz, baina Azpirotzeko aldapan ito eta lasterketa utzi zuen, bigarrena galduz. Hurrengo egunean Zaratetik pasatu zen galtzailea. Esaten da Mujikak apustua galdu, baina diru asko irabazi zuela, eta etxea eta artaldea erosi zuela diru horrekin. 

Garai batean pilotan luzean jokatzen zen, tenisean bezala, aurrez aurre. XIX. mendearen bigarren erdian hasi ziren frontoiak egiten eta Amezketakoa izan zen lehenengoetakoa, 1888-89an. Betelu eta Arribetik jende asko joaten zen Amezketako frontoira pilota jokatzera. 1892an sekulako pilota eguna izan omen zen, goiz eta arratsaldean, inguruko herrietako gazteen artean partidak jokatuz. Egun hartan ere Zaraten oihu irrintzi eta malkoak izango ziren.

Estraperloan edo merkatu beltzean gauza guztien gainetik gosea pasatzen zela alde batetik bestera esan zuen Oterminek hitzaldian eta 1894ko istorio tristea azaldu zuen. Bi amezketar zetozen mandoarekin, alde banatan bi zagi zituztela, mikeleteek alto eman, borrokan hasi eta 19 urteko mutil bat hilda suertatu zen, Olaia baserrikoa.

Duela 60 urte Amezketako bikoteei ezinezkoa zitzaien Tolosara joatea igande arratsaldean eta elkar ikusteko ia aukera bakarrak inguruko festa handiak izaten ziren: San Migelen, Larraitzen, Azkaraten... Beraz, pasadizo handia izango zen horrelakoetan gain horretan.

Seguru asko Santiago bide txikiren bat ere bertatik pasako zela aipatu zuen, Manuel Lekuona eta Leandro Silvan historialariak esaten dutenez. Garai batean erromesek gainetatik joateko joera zutela aipatu omen zuen Lekuonak, bailara eta haran zuloetako bidelapurren arriskua ekiditeko. Gainera, San Martinen debozioa erromesek ekarri zuten Frantziatik (ermita dauka Amezketan, aterpetxoa daukana) eta Jakuetxe izenekoa bada herri horretan.

Azkenik, San Inazio 1522an Iruñean zauritu eta Loiolako jaiotetxera bidean nondik joan zen argi ez badago ere, Zaratetik joatea posible dela esan zuen Jose Mari Oterminek, bere izeba Amezketako Jauregi handiko etxekoandrea zela kontuan hartuta. 

Bedaio eta Azkarate arteko pasabide horrek garai batean gaur egun duena baino bizitasun handiagoa izan zuela argi dago, azken 40 urtetan galdu dena, eta hori gogoratu eta ahal den neurrian berreskuratzeko, ekitaldi gehiago ere izango dira uda-udazken honetan bertan, Azken Mugan bilduta.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!