Olatuek erritmoa, eta estropuek musika

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 8a, 10:43

Eskualdeko arraunlariak prest dira, Kontxako banderaren bigarren jardunaldiari aurre egiteko; zerotik hasiko dira.

Platera edo olio-putzua. Bietako edozein izan zitekeen, joan den igandean, Kontxako badia eta inguruko itsaso zabala. Kortak berak ere halaxe esan zuen, telebistako kamerei begira: «Gaur artean, behin bakarrik ezagutu dut halako girorik: San Pedrok errekorra egin zuenean». Gogoan omen du, Libia bi aldiz nola irakur zitekeen: traineruan eta uretan.

Joan den igandean ez zen Libiarik islatu uretan, eta ezta Bou Bizkaiarik edo Ama Guadalupekoarik ere; azkarregi zihoazen, eguzkiari ezer islatzen uzteko. Errekorra bi aldiz hautsi, eta lurpean utzi zuten, oriotarrek lehen txanda amaieran izan zezaketen poz txiki hura: «Akaso aurten bai, akaso bai!».

Horrelakoa da, ordea, arrauna: gozoa baino gaziagoa, joko-eremuari men eginez. San Juango batelerek ere gehiago izan zuten gazitik, gozotik baino, Hibaikako arraunlarien astroak, eurenak baino lerratuago esnatu baitziren lehen jardunaldian.

Ezer gutxi dago, ordea, erabakita. Eta, alde txikiei eta grina handiari gerta dakiokeen onena gertatuko zaio, antza, badia magikoan: datorren igandean, olatuek markatuko dute erritmoa, eta estropu eta arraunen arteko urratzeak jarriko du musika.

 

Ioana Alijostes. San Juan

«IGANDEA ZEROTIK HASTE BAT IZANGO DA GURETZAT, 2,66KO ALDEAZ KONTZIENTE IZANDA ERE»

«Hibaikak aurrea hartzea ez zen ezustekoa izan. Denboraldi osoan parean ibili gara, eta aukeren barruan sartzen zen emaitza hori».

«Arraunlariok esaten dugu urteko aste luzeena izaten dela. Hala ere, taldea oso zentratuta dago, eta entrenamendu onak egitea da aste honetako helburua, zenbakiak burutik kenduz».

«Bandera irekita dago. Itsaso txarra iragarri dute, eta bi segundoko aldea ezerezean geratzen da. Hala ere,hori alde bezain kontra etor daiteke. Guk bi segundo horiek gainditu ditzakegu, baina beraiek aldea hirukoiztu dezakete».

«Igandean estropada zerotik hasten da guretzat, jakinda, 2,66 segundo horiek gure kontra ditugula. Geure burua oso gai ikusten dugu alde horri buelta emateko, estropada askotan egin izan dugulako. Beraz, estropada txukun bat egitea dagokigu orain, eta konfiantzaz irtetea».

 

Endika Lopez. Hondarribia

«GU BALDINTZA TXARRETAN HOBETO MOLDATZEN GARA, EZ BAITA INDAR HUTSA»

«Egia esan, liga osoan barrena, sekulako maila erakutsi dugu Urdaibaik, Oriok eta guk eta, joan den asteburuan ere, baldintza oso onetan, bi ontzi oso azkar ibili ginen. Ez da erraza marka horiek haustea».

«Tartea oso txikia denez, nabari da presioa. Hala ere, urte osoan bezala, lana oso ondo egiten ari gara, eta uste dut lehengo igandean ere erakutsi genuela, bagarela gai Urdaibai adina ibiltzeko. Horretan saiatuko gara».

«Gu baldintza txarragoetan hobeto moldatzen gara, ez baita indar hutsa izaten; teknika ere eskatzen du itsaso txarrak».

«Lau segundo ez dira ezer, eta gutxiago itsaso txarrarekin: edozein olatuk sekulako aldea marka dezake, alde edo kontra».

«Beti amesten duzu Kontxa irabaztearekin, eta oraintxe esku-eskura daukagu bandera. Sekulako saria litzateke niretzat».

 

 Myriam Aizpurua. Orio

«GUK BADAKIGU IRABAZTEA ZAILA IZANGO DELA, BAINA GURE LANA EGITERA IRTENGO GARA»

«Guk badakigu bandera irabaztea zaila izango dugula. Lehenago ere, denboraldi osoan beren atzetik ibili gara, eta badakigu gu baino koska bat gorago daudela. Hala ere, gure lana ondo egiten baldin badugu eta, iragarri duten bezala, itsaso txarra baldin badago, edozer gerta daiteke. Mutilak ere horrelaxe daude, eta inork ez du beraiekin itxaropena galtzen. Beraz, guk zergatik ez?».

«Gure lana behar bezala eginez gero, itsaso txarrarekin ibiltzen badakigu. Baina urduritasunak ere lan handia egiten du, eta gaizki hasiz gero, zaila da horri buelta ematea. Eta itsasoan dena ondo egin beharra dago, bestela oso atzean geratzen zara, eta desberdintasunak hazi egiten dira normalean. Gu gurea egitera joango gara eta, gustura geratzen baldin bagara, nahikoa».

«Igandean erabakiko da bandera, eta itsaso horretan ibiltzen asmatzen duenak bandera etxera eramango duela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!